"Aniztasunaren seinale da lehendakaritza taldea"
Bertsozale Elkarteak lehendakaritza taldea berritu du urteko Batzar Orokorrean. Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Ainhoa Urien izango dira berriak eta Xabi Igoak jarraituko du aurreko taldetik.
Aurpegi berriak dakartza Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeak, baina ez dira ezezagunak. Onintza Enbeita bertsolari muxikarrak, Sustrai Colina urruñarrak eta Ainhoa Urien abadiñarrak hartu dute aurrekoen lekukoa, eta eurekaz batera ariko da Xabier Igoa aramaiotarra, aurreko taldearen kide ere bazena. Hain zuzen ere, Maialen Lujanbiok, Beñat Gaztelumendik, Igor Elortzak eta Miren Artetxek eman diete lekukoa.
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Ohiko Batzar Nagusia izan zen atzo (martxoak 10), Aguraingo udaletxeko osoko bilkura aretoan, eta bertan hartu zuten erabakia. 11:00etarako zeuden deituta bazkideak, eta ez zuten hutsik egin: bete egin zuten aretoa. Gai ordenan, ugariak izan ziren jorratzeko puntuak, baina ren erreleboak izan zuen interesik handiena. Aldaketaren erabakia aho batez hartu zuten bazkideek. Hala, lehendakaritza talde berria Bertsozale Elkartearen zuzendaritzara batuko da, eta sailetako arduradunekin, Lankuko zuzendariagaz eta lurraldeetako elkarteetako lehendakariekin batera partekatuko du Bertsozale Elkartearen gidaritza.
“Ilusioz” hartu du erronka Enbeitak, erronka handia dela jakitun: “Argi dagoena da ez dela lan erraza izango, Bertsozale Elkartea martxan doan tren luzea delako, urte askotako ekipamendua daramana, eta gu tren horretara sartuko garelako, dagoeneko badauden langile eta proiektuen bidelagun izatera”. Azpimarratu du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak gaur egun hartzen duen “lan esparrua oso zabala” dela. “Beraz, ilusioa badut, baina ikasteko gogoa eta aldatzeko gogoa ere bai”.
Muxikarrak esan du elkartea sortu zenetik “oso argi” izan dutela eragiteko arloak zeintzuk izan behar diren: sustapena, tradizioa, hedapena eta ikerketa. Hala ere, 2018ko gogoetan, zehar-lerro batzuk zehaztu zirela gaineratu du: belaunaldiartekotasuna, lurraldetasuna eta generoa edo feminismoa. “Alde batetik, ikasi eta ulertu behar dugu zergatik diren garrantzitsuak sustapena, hedapena, komunikazioa eta ikerketa, eta saiatu behar gara zehar-lerro horietan eragiten eta horiek erreal bilakatzen. Beraz, badugu zertan eragin eta ikasi”. Enbeitak dio talde “ahalik eta anitzena” bilatu dutela hori bultzatzeko: “Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak egiten duen apustua beti da –eta, lehendakaritzaren zentzua ere hor kokatzen da– ahalik eta eragiletza anitzena izatea taldean. Eta, hain zuzen ere, lehendakaritza taldean sartu garen laurok leku oso desberdinetatik ailegatu gara bertsolaritzara, bai lurralde aldetik, bai ikuspegi aldetik, bai belaunaldi aldetik. Aniztasun horren seinale da taldea”.
Hain zuzen ere, onartu du 2018ko lan lerroei segitzea dela lehendakaritza taldearen asmoa: “Estrategikoki, gogoeta horretan erabaki zenari helduko diogu. Horrek ez du esan nahi hemendik urte batzuetara ez dela beste prozesuren bat egingo edo ez direnik beste erabaki batzuk hartuko. Baina momentu honetan, bertsozale elkartea hor dago, eta horretan eragin gura dugu”.
Hala ere, muxikarrak aitortu du Bertsozale Elkartean “borondatezko lana sustatzean” ere eragin gura dutela: “Nahiz eta arlo batzuetan eragileak edo langileak egon –sekulako lana egiten duenak–, borondatezko ekarpenari sekulako garrantzia eman zaio elkartean azken urteetan, eta guk hori indartu nahiko genuke: gazteen artean, zeozelan, militantzia eredu modura bultzatu nahi dugu elkartearen parte izatea. Ze, azkenean, bertsogintzan lan egitea bada modu bat euskal kulturan edo kulturgintzan lan egiteko. Hala, zehar-lerroetatik, eta betiko helburu estrategikoetatik aparte, borondatezko lanaren indartze eta eskertze hori garrantzitsua izango dela uste dugu”.
Asko dira aurrerantzean izango dituzten erronkak, baina hezkuntzan egiten duten lana aipatu du Enbeitak. Izan ere, gaur egun, Bertsozale Elkarteak bultzatuta, 29.000 gazte daude hezkuntza arautuan bertsolaritza ikasten. “Ume horietako askok, Euskal Herriko leku askotan, bertsolaritzako asteko ordu bakarra da euskarara eta kulturara hurbiltzeko duten modu bakarra. Ume horiengan guztiengan euskara, euskal kultura eta bertsolaritza ezagunak izatea bilatzen dugu, eta erronka handia da horretan segitzea”. Hala ere, Bertsozale Elkartea bertsolaritzak zein gizarteak daukan mugimendura egokitzea ere erronkatzat hartu du: “Gizartea eta bertsolaritza beti ari dira mugitzen, eta nik uste dut, elkarte modura, mugimendu horretan asmatu behar dugula. Batzuetan hori da zailena: elkarte modura jakitea aldiro mugitzen eta aldiro lekua hartzen”.
Hori guztia taldean egingo dute, eta horrek “askatasuna” ematen dio bertsolariari. Eta, elkartearentzat ere, uste du garrantzitsua dela taldeko lehendakaritza anitza izatea, bertsolaritza ere “oso anitza” delako. “Gaur egun, elkartetik kanpo, bertsolaritzaren baitan, badaude mugimendu autonomo asko euren izate propioa dutenak, euren lekua egiten dabiltzanak, eta horientzako guztientzako aterki eta babes izan behar da elkartea. Horregatik, uste dut aniztasun hori agertu behar dela lehendakaritzan”.
Lehendakaritza taldeko lekukoa hartzea, baina, ez da izan egun bateko kontua, hilabeteetako transmisioa baizik: “Orain dela hilabete batzuk hasi ginen lehendakaritza taldeko batzarretan egoten, eta arlo bakoitzagaz lan saioak egiten aritu garela, arlo bakoitza non dagoen eta nora eroan behar den jakiteko. Guretzako hori opari bat izan da, elkartearen barruan kokatzeko balio izan diguna. Guretzat, transmisioa egiteko modu hau, eta Igoak lehendakaritzan segitzea, berme bat da proiektu handi baten parte garela sentiarazteko. Eta proiektuak, gu joaten garenean ere, segitu egingo du, eta etengabe mugitzen joango da”.
Prozesuaren parte.
Lehendakaritza taldea berritu duten arren, ez da elkarteak aurkeztu duen berritasun bakarra. Izan ere, elkarteko koordinaziokoek jakinarazi dute erabakigune nagusietan “partaideen erreleboa eta funtzionamendua berritzeko” lanean ari direla. Horrez gain, elkarteak bere lan ildo nagusien irakurketa ere egin zuen: 2023ko kontuak eta 2024ko egitasmoa landu zituen elkarteko sail eta herrialde bakoitzak. Horregaz, “transmisioaren egungo irakurketa” egin zuten, eta bertso eskoletan eta beraientzako materialean jarri zuten begia.
Gehitu zuten bertsolariei buruzko ikerketa jarri dutela martxan, egungo bertsolaria zelakoa den jakiteko: “Bertsolarien ikerketaz harago, plazarena ere egin dugu, bertsolarien lan baldintzak hobetzea helburu. Eta, dokumentazio aldetik, bertso saioen agenda eta grabazioen zirkuitua berrantolatu dira”. Jakinarazi dutenez, berrikuntza horiek guztiak 2018an zehaztutako gogoeta “estrategikoen parte” dira, ze, gaur egun, prozesu horren erdian daude, “hamabi urterako zehaztu baitzuten”.