'Arteaga NM' kargaontzia bedeinkatu dute Muruetan
Muruetako ontziolak 'Arteaga NM' kargaontzia bedeinkatu du. Ekitaldia ohorezko aurreskuaren ostean hasi da, eta bertan egon dira Patrik Saitua eta Julen Karrion Gautegiz Arteagako eta Muruetako alkateak.
Muruetako ontziolak Arteaga NM kargaontzia bedeinkatu du gaur (martxoak 8), Muruetako instalazioetan, MAAS armadorearentzat. Ekitaldia ohorezko aurreskuaren ostean hasi da, eta gero bedeinkatu dute. Zinta mozketa Mechus Artetak egin du, eta bertan egon dira Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkatea eta Julen Karrion Muruetako alkatea.
Ontzi berriak diesel elektrikoko propultsio bat dauka, eta, horri esker, une bakoitzean behar duen potentzia erabili ahal izango duela zehaztu dute, baita “kontsumoa optimizatu” ahal izango duela ere. Murueta ontziolak MAAS armadorearentzat diseinatzen eta eraikitzen duen antzeko ezaugarrietako laugarren ontzia da, Mundaka NM, Katuxa NM eta Gernika NM ontzien ostean. Aurreko hiru itsasontzietan legez, Muruetako ontziolaren ingenieritza arloak egin ditu osorik ontziaren ikuskera eta diseinua. “Energia eraginkortasuna eta erregai berrien erabilera bilatu dugu”.
Enpresakoek azpimarratu dute “oso berezia” dela horrelako “puntako itsasontzia” uretaratzea: “Bizkaiko ontziola batean egiten ditugu ontziak, eta punta puntako nazioarteko ontzi enpresekin lehiatzen dugu. Lehentasuna eman diogu hemen ekoizteari”. Azpimarratu dute “ingerieritza, esperientzia eta talde aldetik gaur egun Europan dagoen merkataritza ontzirik modernoena eta aurreratuena” lortu dutela. “Horrelako erronkak lortzeko ezinbestekoa da ingurukoen laguntza eta babesa. Eta gure ingurukoek ulertzen dute ontzigintzaren sektorea oso konplexua eta zaila dela, eta ulertzen dute zein zaila den ontzi bat proeiktatzea, finantzatzea, hornidurak konpontzea…”.
Hain zuzen ere, Mikel Amundarain industria sailburuak esan du “ikusgarria” dela horrelako egun batean parte hartzea, “euskal industriaren produktu berezi bat uretaratzeko prest jartzen delako”. Ontzi berri honek euskal “industriaren balioa” irudikatzen duela esan du: “Gure enpresetako langileen gaitasunak, gaitasun teknologikoak eta gaitasun industrialak erakusten ditu”. Etorkizunera begira euskal enpresek “erronka handiak” dituztela dio, baina “eskarmentu handia” ere badutela gehitu du. Amundarainek esan du instituzioak “hor” egongo direla industria bultzatzeko, hori delako “lurraldeko ekonomiaren oinarria”, hori delako “herrialdeko aberastasuna eta enplegua modura indartzen” dituena: “Produktu honetan gure egiteko era ikusten da, gure gaitasunak zeintzuk diren”.