"Nekatuta nago rapa gizonezkoen genero musikala dela entzuteaz"
Bizitzen geratzeko lekutzat du musika La Furiak, eta bizimodu horri letra jartzen diote bere abestiek. Feminismotik abesten du, eta Bermeoko Kafe Antzokian eskainiko du kontzertua, bihar.
Nola sortu zen La Furia?
Sekula ez nuen proiektu bezala ikusi, ez nuen etorkizun bat imajinatu. Horrela jaio zen, ni konturatu barik, Nafarroako Erriberako herri batean. Modu organikoan sortu dela pentsatzea gustatzen zait, eta ez produktu bat denik. Niretzat produktua talde handietara iristeko diseinatutako taldea da. Zoritxarrez, horrelako asko daude. Niri egia gustatzen zait, eta, bereziki, musika.
Ze lotura dago transmititu nahi duzunaren eta izenaren artean?
Ez dut ezer bilatu, izenaren eta ni neu naizenaren artean dago lotura, nor naizen eta egiten dudan musikaren artean.
Zelakoa da sormen prozesua?
Zartakoa tripan, antsietate gau bat, haserre gorena… Nire sormen prozesua gorputzetik abiatzen da. Batzuetan idatzi egiten dut eta gero jartzen dut musika; beste batzuetan, alderantziz. Batzuetan traje musikala egiten didate nire ideien neurrira, eta hortik letra idazten dut…
Nor duzu bidelagun proiektu honetan?
Modu posible guztietan laguntzen nauen lehenengo pertsona Iñaki da. Nire sormen prozesuko une intimoetan egoten da, beharrezkoa den distantzia mantenduz; gure soinu teknikaria ere bada. Bane argi teknikaria da, Vanesa DJ-a eta Janire, Lara eta Ainara nire hitzei gorputza jartzen dieten dantzariak dira. Laster bi pertsona gehituko ditugu. Lortutako taldeagaz harro nago. Determinazio, lan eta maitasunez lortzen da, eta ni hori naiz.
Musika pentsamendu eta aldarriak askatzeko bidea da?
Bai, baina uste dut hori albo-kaltea dela. Niretzat musika ez da kanal huts bat bakarrik; niretzat bizitzen geratzeko lekua da.
Sexismoaz, jazarpenaz eta biolentziaz hitz egin duzu.
Feminista naiz. Ogia erostera noanean eta norbaitek dendariarekin jarrera matxista duenean ere feminista naiz, eta hala jokatzen dut. Garena gure jakintzetan islatzen da, eta horrela ez bada…
Nola eboluzionatu du proiektuak hamar urte hauetan?
Imajinatu zure burua duela hamar urte… ba berdin. Ni ez naiz konfort-zonara oratzekoa. Ez naiz hasieran egindakoagaz geratu. Talde batzuek estilo eta forma bera mantentzen dute 30 urtez, komertzialki funtzionatzen duen formula bat errepikatuz.
Abesti berriak «libreagoak» direla adierazi duzu.
Hori esan badut, atzera egiten dut. Beti izan naiz libre nire abestietan. Kontua zera da, aurretik egin dudana berriro ez egiteko libre sentitzen naizela.
Rapa gizonezkoek menderatutako generotzat hartu izan da. Zein da emakumezkoen raparen egoera?
Gauza harrigarriak egiten dituzten emakumeak eta disidentzia generoak daude; beste kontu bat da industrian duten tokia, eta horren zergatia zein den. Nekatuta nago rapa gizonezkoen generoa dela entzuteaz. Eta heavy metala? Patriarkatuak norbanako batzuk beste batzuk baino izorratuago egotea galarazten duen testuingururik ba al da? Ez dago musika matxistarik: matxismoa dago musikan, leku guztietan bezala.
Zure azken lana Promenade da. Nola definitu daiteke?
Aparteko produkzioa duen abestia da, Rec Overflowk egina. Apokalipsi osteko argi txiki baten soinua hartzen diot. Porrokatuta sofan etzanda eta erretzen dagoen emakume bati abesten diodala imajinatzen dut. Diskoa argitaratzen badut, kanta hau bertan egongo da, eta garrantzitsua izango da, ziur.
Zer esan dezakezu datorrenaz?
Esan dezakedana da egun gutxi barru abesti berria kaleratuko dugula; bihotza aztoratuta naukan kolaborazioa da. Datorren hilabetean beste bat etorriko da, eta horrela emango dut udaberria.
Bermeon hasiko duzu bira bihar.
Bira M8an hastea ez da nahita egina izan. Kalean egotea gustatzen zait, marabunta feministan, baina esker oneko sentitzen naiz halako egun esanguratsu batean nire lana Bermeora eroateaz. Berezia izango da. Irakurleei esango nieke kontzertura etorriz gero hobeto joango direla etxera. Musikagile batek behin esan zidan berak ez dituela kontzertuak ematen publikoak bera ikusteko, berak bere publikoa ikusteko baizik. Gogo askorekin itxaroten zaituztet, etorri!