Lau pertsona identifikatu dituzte billete faltsuen iruzurragatik
Ustezko egileetako batek Internet bidez erosi zituen billete faltsuak. Bermeoko Udaltzaingoak erabili ez diren beste 3.560 euro faltsu berreskuratu ditu.
Bermeoko Udaltzaingoak billete faltsuak atzeman zituen herriko denda batzuetan, otsailaren 6tik 8ra bitartean, eta geroztik ikerketa lanak egiten aritu dira. Behin ikerketa zarratuta, ustezko egile modura lau pertsona identifikatu dituztela jakinarazi dute.
Udaltzaingoak zazpi iruzur salaketa jaso ditu guztira, denak herriko merkatari eta ostalarienak. Aritz Flores Bermeoko udaltzainburuak adierazi duenez, ustezko egileetako batek Internet bidez erosi zituen billete faltsuak. Berak erabiltzeaz gain, banatu egin zituen, besteek ere erabiltzeko.
Merkatariei eta ostalariei egindako iruzurra guztira 250 eurokoa izan bada ere, Udaltzaingoak 3.560 euro berreskuratu ditu, erabili ez diren billete faltsuetan. Floresen ustetan, kalte handia saihestea lortu dute.
Iruzurrak saihestu.
Udaltzaingoak mota horretako iruzurrak saihesteko informazioa eskainiko die Berton eta Bostale elkarteko kideei. Era berean, herritarrei gogorazi nahi die, iruzurren bat jasoz gero, ahalik eta azkarren beraiekin harremanetan jartzeko –092 edo 94-617 91 11 telefono zenbakira deituta–, horrela “modu arinago eta eraginkorrago batean jokatu daitekeelako”.