ETSk trenbidean egiten duen gaueko jarduerari buruzko informazioa eskatu diote bizilagunek udalari
Don Tello kaleko bizilagunek eskaera bat erregistratu dute Gernika-Lumoko Udalean, Jose Mari Gorroñori ETSk trenbidean egiten duen gaueko jarduerari buruzko informazioa eskatzeko. Udalari eskatu diote ETSko zuzendaritzarekin harremanetan jartzea eta jarduera hori hirigunetik kanpo edo eguneko ordutegian egiteko eskatzea.
Euskal Trenbide Sareak Gernika-Lumoko geltoki inguruan jarritako plataforma logistikoak gauetan sortzen duen zarataz kexu dira inguru horretako bizilagunak. Bizilagunen egoera “jasanezina” da, eta eskatu dute Gernika-Lumoko tren geltokiko ETSren gune logistikoa hirugunetik kanpora eramatea. Hori gauzatu bitartean, aldarrikatu dute tren geltoki inguruan bizi diren herritarren kalitate akustikoa eta airekoa bermatzeko neurri zuzentzaileak hartzea, baita neurri horiei buruz ETSk hartuko dituen neurrien berri ematea ere. Hain zuzen ere, eguaztenean (otsailak 28), Don Tello kaleko bizilagunek eskaera bat erregistratu zuten udalean, Jose Mari Gorroñori eskatuz ETSk trenbidean egiten duen gaueko jarduerari buruzko informazioa emateko.
Don Tello kaleko bizilagunek batzar batean adostutako eskaerak aurkeztu zituzten udaletxean, eguaztenean, eta horretan, ETSren jarduerek gauetan sortzen duten zarataz jabetzea eskatzez diote udalari: “Bizilagunek jasaten dugun kalteaz jabetzea eskatzen dugu, hau da, lo egiteko eta osasunerako dugun eskubideen kalterako egiten duten zarataz jabetzea eskatzen dugu”.
Horrez gain, aurrez aurreko bilaera bat eskatu diote Gorroñori, “euren kexei erantzuteko eta gaueko jarduera horren izaerari buruzko informazioa ematea eskatzeko”.
Herritarren gaueko atsedenaren eskubideari ETSren jarduerari baino “garrantzia gehiago” ematea aldarrikatu dute eskaera horretan, baita ETSri jarduera geldiarazteko eskatzea ere. “ETSri jarduera geldiarazteko eskatzea nahi dugu, bizilagunok dugun osasunerako eskubidea bateraezina delako lan horiekin”. Hala, beharrezkoa balitz udalari eskatu duite ETSko zuzendaritzarekin harremanetan jartzea eta jarduera hori hirigunetik kanpo edo eguneko ordutegian egiteko eskatzea, “beste herri batzuetan egiten den bezala”.
Horrez gain, beharrezkotzat hartu dute udalari eskatzea gaueko zaraten neurketak ETSren interesetatik kanpoko enpresa independente baten bidez egitea, baita zerbitzu juridikoekin harremanetan jartzea ere, “ETSren aurkako balizko lege jarduketak aztertzeko”.
Bizilagunek jakinarazi dute hamabost eguneko epea emango diotela udalari erantzun bat jasotzeko, eta, bestela, beste jarduera batzuk abiatuko dituztela; izan ere, bizilagunen batzarra ere epe horretarako zehaztu dute.