Saskien artetik, kuadrilla izatera
Fenomenoek urte bete daramate talde bezala entrenatzen. Saskibaloi talde bat izatetik kuadrilla bat izatera pasa dira, eta herritarrek ematen dieten babesarekin pozarren dabiltza.
Bilbao Arenako harmaila koloretsuak jendez lepo agertu ziren 2023ko ekainaren 3an. Bertan sortu zen giroa Europako txapelketa onenetan ere ezin zitekeen sumatu, eta protagonistak kantxan ematen ari ziren maila bikaina zen. Partida hastearekin bat iritsi zen lehenengo saskiratzea eta harekin batera, eguneko, eta askorentzat urteko momenturik goxoena: Gernika KESBeko Fenomenoak eta aurkariak emozioz beteriko besardakada estu batean lotu ziren.
Iazko martxoan batu ziren, estreinakoz, Santanape kiroldegian Gernika KESBeko Fenomenoak. Zortzi pertsona baino ez ziren hurbildu hitzordu hartara, baina gerora bere fruituak emango zituen proiektuaren jo-muga izan zen egun hura. Lehenengo pauso hura hilabete askotako lanaren emaitza izan zen. Antolatzaileek hilabeteak eman zituzten Gorabide zein Lantegi Batuakekin harremanetan, eta “zorionez” proiektuaren irteera suziria jaurtitzea lortu zuten.
Jokalariak hitzartuta, proiektuaren kapitaina behar zen: entrenatzailea. Ez zuten lan handirik izan pertsona egokiarekin topo egiteko; Maite Bilbao hautatu zuten proiektuaren buru. Urte askoan zehar entrenatu ditu gazte taldeak Bilbaok. Horrez gain, magisteritza ikasketetako Gradu Amaierako Lana inklusibitatearen inguruan egin zuen. Postu horrek eskatzen zituen ezaugarri guztiak betetzen zituen. “Hasierak pixka bat gogorrak ziren. Taldekide askok lehenagotik elkar ezagutzen bazuten ere, gutxik jokatu dute noizbait saskibaloian. Beraz, hutsetik hasi behar ginen. Erronka zen guretzat”, dio Bilbaok.
Saskibaloian nobelak ziren arren, “di-da batean” hartu zituzten oinarrizko kontzeptuak. Progresioa umetan saskibaloian hasten direnena baino askoz azkarragoa izan zela azaldu du entrenatzaileak, eta jokalarien laguntzeko prestutasunari eta enpatiari esker, lana asko “erraztu” zitzaiola kontatzen du.
Kirol bat praktikatzen hasten den orok sentitzen du, lehenago edo beranduago, lehiatzeko beharra. Hori gerta zitzaien Fenomenoei, hasi eta aste gutxitara: partiduak noiz iritsiko ziren galdetzen zuten; are gehiago, etxeko partidak. Lehiatzea, baina, ez da garrantzitsuena, eta hori oso argi dute jokalariek. Beraien kezka bakarra ondo pasatzea da.
Batzuk, ordea, oso lehiakorrak dira eta, zentzu horretan, gainontzekoak baino pauso bat aurrerago doaz. “Hasiera batean emaitza bost axola zitzaien denei. Orain, bizpahiruk markagailua nola doan galdetzen didate aulkian dauden bitartean. Kantxatik kanpo daudenean, markagailua iraultzeko kalkuluak egiten dituzte. Beste batzuk, ostera, irabazi ala galdu, aurpegiera berbera izaten dute; beti daude barrezka”, dio entrenatzaileak.
Gizartearen isla.
Fenomenoak taldea kirol arloan ematen ari den transformazio baten isla da. Federazio gehienak ari dira liga inklusiboen aldeko apustua egiten, eta Bilbaoren ustetan, Bizkaiko Saskibaloi Federazioa txalotzeko lana egiten ari da; “erraztasunak baino ez dizkie ematen”. Egoera ona den arren, Bilbaok uste du Gipuzkoan pare bat pauso aurrerago doazela.
Kirolean ematen ari den fenomeno hori gizartearen ispilua ere badela deritzo. Bere esanetan, gero eta gizarte inklusiboagoan bizi gara.”Uste dut aurrera pausoak ematen ari garela. Halaber, lanketa handia dugu egiteko. Open Day-a aurkeztu genuenean, esaterako, eskoletara joan ginen egitasmoari buruzko informazioa ematera. Bertan, ume askok ez zuten ulertzen nola gure jokalariek saskibaloiko liga batean parte hartzen zuten. Hor dago arazoa, eta gaztetatik hezi behar ditugu berdintasunaren aldeko balio batzuen inguruan”, nabarmendu du.
Egin beharreko heziketa prozesu horren barruan, Campeones filma goraipatu du hezitzaileak. Bere esanetan, pelikula horrek aurreiritzi askorekin bukatu zuen, eta inklusibitatearen alde borrokatzen dutenentzako indar olatu batelakoa izan zen. Fenomenoek ere oso gustuko dute pelikula hori. Izan ere, taldearen izena hautatu behar izan zutenean, filmaren izena jarri nahi izan zioten. Beraien esanetan, protagonistak eurak bezalakoak dira. Beraz, izenak ere berdina behar zuen izan.
Pantaila handiaren ilusioa.
Pantaila handian eurena bezalako talde bat ikusteak ilusioa egiteaz gain, enbidia pixka bat ere eman die Fenomenoei. Halaber, pelikulako protagonistek lortutako fama eskuratzeko esperantzarik ez dute galdu oraindik. “Entrenatzen egoten gara eta bat-batean batek esaten du: ea guri grabatzera datozen eta gure inguruko film bat egiten duten”, kontatu du Bilbaok.
Maila internazionalean ezagunak ez diren arren, gernikarrek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte Fenomenoak. Open Day-a izan zen herrian jokatu zuten lehenengo aldia, eta harmailetan ez zegoen beste pertsona batentzako tokirik. Antolatzaileek, baina, pixkat bat larrituta bukatu zuten eguna. Hurrengo partiduetan halako giroa lortzeko kapaz izango ote ziren galdetzen zioten beraien buruari. Izan dira bai. Herriak ikaragarrizko babesa eman die jokalariei, eta herrian jokatutako partidu guztietan bete dituzte harmailak. Bilbaok onartu duenez, jokalariei izugarrizko ilusioa egiten die jendearen babesa izateak. Alabaina, esan beharra dago batzuk oso urduri jartzen direla, batez ere, lagunak ikustean.
Momentu eder asko bizi izan dituztenez, entrenatzaileari asko kosta zaio bakarrarekin geratzea. Memoria esfortzua eginez, honakoa aukeratu du: “Miribillan jokatu genuen torneo haretako momentu batek berebiziko ilusioa egin zidan. Zapatuko partiduak jokatu ostean, hurrengo egunean 3. eta 4. postua lehiatzeko partidua edo finala jokatu behar genuen jakiteko itxaroten geratu ginen. Bat-batean epaile bat hurbildu zitzaigun guretzako albiste bat zeukala esanez. Denek uste zuten beste torneo baterako gonbidapena edo zela. Finalera sailkatuta geundela esan zigunean, denak zoratu ziren. Batzuk saltoka hasi ziren, beste batzuk, norabiderik gabe korrika eta beste batzuk besoetan hartu eta airean ibili ninduten. Bertan bizi izan genuen poztasun sentsazioa errepikaezina da”.
Oroitzapen gehienak arrosa kolorekoak diren arren, badago beltz koloreko baten bat edo beste. Partidu batean, oroitzen du, aurkari batek estualdi bat izan zuela. “Momentu horietan zer egin behar duzun ez dakizunez, oso une gogorrak” direla dio Bilbaok. Baina, dena bere onera bueltatzean eta jokalarien poztasunak bueltatzegaz batera, dena ahazten dela gehitu du.
Momentu onak eta txarrak. Gogorrak eta politak. Garaipenak eta porrotak. Negarrak eta besarkadak. Errietak eta ospakizunak. Denak dira talde horren parte. Geratzeko etorri den talde horren parte. Luzerako doan proiektu baten parte. Argi dutelako, Fenomenoak talde bat baino gehiago dela.