'Stand up' umorezko bakarrizketak Astrara ailegatuko dira
Barikuan [martxoak 1] 20:00etan Antton Telleria, Lide Arregi, Asier Galarza eta Asier K izango dira kulturgunea umorez betetzeko arduradunak.
Stand up ikuskizuna Gernika-Lumora ailegatuko da. Hain zuzen ere, barikuan [martxoak 1] 20:00etatik aurrera goi mailako lau bakarrizketariz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, Astran. Antton Telleria, Lide Arregi, Asier Galarza eta Asier K izango dira kulturgunea umorez betetzeko arduradunak. Sarrera batzuk geratzen dira Astran bertan 5 euroren truke.
Stand up ikuskizunak azken batean umorezko bakarrizketak dira, eta azkenaldian ostera ere modan jarri dira, ingelesezko terminologia hartu dute eta guzti. Euskal Herrrian batez ere Gernika-Lumon izango den Telleriaren Nekatutak tour arrakastatsuak jarri du ostera ere arreta ikusentzuleen artean. Ez dira bakarrizketa soilak, bertaratutakoekin interakzionatzen dute, hau da, ikusentzuleek bakarrizketan parte hartzen dute.
Monologo klasikoen erreferentzietatik urruntzeko ahalegin kontzientea egin du Telleriak, topikoen bueltan osatutakoak direlakoan. «Behin stand-uparen bueltan murgiltzean topatu nuen hor badagoela sekulako unibertsoa, umoretik bada ere bizitzaz hausnartzeko eta gure errealitateari erreparatzeko balio duena».