Soldata parekotasuna, helburu eta borrokagune
Optima enpresako eta Bizkaiko Foru Aldundiko emakumezko behargin taldeak Batzarretxearen aurrean protesta egin du, aldundiko langileria propioaren soldata berbera edukitzea eskatzeko. Emakume Hautetsien Batzar eguna dela aprobetxatu dute, euren aldarriak zabaltzeko.
Optima enpresak azpikontrataturik dituen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren garbiketa zerbitzuetan diharduren langileek protesta egin dute gaur [martxoak 1], Gernika-Lumoko Batzarretxearen aurrealdean. Elkarretaratzean bilduta, orain arte egin dituzten aldarriak berriro adierazi dituzte: euren lan hitzarmena berrikustea eskatu dute eta, besteren artean, aldundiko gainontzeko beharginen parekoa izan dadila ere bai. Izan ere, aipatutako enpresak orain arte muzin egin dio soldaten parekatze horri; azaldu dutenez, erabaki hori “aldundiaren oniritziagaz” hartu dute. Hain zuzen ere, egun arte, aldundiko ordezkariek neurriok hartzea eskatzen duen lantaldeagaz (UGT, ELA, LAB eta ESK sindikatuetako kideek osatua) biltzeari uko egin diote.
Manifestariek Batzarretxeko Emakume Hautetsien Batzarra gaur egin dutela aprobetxatu dute, eta goiz osoan zehar euren lan eskubideen alde adlarrikapenean igaro dute. Aldundiak instituzio horretako langile diren emakumezkoen beharra aitortu duen egunean, eskakizun horiei ez entzutea “onartezina dela” adierazi dute. “Garbiketa zerbitzuetako langileena kolektibo oso feminizatua da, prekaritatea zuzen-zuzenean jasan behar izaten duena; zelan edo halan, lehen eta bigarren mailako emakumeen banaketa sortzen du”, adierazi dute.
“Ez gara geldituko, soldaketan parekotzea lortu arte; ez da bidezkoa administrazio publikoan, lan berbera egitearen truke, emakume batzuek beste batzuek baino %36 gutxiago irabaztea”
Aldundiak Martxoaren 8aren inguruan egiten dituen adierazpen instituzionalen atzean “ezkutatuta dagoen sektore feminizatua” dagoela salatu dute, eta kolektibo horren ahotsa “ez dutela entzun gura”, modu horretan bere prekaritate egoera “betikotuz”. Salatzen duten guztiaren aurrean, azpikontrataturiko kolektiboak argi eta garbi du: “Ez gara geldituko, soldaketan parekotzea lortu arte; ez da bidezkoa administrazio publikoan, lan berbera egitearen truke, emakume batzuek beste batzuek baino %36 gutxiago irabaztea“.
Horregatik guztiagatik, Gernika-Lumoko elkarretaratzearen ondoren, martxoan zehar aldarrikapenekin jarraituko dute: 6, 12, 13, 19, 20 eta 21ean bilduko direla aurreratu dute. Era berean, aurrerantzean gehiagotan elkartzea “ez dute baztertzen”.