Busturialde "duin" bat aldarrikatu dute
Eskualde "duin" bat lortzeko helburuz, Busturialdeko Ernaik lau aldarrikapen luzatu zituen zapatuan (martxoak 9) aurkeztutako dinamikaren baitan. Euskara, emantzipatzeko arazoak, gazteen lan-baldintzak edota eskualdean egin nahi diren proiektuen inguruan hitz egin zuten.
Busturialdeko eskualdea proiektu eta albiste askoren epizentro izan da azkenengo hilabeteotan. Horren aurrean, eskualdean egin nahi dituzten proiektuek izan dezaketen ondorioekin kezkatuta, Busturialdeko Ernaik bizi-baldintza duinen inguruko dinamika bat aurkeztu zuen zapatuan (martxoak 9), Mundakako Santa Katalinan.
“Zelako Busturialdea gura dugu gazteok?”. Galdera horri erantzuten dio zapatuan eskualdeko Ernaik aurkeztutako dinamikak, eta lau dira beraien eskaera garrantzitsuenak. Lehenak, hizkuntzarekin dauka zerikusia: “Gazteok gure hizkuntzan bizi nahi dugu: euskaraz. Azkenaldian nabarmen jaitsi da euskararen erabilpena”. Jakinarazi zutenez, Gernikako gazteen artean, hamarretik lauk baino ez du euskaraz hitz egiten; bermeotarren artean, gazteen %8ak baino ez du hitzegiten. Zehaztu zutenez, Ernairen helburu nagusienetakoa da egoera horri “buelta ematea”.
Egin zuten bigarren kritika, gazteok gaur egun emantzipatzeko dituzten “zailtasunen” ingurukoa izan zen; gurasoen etxetik irtetzeko “gaitasuna” izan nahi dutela aldarrikatu zuten. Izan ere, Ernairen datuen arabera, ia 30 urterekin emantzipatzen dira gazte gehienak, eta soldataren erdia etxea ordaintzera bideratzen dute.
Alokairuekin jarraituz, pisu turistikoen gaia jorratu zuten. Azkenaldian eskualdeko pisu turistikoen zifra igo dela eta horrek alokairuen prezio igoerari “nabarmen eragin diola” adierazi zuten. Etxebizitza “eskubide” bat izan behar dela, eta “espekulatzeko tresna bat” izateari utzi behar diola aldarrikatu zuten.
Aldarrikapenekin jarraituz, gazteek lan-baldintza “onak eta duinak” nahi dituztela azpimarratu zuten. Gazte gehienek kontratu gabe egiten dutela lan salatu zuten; ostalaritza lanak, umeen zaintza, entrenatzaile lanak eta partikularretako irakasleen adibideak eman zituzten. Aipatutakoak “epe laburreko” lanak izateaz gain, baldintza “kaxkarretan” egiten diren lanbideak direla gaitzetsi zuten.
Azkenik, naturarekin duten konpromisoa “berretsiz”, eskualde “jasangarri” baten nahia zabaldu zuten. Eskualdean martxan jartzen dabiltzan proiektuek “turismo masiboa” bultzatzen dutela azaldu zuten. Horren aurrean, Busturialdeko Ernaik “ez Guggenheimik ezta Gaztelugatxerik” ez duela nahi gogoratu, eta Urdaibai “babestu eta zaindu” behar dela nabarmendu zuten. Laburbilduz, gazteek eskualde “duin” bat nahi dutela aldarrikatu zuten.