EAJ Eako Udalak BUPri jarritako demandan amore ematearen kontra agertu da
Demanda "modu demokratikoan lortu ez dutena bide judizialetik lortzeko ahalegina da" jeltzaleentzat. 2022an, Bermeoko Udala interesdun modura agertzea onartu zenean Guzanek aldeko botoa eman zuela gogoratu dute.
Bermeoko EAJ ez dator bat EH Bilduk eta Guzanek ur partzuergoen kasuan interesdun moduan aurkezteari uko egin izanarekin. Izan ere, aurreko asteko osoko bilkuran udal gobernua osatzen duten bi alderdiek Eako Udalak Busturialdeko Ur Partzuergoaren –BUP– eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren –BBUP– kontra aurkeztutako prozeduran amore ematearen alde bozkatu zuten.
EAJko zinegotziek, bestalde, interesatu moduan ez aurkeztea Bermeoren interesak ez defendatzea dela argudiatuz, kontrako botoa eman zuten: “Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartzea onartu zenean, Eako Udalak demanda aurkeztu zuen. Bermeoko Udalak, prozeduraren berri izan zuenean, bermeotarren interesak defendatzeko asmoz, udalerriaren interesak defendatzeko auzitara jotzea erabaki zuen”. Jeltzaleek azpimarratu dute Eako Udalak bere demandan eskatzen duena “BBUPn integratzeko akordioa baliogabetzea” dela, eta “ez bere ondasunak beretzat onartzeko inbentarioa beste modu batera egitea, udal gobernuak adierazi zuen bezala”. Jeltzaleentzako demanda “modu demokratikoan lortu ez dutena bide judizialetik lortzeko ahalegina” da.
2022ko azaroko osoko bilkuran interesdun modura aurkeztea onartu zutenean Guzanek aldeko botoa eman zuela nabarmendu du Bermeoko EAJk: “Orain, udal gobernuko kide gisa eta bere bazkidearen ildotik, atzera egin eta ezetz esan du”.
Era berean, EH Bilduk urteetan zehar integrazioak “pribatizazioa eta bermeotarrentzako arazoak” ekarriko zituela ziurtatu duela azpimarratu dute: “Integrazioa gehiengo demokratikoaren borondatearekin gauzatu zen. Horri esker, inbertsioak egiteko, hornidura-sistemak eta saneamendu-sareak hobetzeko gaitasun tekniko eta ekonomikoa izan dugu eta kontserba enpresen arazoak, hornidura arazoak… konpontzeko inbertsio-plana dugu”. Integrazioak “kalitatezko zerbitzua” bermatzen duela narmendu dute jeltzaleek.