"Askatasunari muzin egiterik ez"
Busturialdeko udalerriak Martxoaren 8ko jardueraz osaturiko egitarauetan bete-betean sartuta daude. Bermeoko Mugimendu Feministak, Gernikako Sare Feministak eta Itaiak manifestazioak egin dituzte Gernika-Lumon zein Bermeon. Horrez gain, eskualde osoan haizeratu dituzte aldarriak.
Kaleak, aldarrigune. Eskariak, haizeratuta. Busturialdea Martxoaren 8ko egitarauetako ekimenetan murgilduta dago. Gaur [martxoak 8], hainbat herritan egin dituzte manifestazio, mobilizazio eta bestelako jarduerak; gainera, datozen egunetan ere aldarriak ez du etenik edukiko, beste egitasmo ugari egingo baitituzte. Gaur, 19:00etan, Bermeoko Mugimendu Feministak eta Gernikako Sare Feministak manifestazioak deitu dituzte; Bermeokoa Goiko Plazatik abiatu da, eta herriko kaleak gurutzatu ditu. Gernika-Lumokoa, aldiz, Merkurion hasi eta Pasealekuan burutu da.
Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrean egin bezala, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borroka nabarmendu da Gernika-Lumoko lehen manifestazioan, egungo pribatizazioaren eta emakumezkoen aitortza ezaren aurrean. Leloa argi askoa izan da: Gure bizitzekin negoziorik ez! Egungo zaintza sistemaren degradazioa “eskala txikira” ekarri daitekeela adierazi dute udalerriko sare feministako partaideek; era berean, udalari nahiz mankomunitateari zaintza mahaia sortzeko eskaria berretsi diete. “Herriko egoeraren diagnostiko erreala oinarri hartutako aldaketak sustatzen joan behar gara”, argitu dute. Arduradun politikoez edota instituzionalez harago, gizonezko norbanako denei ere mezua helarazi gura izan diete: “Hartu itzazue behingoz zuon erantzukizunak”.
Gernikako Sare Feminista: “Herriko egoeraren diagnostiko erreala oinarri hartutako aldaketak sustatzen joan behar gara”
Ez hori bakarrik: egungo gabeziarik, hutsunerik eta injustiziarik agerikoenak azpimarratu dituzte. Besteren artean, ondorengook nabarmendu dituzte: denetariko zaintza lanak emakumezkoen lepo egon behar izatea; Mankomunitateko etxez etxeko zerbitzua beste lau urtez Urgatzi enpresa pribatuari esleitzea, milioi eta erdi euroko gainerakoa eta itxaron zerrenda oso mardula egonda; zaintzaileak kontratatzen dituzten familientzako udal aholkularitza zerbitzurik ez egotea; udalak berdintasun alorrera geroz eta aurrekontu murriztuagoa bideratzea;Ā turismoaren pentsu dagoen herri eredua antolatzea; udala erasotzaileen edo konplizeen aurrean “abegikor agertzea”; edota Guggenheim Urdaibai makroproiektua herritarrei eta ingurumenari bizkar emanda eraiki gura izatea.
Bertaratutako guztien artean bertso hunkigarri bat lau haizetara abestuz borobildu dute mobilizazioa sare feministako kideek
Hori bai, arazo horiek seinalatzeaz gain, horiek konpontzeko borondateagaz eta arazoen aurrean “borrokatzeko” asmoz agertu dira. Egun seinalatua probestuz, ez dira falta izan Palestinaren nahiz pentsiodunen aldeko babes keinuak ere; hain zuzen ere, kausa biok bistaratu dituzte, banderekin zein ikurrekin. Ekitaldiaren amaieran, gazte eta nagusi bat eginik, beren-beregi sortutako bertsoa aho batez abestu dute: “Irabaztera etorri gara, zutitu ginen aspaldi, eta ez diogu muzin egingo gure askatasunari”.
Politika instituzionaletik harago.
Busturialdeko Itaiak ere mobilizaziora deitu ditu gaur, 20:00etan hasita, herritarrak; horiek ere Merkurion ipini dute hitzordua, eta Foru Plaza izan dute helmuga. Egun seinalatu hori zentzu iraultzailea berrezartzeko beharrezkotzat jo dute, “ospakizunetarako edota aurpegia zuritzeko” erabili ordez. Emakume beharginek jasan behar izaten dituzten esplotazio basatia eta zapalkuntza kulturala eduki dituzte ahotan Itaiakoek.
Busturialdeko Itaia: “Berdintasunezko politika instituzional itxuraz aurrerakoiek batez ere ertain klaseko emakumeei egiten diete mesede”
Bestalde, “itxuraz aurrerakoiak” diren legediak ere plazaratu dituzte: “Berdintasun politika horiek batez ere ahalmen ekonomiko eta legalak dituzten ertain klaseko emakumeei mesede egiten diete; hori, ordea, emakume langileen lepora izan ohi da”. Halaber, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hauteskundeen atarian, esparru instituzionala “bere aurpegirik aurrerakoiena” bistaratzen ari dela salatu dute. Zaintza sistema publiko-komunitarioa ere aipatu dute. “Mugimendu Feministatik, oro har, proposamen politikoak instituzioetara bideratuak daude, eta erakundeak aldaketara sozialerako tresnatzat dituzte. Horren atzean programa sozialdemokrata eta ezker alderdien hauteskunde interesak ezkutatzen dira”. Horregaz guztiagaz, politika instituzionalaren eta, zehatz-mehatz, sozialdemokraziaren “ogi apurrak” baino ez direla azaldu dute.
Busturialdeko Itaiak emakume langileak aktibo politiko bihurtzea, denek bizi baldintza berberak eduki ditzaten borroka egitea eta gizarte mailan etika komunista hedatzea aldarrikatu dute
Instituzio kapitalistaren “iruzurretik kanpo” atonduko den antolakuntza sozialista proposatu dute aterabide legez, eta hiru alderdi azpimarratu: batetik, “emakume langileak aktibo politiko bihurtzea”; bestetik, “denek bizi baldintza berberak eduki ditzaten borroka egitea”; bi horiez gain, “gizarte mailan etika komunista hedatzea”.
Eskualdeko udalerri handienetan ez ezik, beste batzuetan ere elkarretaratzeetan bildu dira: Ean, Ibarrangelun, Mundakan zein Sukarrietan. Mobilizazioez harago, denetariko kultur jarduerak edukiko dituzte han-hemenka datozen egunetan ere.