Bertoko sendabelarrak ezagutu dituzte bermeotarrek
Gaizka Sanchez naturopatak sendabelar ezberdinak bereizteko gomendioak eman zizkien bertaratutakoei.
Bertoko sendabelarrak ezagutzeko irteera antolatu zuen Bermeoko Berbalagunek aurreko eguenean [martxoak 6]. 17:30etarako zuten hitzordua, eta Gaizka Sanchez naturopataren laguntzaz, Kurtzio auzotik abiatu ziren sendabelarrak bilatzera.
Sanchezen laguntzaz, bertaratu zirenek horma-belarra, asuna, artzain-zakua eta luki buztana bereizten ikasi zuten, besteak beste. Horrez gain, horietako bakoitza noiz jaso behar duten, nola gorde behar den eta zertarako erabili daitekeen azaldu zien naturopatak.
Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute: “Benetan interesgarria eta oso praktikoa izan zen, edonork etxean egiteko modukoa”. Adierazi dutenez, parte hartzaileak Sanchezek esandakoak koadernoetan apuntatzen aritu ziren, ez zutelako ezer ahazterik nahi.
Bermeoko Berbalagunek eskerrak eman dizkie irteeran parte hartu zuten guztiei, eta bereziki Sanchezi, “maisutasunez eta pazientzia handiz hain arratsalde berezia eskaintzearren”.