Artearen fokua naturan jarrita
Alemaniako Natura Argazkilaritza Elkarteak antolatutako European Wildlife Photographer of the Year lehiaketako 36 irudi ikusgai daude Ekoetxea Urdaibain.
Askotariko animaliek eta natura-argazkilaritzak, eta paisaiek eta trebetasun teknikoak bat egin dute Busturian. Alemanian du jatorria European Wildlife Photographer of the Year 2023 argazki lehiaketak. Iaz, 42 herrialdetako 18.000 argazki aurkeztu zituzten, eta lehiaketaren 24. aldiko argazki horietako 36k osatzen dute Ekoetxea Urdaibain ikusgai dagoen erakusketa.
Alemaniako Natura Argazkilaritza Elkarteak (GDT) azaldu bezala, erakusketak ikuslea «bidaia liluragarri batera eramaten du, planetako espazio naturaletatik eta ekosistemetatik».
Munduko argazki lehiaketa ospetsuenetakoa da elkarte alemaniar horrek antolatutakoa. Hain zuzen ere, lehen mailako epaimahaiak, hautaketa estandar altuek, irudi digitalen manipulazioaren aurkako jarrera argiak eta epaimahaiarentzat «ondo» oinarritutako ebaluazio sistemak ematen die fama fauna argazki txapelketari.
Lehiaketa «ezaguna» da, naturako argazkigintzako eta teknologia berrietako hainbat gai beregain hartzen dituena. Gainera, Wildlife Photographer of the Yearek «berrikuntza, sormena eta ezohiko konposizioak esploratzeko adorea sustatzea» du xede. 2001ean sortutako lehiaketa “sismografo” bihurtu da: “Etengabe aldatzen ari den natura garaikideko egoera argazki bidez ezagutzeko”. Ekoetxean ikusgarri dauden argazki guztiek ez dute edertasuna oinarri: batzuk kontzientzia astintzera eta gizakiak naturaren mugak nola gainditu dituen erakustera bideratuta daude.
Txintxorren ama-portaera.
Txapelketaren azken aldian Javier Aznar Gonzalez de Ruedak jaso zuen sari nagusia, Ama-zaintza lanagatik. Bi aste baino gehiagoz, Ekuadorko Yasuni Parke Nazionalean txintxor baten ama-portaera behatu zuen Aznarrek. Egilearen harridurarako, «emeak, arrautzak ez ezik, larba jaioberriak ere babestu zituen lehen mutura arte».
Wildlife Photographer of the Year 2023 argazki lehiaketako irudiak martxoaren 10era arte egongo dira ikusgai Ekoetxea Urdaibain, eta sarrera doakoa da. Gero, erakusketak Europa osotik bidaiatuko du aurten.