"Israeli sarraskiarekin amaitzeko" eskaera
Gernika Memoriaren Lekukok deitutako ekimenagaz bat egin dute gernika-lumotarrek. Israelek palestinarren herriak "heriotza-kartzela" bihurtu dituela salatu dute.
Palestinari babesa helarazi diote, beste behin, gernika-lumotarrek. Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak martxan jarritako Elkartasun Aktiboaren Astearen baitan, gaur [martxoak 2], 12:30etarako zuten deitua hitzordua herritarrek, Merkurion. Gernika Memoriaren Lekukok deitutako elkarretaratzeak erantzun zabala jaso du: eguraldia lagun izan ez arren, euritakoak eskuan, Palestinako banderekin eta kanpainaren irudiaren kartelekin gerturatu dira herritarrak.
“Heriotza eta suntsipena dira nagusi Gazan eta jada Palestinako txoko askotan. Gaurdaino Israeleko gobernuak bere armadaren bidez 30.000 pertsona inguru hil ditu. Milaka pertsona, zauritu, lekualdatu, eta okupazioaren ondorioz, ura, janaria, erregaia, medikuntzarako hornidura falta eta deshidratazio larriaren ondorioz hiltzen ari dira”. Gernika Palestinatik azpimarratu dute, “euren lurraldean palestinar jendea preso edo errefuxiatua”, Israelek beraien herriak “heriotza-kartzela” bihurtu dituelako.
“Nazioarteko komunitateak nahiago izan du modu irmoan ez inplikatzea”
Nazioarteko komunitatearen zeharkako inplikazioa salatu gura izan dute deialdi herritarretik: “Nazioarteko komunitateak nahiago izan du modu irmoan ez inplikatzea eta pasiboki onartzea herri palestinarraren aurka Israelgo Estatua gauzatzen ari den okupazio militarra“. Horren aurrean, Euskal Herritik “elkartasun erantzunik ahalik eta zeharkakoena eta bateratuena” antolatzea da Gernika-Palestina Deialdi Herritarraren helburua. Oinarrizkotzat dituzten hiru ardatz azpimarratu dituzte: “Israeli sarraskiarekin amaitzeko exijitzea, nazioarteko komunitatearen inplikaziorako interpelatzea eta Palestinar herriaren eskubideen errespetua eskatzea”.
Helburu horiek betetze aldera elkartasun ekimenen beharrizana gogoratu dute: “Inoiz baino gehiago, elkartasun ekimen aktiboak areagotzeko garaia da. Beste behin, agintari eta erakundeei exijitzen diegu Israel behar dezatela Palestinan burutzen ari den operazio militarrak berehala eteteko“. Nazioarteko komunitateari eskatu diote “oinarrizko zerbitzuak eta laguntza humanitarioa bermatzeko neurri eraginkorrak bideratzeko”. Palestinarren bizitza segurtatzeko, laguntza humanitarioa eskaintzen duten erakundeak lagundu egin behar direla azpimarratu dute.
“Gernika berririk ez! Ez hemen, ez Palestinan, ez inon”.
Gernikatik Palestinara, haritzetik olibondora. Egoera eta testuingua ikusita, Gernika-Palestinatik iragarri dute, “ziurrenik eta tamalez”, gaurkoa ez dela Palestinaren alde egin beharreko azken mobilizazioa izango. Gernika-Lumok ahotsa altxatzeko “ardura berezia” duela nabarmendu dute. “Gernika berririk ez! Ez hemen, ez Palestinan, ez inon”.
Elkartasun Aktiboaren Astearen azken ekimena bihar [martxoak 3] izango da, 11:30etan, Bilboko Guggenheim museoaren aurrean. Ordu bateko iraupena izango duen elkarretaratzean parte hartzeko eskaera egin dute, asteburuan zehar beste hainbat herritan egingo diren ekintzak babestearekin batera.
Bestalde, Natxituarrak, eatarrak eta bedarutarrak, berriz, mobilizazio ibiltarian batu dira. Gero, Eskolondoko ekitaldian Palestinan hildakoen izenak esan, eta herritarrek zapatilak utzi dituzte lurrean, biktimekiko elkartasun keinu gisa.