Santana esneki ekoizleak bisitatzeko aukera emango du Ekoetxeak
Aurretik, Eako Bedarokela edota Muxikako Itsasmendi enpresak bisitatu dituzte azken asteetan.
Ekoetxea Urdaibaik, Ezagutu Urdaibaiko ekoizleak dinamikaren baitan, Kortezubiko Santana esnekietako egoitza bisitatuko dute zapatuan [martxoak 9] 11:00etatik 13:00etara. Doako ekimena da, familientzako pentsatuta eta izen ematea zabalik dute webgunean. Hain zuzen ere, Santanaren esne abeltzaintza natural eta iraunkorreko ustiategia bisitatuko dute, eta, amaieran, izena ematzen dutenek dastaketa egiteko aukera izango dute. Ustiategiak ontzi birziklagarriak eta berrarabilgarriak erabiltzen ditu.
«Bisita honetan, behitik eratorritako produktuak nola egiten diren ezagutuko dugu, hala nola esne naturala eta pasteurizatua, jogurt naturala eta zapore desberdinetako jogurtak, baita behi-esnearekin egindako gazta freskoa ere. Kortezubin dagoen ustiategi honetan egingo den bisita gidatuan, gainera, lantegi txiki bat ezagutuko dugu. Bertan, esnea pasteurizatzen dute zuzenean saltzeko».
Aurreko geltokiak. Ekoetxeak Urdaibaiko ekoizleak ezagutarazteko hainbat bisita gidatu eta dastaketa osatu ditu azken asteetan Ezagutu Urdaibaiko ekoizleak izenpean. Orain Kortezubiko Santana esnekien txanda bada ere, aurretik Eako Bedarokela edota Muxikako Itsasmendi txakolindegiak bisitatzeko aukera eskaini zuten. Orain artekoek erantzun ona izan dute.