ADESek Urdaibaiko lur azpia ezagutarazteko hitzaldia eskainiko du Gautegiz Arteagan
Barikuan (martxoak 8), 18:30ean, Gautegiz Arteagako Aretxederreta kultur etxean eskainiko dute hitzaldia. Horrez gain, 'Esploratu' erakusketaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
ADES Espeleologia Elkarteak Urdaibaiko lur azpia ezagutzeko hitzaldia eskainiko du barikuan (martxoak 8), 18:30ean, Gautegiz Arteagako Aretxederreta kultur etxean. Gainera, hitzaldira bertaratzen direnek Esploratu erakusketaz gozatzeko aukera izango dute, izan ere, leku ikusezin “asko” daude inguruan, eta horiei buruzko informazioa eskainiko dute.
Txoko ezkutuenak dira erakusketan ikus daitezkeenak: “Jakina da gure inguruan kobak daudela, baina ez zenbat dauden ez nolakoak diren. Eraskusketa honen bitartez hutsune hori bete nahi genuke, lur azpiko mundu hori zuekin partekatuz”.
Zehaztu dutenez, argazkiak QR kodeekin jarri dituzte, hau da, argazkiei buruzko informazioa ematen duten bideoekin, testuekin, argazkiekin, aurkezpenekin edota webguneagaz lagunduta. Gehiago ezagutzeko gogoz geratzen direnei elkartearen hurrengo esplorazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Elkartea.
ADES Espeleologia Elkartea Gernika-Lumon sortu zuten 1978an, eta ordutik, Urdaibai eta Lea-Artibai izan dira euren esplorazio eremu nagusiak; hala ere, Mieran (Kantabria), Aramotzen (Durangaldea) edo Mandoian (Arratia) ere aritu dira lanean. “Eremu hauetan karsta esploratzen, ikertzen eta zaintzen aritzen gara”, adierazi du Oier Gorosabel taldeko kideak.
Espeleologoak azaldu duenez, euren ikerketa esparruan karsten zientzia guztiak kontuan hartzen dituzte: lurpeko ur bideak karakterizatu, lagin biologikoak jaso, hegaztien babeslekuak ikertu, zoruaren ezaugarri geomorfologikoak aztertu, irudiak argazkietan jaso, lurpeko gasak eta parametro klimatikoak neurtu, uraren ezaugarri hidrokimikoak ikertu, aztarnategi paleonto-arkeologikoak identifikatu, kutsadura fokuak detektatu… Datu horiek guztiak sailkatzeaz gain, diziplina bakoitzeko espezialistekin eta erakundeekin elkarlanean aritzen dira.
Ikerketa lana egiteaz gain, ADESekoak “beti daude prest” zabalkunde lana egiteko, eta helburu horri tiraka antolatu dute Gautegiz Arteagako saioa.