Kerik gabeko hiru gune seinaleztatu dituzte Bermeon
Lameran, Erreten eta Jose Antonio Erauzkin enparantzan jarri ditu seinaleak Bermeoko Udalak. Herritarrek "kontzientzia hartzea" espero dute udal ordezkariek.
Bermeoko Udala Kerik Gabeko Guneen Sarearen parte izango da. Udalak ez erretzea gomendatzen den espazio fisiko bat mugatzea du helburu, hau da, “kerik gabeko gune sinboliko bat sortzea”. Horrerako herriko hiru gune seinaleztatzea erabaki dute: Lamera, Erreten eta Jose Antonio Erauzkin enparantza.
Udalak herritarrei egiten dien gomendioa da seinale horiek jarri dituzten espazioetan ez erretzea, baina ez da debekua. Ke gabeko espazioak aukeratzean, “egokienak” umeentzako jolasguneak dauden inguruak direla adostu dute. Neurri horren ezarpenarenarekin, bermeotarrek “kontzientzia hartzea” eta “gomendioa betetzea” espero dute udal ordezkariek.
Momentuz herriko hiru gune aukeratu badituzte ere, udalak gune horiek “edozein momentutan” aldatu daitezkela adierazi dute. Bestalde, ez dute gune berriak izendatzerik baztertzen. Hiru txokoen izendapenaz gain, udal eraikinetan informazio eskuorriak utziko dituzte interesa duten herritarrentzat; Kerik Gabeko Guneei lotutako material guztia Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailetik jaso du udalak.
Helburuak. Kerik Gabeko Guneen Sareak ingurumen osasungarriak sortzen jarraitzea, tabakoaren kontsumoa desnormalizatzea eta ingurumena hobetzea ditu helburu. Espazio horiek sortuta, esposizio pasiboa ezabatu eta tabakoa kontsumitzen hasteko adina atzeratzen laguntzea bilatzen du, batez ere, adingabeei dagokienez.