Bermeotarrek itsas gudariak gogoratu dituzte
Ohiturari eutsiz, lore eskaintza egin zuten 'Matxitxakoko Guda' eskulturan. Ekitaldi politikoan Rakel Goñi EA Bizkaiko koordinatzaileak hartu zuen hitza.
1937ko martxoaren 5eko batailan parte hartu zuten gudariak omendu zituzten atzo [martxoak 3], Bermeon. Azken urteetan egin bezala, Nestor Basterretxearen Matxitxakoko Guda eskulturaren aurrean lore eskaintzagaz hasi zuten Eusko Alkartasunak eta Alkartasuna Fundazioak antolatutako Bermeo Itsas Gudari Eguna.
Lore eskaintza egin ostean, Bermeoko Kafe Antzokian elkartu ziren ekitaldi politikorako. Rakel Goñi EA Bizkaiko koordinatzaileak adierazi zuen EAJk “hamabost urte daramatzala Guggenheim museoa Urdaibain inposatzen saiatzen“, eta proiektuak ez diela eskualdeak dituen beharrei erantzuten. PSEk proiektuarekiko hartu duen jarrera ere gaitzetsi zuen: “Ricardo Bastidak diseinatutako eraikina txikitu nahi zutenean, museoa Urdaibairen babesarekin bateraezina zela esan zuten, eta orain, aldundietan eta Eusko Jaurlaritzan EAJren beharra dutenez postuak banatzeko, PSEk kontrakoa esaten du”.
Bizkaiak eta Busturialdeak “gobernantza-eredu berri, ireki eta parte hartzailea” behar dutela azpimarratu zuen Goñik. Osakidetza eta Gernikako Ospitalea, garraio publikoaren egoera eta uraren kudeaketa jarri zituen adibide gisa.
Apirilaren 21eko hauteskundeei ere erreferentzia egin zien hizlariak. EH Bilduko aurkari politikoen kanpaina “gogorra eta zikina” izango dela iragarri zuen Goñik, euskal gizartearen gehiegnoa “ezkertiarra eta abertzalea” dela azpimarratuz: “EH Bildu da bi pultso hauek uztartzen dituen indar politiko bakarra”.
Goñik Israel Palestinan egiten ari den “ekintza basatiak” errefusatu zituen. 30.000 palestinar baino gehiago hil dituztela gogoratu zuen, “gehienak emakumeak eta umeak”, eta horrek izen zehatza daukala adierazi zuen: “garbiketa etnikoa“.
Ekitaldi politikoari amaiera emateko, Nadia Nemehk, Idurre Bidegurenek eta Naiara Fernandez Herrigintzatik naziogintzara mahai inguruan batu ziren.