Instituzioen arduragabekeriaren aurrean, herritarren babesa
Ehunka lagunek hartu zituzten atzo [otsailak 28] Gernika-Lumoko kaleak, Pablo Gonzalezen askatasunaren eske. Herriko kaleetatik askatasunaren aldeko aldarrikapenak oihukatu ostean, Merkatu Plazan batu ziren manifestariak. Bertan, besteak beste, Oihana Goiriena Pablo Gonzalezen bikoteak hitz egin zuen.

Pablo Gonzalezen aldeko babes oldarraldiak hartu zituen Gernika-Lumoko kaleak atzo [otsailak 28] iluntzean. Gernika Memoriaren Lekukok antolatutako manifestazioak oihartzuna izan zuen, eta 600 lagun bildu ziren Gernika-Lumon Gonzalezen askatasunaren eske. Hain zuzen ere, bi urte bete zituen, atzo, kartzelan Gonzalezek, eta Poloniako Gobernua kazetari elantxobetarrari ezartzen ari zaion zigor “injustua” salatzeko baliatu zuten mobilizazioa hurbildutakoek.
“Pablo Askatu. Prentsa askatasuna!”, “Free Pablo” edota “Pablo Gonzalez, Askatu” aldarriak erakusten zituten kartelek hartu zuten Merkurio ingurua, 19:00etan. Oihana Goiriena kazetarariaren bikoteak komunikabideen aurrean hitz egin zuen eta ez zuen zalantzarik izan bere bikoteak kartzelan bizi dituen “baldintza negargarriak” salatzeko orduan. Urtebetean bisita bakarra baino ez duela jaso salatu, eta inkomunikazioarekin bukatzeko eskatu zuen bikoteak. Goirienak azaldu zuenez, ekainaren 16an ikusi zuen azkenengoz Gonzalez, eta Espainiako kanpo-arazoetako ministerioari “zerbait gehiago egiteko” eskatu zion. Izan ere, kritikatu zuenez, azkenengo bi urteetan ez da ia aurrerapausorik egon, eta, atzo Albares ministroak kongresuan posible duten dena egin dutela esan zuen arren, Goirienak “gehiago” eskatzen dio. Abalesek EH Bilduk galdetuta hitz egin zuen kongresuan eta adierazi zuenaren arabera, Poloniari eskatu dio “behingoz aurkez ditzatela Gonzalezen aldeko frogak”.
Merkuriotik atera eta, herriko erdiguneko kaleetatik pasa ostean, Merkatu Plazara iritsi zen jendetza. Bertan, pankarta denek lauki bat osatuta, ekitaldiekin jarraitu zuten; Ibai Amillategi eta Koldo Gezuraga eskualdeko bertsolariak izan ziren lehen txalo zaparrada eragin zutenak. “Alkartu garen jendea/garrantziaren zantzu da/gizartea dauelako/hainbat guzurren pentsura/bukatzea gura dogu/zugaz dagoan zentsura” kantatu zuen Amillategik,. “Geur hemen batu garenez/hainbeste herritar naskatu/aldarrikapena ez da/konplikatu ta abstraktu/bozalak kanporak eta/Pavel Gonzalez Askatu” Gezuragak. Ostean, ZUGA proiektuko Asier Zugadi kantagile gernika-lumotarrak Mikel Laboaren Gure Hitzak eta berak sortutako Sue Euri Azpidxen abestia kantatu zituen.
Gonzalezen aldeko eskaerak.
“Gaur, Pablo Gonzalezen atxikoletatik bi urte betetzen diren honetan, ahotsa altxatu nahi dugu kazetariaren gatibutza salatzeko, eta bere berehalako askatasuna aldarrikatzeko”, esanez hasi zuen hitzaldia Ibon Meñika Gernika Memoriaren Lekukoko kideak. Manifestazioaren antolatzaileek prentsa askatasunaren aldeko pankarta atera zuten, eta gogoratu zuten Busturialdeko kazetariaren antzeko egoeran daudela beste horrenbeste kazetari.
Gonzalezi zortzigarrenez luzatu diote behin-behineko espetxealdia, eta, horren harira, hainbat eskaera egin zituzten antolatzaileek. Lehenik eta behin, elantxobetarraren “berehalako askapena” exijitu zuten, bere hurbilekoei babesa helaraziz. Horrez gain, atxikoketa hori prentsa askatasunaren aurkako erasotzat jo zuten, eta Gonzalezen informatzeko eskubidea “defendatzeaz gain”, herritarrek informatuak izateko duten eskubidea goraipatu.
Ibon Meñika: “Jakin badakigu gure herrian askatasunez informatzea sarri arriskutsua dela boterearentzat, eta errepresioaren jo puntu bihur daitekeela”
Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideak salatu zuenez, Polonian atxilotutako kazetaria “muturreko egoera” ari da bizitzen. Horren aurrean, Euskal Herriko kazetari ugarik babestu duten Free Pablo Gonzalez kanpainaren garrantzia azpimarratu zuten. “Jakin badakigu gure herrian askatasunez informatzea sarri arriskutsua dela boterearentzat, eta errepresioaren jo puntu bihur daitekeela”, adierazi zuen Meñikak.
Parte hartzearekin bukatzeko, “kritika zorrotza” plazaratu zieten Europar Batasunari eta Espainiar Estatuko gobernu zentralari, erakutsitako utzikeriagatik. Besteak beste, Poloniari Oinarrizko Eskubideen Karta ez betetzea “ahalbidetzen” ari direlako.
Amaieran iritsi zen atzoko momenturik bereziena: Goirienak mikrofonoa hartu zuen. “Ez dakizue zein hunkigarria den Pabloren eskubideen aldeko borrokan horrenbeste jende elkartuta ikustea. Eskerrik asko, bihotzez”, hasi zuen hitzaldia.
Pablo Gonzalezen hitzak: “Hemen, pertsonen kontaketa, argi artifiziala, zaindariak, koldarkeria, gorrotoa eta eskuburdinak baino ez dira existitzen”
Kazetariaren bikoteak azaldu zuenez, ezin du orain arte esan ez duen ezer esan. “Ozen eta argia” esaterik ez dagoela salatu zuen Goirienak Jarraian iritsi zen unerik hunkigarriena. Gonzalezek bidalitako azken mezua irakurri zuen. Horrela zioen: “Zuetaz eta errealitateaz oso urrun nago. Sartuta naukaten ziega zulo honetaz haratago, ez dago ezer niretzat. Hemen ez da giza eskubiderik existitzen, ezta Europar Batasunik ere. Hemen, pertsonen kontaketa, argi artifiziala, zaindariak, koldarkeria, gorrotoa eta eskuburdinak baino ez dira existitzen. Nik ez dut tratu berezirik eskatzen. Nahi dudan bakarra faltsukeria albo batera uztea da. Honek ez du justifikaziorik”. Txalo zaparrada batekin bukatu ziren Gonzalezen aldeko ekitaldiak, eta dozenaka lagun hurbildu zitzaizkion Goirienari babesa lehen pertsonan helaraztera.
Domekan, Nabarnizen.
Nabarnizko Udala ere gehitu da Pablo Gonzalezen aldeko ekimenetara. Elkarretaratzea antolatu dute domekarako [martxoak 3], 13:00etan, Elexaldeko plazan. Nahikoa dala ozen esateko, alkartu gaitezen lelopean zabaldu dute deialdia.
Kazetariaren aldeko babes keinuak erakutsi dituzten erakunde edo taldeen artean egon ziren Gernika BHIko irakasleak. “Pablo Gonzalez Askatu” irakur zitekeen hiru kartelekin egin zuten elkarretaratzea institutu aurrean.
















































































































