Euskararen aldeko mezuz jantzi nahi dituzte Euskal Herriko bazterrak
Euskal Herriko kaleak euskararen aldeko mezuz betetzeko helburuz, Harrotze Astea antolatu du Euskal Herria Euskaraz elkarteak; apirilaren 22tik 28ra deitu dituzte mobilizazioak. Astran aurkeztu zuten atzo, eta azaldu dutenez, ekimen honen bidez, borrokarako “motibazioa eta ilusioa” berreskuratzea bilatzen dute.
Apirilaren 22tik 28ra Euskal Herriko bazter guztiak euskararen aldeko mezuz, pegatinaz eta margolanez atontzea dauka helburutzat atzo (martxoak 11) Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak Astran aurkeztu zuen Harrotze Astea ekimenak. Astebetez, euskararen aldeko borrokak ikustarazteko eta indartzeko, Euskal Herri euskalduna aldarrikatzeko eta Euskararen Errepublikaren beharra sozializatzeko antolatu du ekimen nazionala EHEk, Ibon Leibar elkarteko kideak azaldu zuenez.
Euskarak bizi duen egoera “kaxkarrean” murgilduta, euskararen aldeko borrokei ikusmena ematea da ekimenaren helburua. Euskaltzaleek borrokarako “motibazioa eta ilusioa” berreskuratzea bilatzen dute elkartetik, baita herritarrei kontzientzia piztea, politizatzea eta mezu politikoei hedapena ematea ere.
Antolatzaileek iritziz, euskararen eta euskaldunen aurkako zapalkuntza bat ematen ari da gaur egun; “zapaltzaileen” artean kokatu dituzte instituzio, alderdi, sindikatu, enpresa eta eragile batzuk, eta uste dute horiei “markaketa egiteko aste ezinhobea” dela apirilekoa. EHE urterik urtera sendotzen doan komunitatea da, eta ekimen honen bidez “taldea handitzea eta indartzea” espero dute. Horretarako, euskararen alde diharduten erakunde guztiekin elkarlanean aritzeko prestutasuna adierazi dute.
Elkartekoek ezinbestekotzat dute “herritarren kontzientzian eragitea”; hau da, herritarrak euskarak bizi duen egoera makalaz konturatzea nahi dute. Horregatik, apirilaren 21tik 28ra egingo dituzten ekintzen bitartez, kale paisaian, udal eta erakunde publikoen erabakietan, herritarren jarreran eta hezkuntza arloan eragin nahi dute.
Borroka-lerroak, zehaztuta.
Helburuok lortzeko asmoz, elkartetik borroka-lerro batzuk zehaztu dituzte. Ekimenaren erroa kale paisaiak euskalduntzea da; horretarako, Euskal Herriko bazterretan ezabaketak egitea, pegatinak itsastea, kartelak kentzea eta jartzea eta margoketak egitea eskatu dute. Mezuak herritarrengana helarazteko, kaleak hartzea proposatzen dute. Aldarrikapenak zabaltzeko, elkarretaratzeak, baterajotzeak, geldiuneak, manifestazioak, desfile musikatuak eta ekintza sinbolikoak antolatu dituzte.
Aniztasuna nagusi da Euskal Herrian. Horren erakusle da euskara “arrotz duten” herriak ere badaudela; gune horiek euskalduntzera bidean, kaleak euskal kulturako ekimenez betetzea da elkartearen asmoetako bat. Lan-lerroekin bukatu aldera, erakundeak eremu digitalean tokia egin nahi duela azaldu dute. Sare sozialek “horrenbesteko garrantzia” daukaten momentu hauetan, sareetan presentzia eduki gura dute. Horretarako, sareetara bideratutako ekintzak antolatzea, muntai harrigarriak zabaltzea eta pantaila-grebak egitea proposatu dute.
Ibon Leibar: “Harrotze Asteak herrietan, lantokietan edo ikasguneetan egun martxan dauden borroka konkretuak ikustearazteko eta bultzada berri bat emateko aukera ematen digu”.
EHEekoek gogorazi dutenez, historian zehar, euskararen aldeko “milaka” borroka ekin dituzte euskaldunek. “Harrotze Asteak herrietan, lantokietan edo ikasguneetan egun martxan dauden borroka konkretuak ikusarazteko eta bultzada berri bat emateko aukera ematen digu, baita gure inguruan euskaraz bizitzeko ditugun mugak antzeman eta horiek gainditzeko borroka berriak abian jartzeko ere”, dio Leibarrek.
Aldarrikapen eta mugimendu guztietan bezala, EHEek ere kolektibo batzuk seinalatu nahi ditu: espainiar eta frantziar estatuak eta horien instituzioak, euskararen aurka egiten duten pertsonak, erakundeak, taldeak eta enpresa multinazionalak, batez ere.
Harrotze Astean ahalik eta euskaldun gehienek parte hartzea da antolatzaileen nahia. Hala, ekimenarekin lotutako jarduera guztiak #EuskarazTaHarro traolarekin identifikatuko direla azaldu dute. Bestalde, tokian toki zein nazio mailan egingo diren aldarrikapen zehatz guztiek aurretik “Euskaraz bizitzeko,…” formula izatea eskatu dute; adibidez, “Euskaraz bizitzeko… mediku euskalduna!”.
Nazio mailako ekimenak.
Euskararen aldeko astearen helburua mezuak Euskal Herriko txoko guztietara iristea bada ere, argi dute mezua ahalik eta jende gehienarengana heltzeko nazio mailako ekimenak antolatu behar direla. Gauzak horrela, nazio mailako bost ekitaldi antolatu dituzte.
Lehenengoan, euskara hizkuntza ofiziala bihurtzeko aldarrikapena egingo dute, eta, horretarako, Nafarroa eta Behe Nafarroako toki sinbolikoetan pankarta erraldoiak jarriko dituzte. Bigarrenean, Erasotzaileei aurre egin lelopean, “euskararen erasotzaileak” diren erakundeetako Donostiako eraikinak euskararen aldeko mezuz beteko dituzte. Horrez gain, euskararen aurkako legeen inguruko antzerki bat antzeztuko dute epaitegien aurrean.
Aldarrikapenekin jarraituz, hirugarren ekimena, euskara hutsezko hezkuntzaren aldekoa izango da; ekimena Bezkoitzeko Ikastolarekin elkarlanean antolatuko dute eta zehazteko daude egingo dituzten ekintzak. Laugarrenean, Bilboko kaleak hartuko dituzte:” Aburtok manifestazioak espaloitik egitea eskatu zuen, eta berari kasu eginda, euskararen aldeko ordenantza bat egitea eskatuko diogu espaloietatik joango den kalejiran”. Bosgarren eta azken ekimena, berriz, Baigorrin ospatuko den Nafarroa Egunerako antolatu dute; han, adierazpen bat irakurtzeaz gain, “ikusgarriak” izango diren pankartez beteko dute herria.
Korrika, aukera “paregabea”.
Ikusgarritasuna eta bisitak lortu aldera, elkartetik aukera “paregabetzat” jo dute Korrika. Izan ere, EHEek Iruñan izango du bere kilometroa eta testigua Nafarroako Parlamentuko kideei pasatuko diete. Hori baliatuz, euskararen aldeko ekintzaren bat edo beste egingo dutela aurreratu dute.
Aurrerantzean, antolatuko dituzten ekimenen inguruan jakin nahi dutenek edo elkartearekin harremanetan jarri gura dutenek komunitatea@ehe.eus helbidera idatzi dezakete.