Martxo Morearen lehen jarduerak, hastear
Erakusketak, proiekzioak, tailerrak, hitzaldiak eta omenaldia egingo dituzte, besteak beste.
Badator Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna: aldarrikapenak kalera ateratzeko eguna. Data seinalatua datorren barikua bada ere, eskualdeetako hainbat herritan gaur [martxoak 1] hasiko dituzte Martxo Moreko ekintzak.
Erroxape Emakumeen Taldeak andereñoei omenaldia antolatu du
Bermeon, bestalde, Aire! filmaren emanaldiagaz hasiko dituzte ekitaldiak gaur, 19:00etan, Nestor Basterretxean. Ostean, Gentzane Martinez de Osaba zuzendariarekin solasaldia egongo da. Bestalde, Ahalduntze Feminista tailerra eskainiko dute gaur Bermeon. Tailerra 15 urtetik gorako neskei* zuzenduta dago. Martxoak 8 bitartean Bermeoko Erroxape Emakumeen Taldeak hitzaldia, film emanaldia eta andereñoei omenaldia antolatu ditu, hurrenez hurren.
Omenaldia martxoaren 7an izango da, elkartearen lokalean. Arantza Ormaza Tarantino Bermeoko Berdintasun zinegotziak martxoa “emakumeok goraipatzeko hilabetea” dela nabarmendu du. Berdintasunera bidean “lan eta oztopo asko” gainditu behar ditugula adierazi du Ormazak. Ez hori bakarrik: Las buenas compañias filmaren emanaldia ere egingo dute, hilaren 6an, Erroxape Emakumeen Elkartearen lokalean.
Mundakan, Martxo Morea hilabete osoan zehar ospatuko dute. Gaur eta eguaztenean [martxoak 6] Emakumeek lanik egiten ez zutenean izeneko proiektua aurkeztuko dute; gaur, Tribisarrospe Kultur Etxean, eta eguaztenean J.M. Etxeita Udal Liburutegian. Martxoaren 8an eta hurrengo egunetan ere, denetariko egitaraua edukiko dutela aurreratu dute udal ordezkariek.
EGITARAUA
BERMEO
Gaur, martxoak 1.
18:00-20:00. Ahalduntze Feminista tailerra, 15 urtetik gorako neskentzat*.
18:00. Auzolan informatiboa, Kabidxen.
19:00. Aire! filmaren emanaldia eta Gentzane Martinez de Osaba zuzendariarekin solasaldia, Nestor Basterretxea aretoan.
Martxoak 4, astelehena.
19:00. Hitzaldia, Erroxapen Emakumeen Elkartearen lokalean.
Martxoak 5, martitzena.
19:00. Erroxapek antolatuta, ikastaroetan egindako lanen erakusketaren inaugurazioa, Nestor Basterretxean. Martxoaren 12ra arte egongo da ikusgai.
Martxoak 6, eguaztena.
19:00. Las buenas compañias filmaren emanaldia, Erroxape Emakumeen Elkartearen lokalean.
Martxoak 7, eguena.
19:00. Andereñoei omenaldia, Erroxapek antolatuta, elkartearen lokalean.
MUNDAKA
Gaur, martxoak 1.
19:00. Emakumeek lanik egiten ez zutenean zineforuma, Tribisarrospe kultur etxean, eta jarraian solasaldia.
Martxoak 6, eguaztena.
18:30. Emakumeek lanik egiten ez zutenean zineforuma, Tribisarrospe kultur etxean, eta jarraian solasaldia.