Bizkaiko suhiltzaileek zerbitzuaren historia biltzen duen erakusketa jarri dute Arratzuko parkean
Suhiltzaile erretiratu batzuek, zerbitzua 1970an sortu zenetik gaur artera arteko 20 jantziren bitartez, zerbitzuaren historia landu dute: kaskoak, lantzak, arnasketa autonomoko ekipoak (AAE) eta argazkiak bildu dituzte. Erakusketa bihartik zapatura bitartean egongo da ikusgai Arratzuko suhiltzaileen parkean.
Bizkaiko suhiltzaileen zerbitzuaren historiari buruzko erakusketa bat jarri dute Arratzuko suhiltzaileen parkean, bihartik zapatura bitartean ikus daitekeena. Hain zuzen ere, suhiltzaile erretiratu batzuek hogei jantzi oso bildu dituzte, kaskoak, lantzak, arnasketa autonomoko ekipoak eta beste tresna batzuk barne, erakusteko zelan aldatu den Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio eta Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzua 1970an sortu zenetik. Suhiltzaileek eurek hartuko dituzte bisitariak, eta erakusketako elementuen bitartez euren lanaren berri emango dute.
Antolatzaileek esan dutenez, erakusketa denetariko pertsonentzat da, baina esan dute “ezustekoren bat edo beste” antolatu dituztela txikientzat. Bihar eta etzi 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara bitartean egongo da zabalik erakusketa, eta zapatuan, berriz, 11:00etatik 13:30era artean.
Jatorria.
1965a aurretik, udalek udal suteak itzaltzeko beharrezkoak ziren baliabide ekonomikoez hornitzeko zailtasunak zituztenez, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldean suteak itzaltzeko zerbitzu batzuk ematea erabaki zuen. Hala, 1965az geroztik, aldundia beharrezko izapideak eta azterlanak egiten hasi zen, suhiltzaileen lehen parkea martxan jartzeko azpiegitura materiala eta giza azpiegitura eratzeko. Ondorioz, 1970. urtean lehen suhiltzaile etxeak ireki zituzten Gernika-Lumon, Durangon eta Trapagaranen. 50 suhiltzaile, bi sarjentu eta zerbitzuburua hasi ziren lanean, eguneko bi lan txandatan. Eta, lau urte geroago, Basauriko, Getxoko eta Zallako parkeak jarri zituzten martxan, beste 54 suhiltzailegaz eta baliabide berriekin. Markina-Xemeingo parkea, berriz, 1985an zabaldu zuten, eta hurrengo urtean Mungikoa.
Suhiltzaile profesionalen sareari Lekeitio, Urduña eta Karrantzako suhiltzaile boluntarioen sarea gehitu zitzaion lehenbizi, eta geroago, 1993an, Otxandiokoa. Gero, 90eko hamarkadan, aldundiak proposatu zuen lehendik zeuden instalazioak komunikazio bide berrietara egokitzea eta lekualdatzea, batez ere autobiak, lurraldearen zerbitzura zeudenak. Hala, 1992an, Trapagarango parke zaharrak Uriosteko (Ortuella) instalazio zentrala sortu zuen, eta 97an Getxoko parkea gaur egun Artazan (Leioa) duen kokalekura lekualdatu zen. 1994an, Komunikazio Zentroa sortu zen Uriosten, eta bertan zentralizatu zen Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak egin beharreko jarduera guztien informazioa eta koordinazioa.
Giza baliabideak eta baliabide materialak gaur egun.
Gaur egun, Bizkaiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua zortzi suhiltzaile parke profesionalek osatzen dute, eskualde guztietan banatuta: Urioste (Ortuella), Basauri, Artaza (Leioa), Iurreta, Arratzu, Zalla, Markina-Xemein eta Derio. Horiek Lanestosa, Orduña, Karrantza, Bermeo eta Otxandio udalerrietako Babes Zibileko Boluntariotza Elkarteek babesten dituzte, eta Ispasterren prestakuntza-eremua daukate: “Bertan suhiltzaileak beren lan-bizitza osoan trebatzen dira”. Gaur gaurkoz, Bizkaiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuan 437 langile ari dira, eta baliabide materialei dagokienez, 100 ibilgailu dituzte.
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Prest larrialdiak kudeatzeko Bizkaiko zentro integrala jarri zuen martxan 2019an. Zentro honek komunikazioen arloko azken aurrerapen teknologikoak ditu, eta foru mailan larrialdien arloko abisuen sarrera bakarra da. Bertan, erantzuna koordinatzen da eta aldundiaren baliabide guztiak (giza baliabideak eta baliabide materialak) mobilizatzen dira “erantzun eraginkor eta efikaza” emateko, eguneko 24 orduetan zerbitzua eskainiz.