Eragile sozial eta ekonomikoekin hausnartutako eskualderako plan estrategikoa aurrera eroatea onartu dute
"Ekonomia eta enplegua berraktibatzeko" plan estrategikoa eskualdeko eragile sozial eta ekonomiko nagusiekin partekatutako "gogoeta eta diagnostiko batetik" abiatu behar dela esan zuten atzoko Gobernu Kontseiluan. Hala, plan estrategikoak diagnostiko horretan atzematen diren beharrei erantzungo liekela diote.
Gobernu Kontseiluak atzo Busturialdea-Urdaibai eskualderako erakunde arteko plan estrategiko bat aurrera eroatea onartu zuen, “Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ekonomia eta enplegua berraktibatzeko“. Zehaztu zutenez, Lehentasunezko Jarduera Eremuetarako garatutako ereduaren ildo bera jarraituko du, eta, ondorioz, adierazi dutenez, eskualdeko eragile sozial eta ekonomiko nagusiekin batera hausnartu eta diagnostikoa egin ondoren abiatuko dute plana.
Busturialdeko 20 udalerritan 46.300 biztanle bizi dira, eta bertan dago Bizkai, Araba eta Gipuzkoako biosfera erreserba bakarra: Urdaibai. Hala, eskualdeko jarduera “baldintza berezi” batzuetan garatzen dela adierazi, eta inguru horretako ekonomia eta industria sare bereziak eraldatzeko, enpresa proiektu berriak aurrera eroateko, eta lanpostu berriak sortzeko eskualdeak izan lezakeen gaitasuna “arriskuan” dagoela esan dute. “Azken urteetan bizi behar izan ditugun testuinguru desberdinek zailtasunak eragin dituzte. Ondorioz, arriskuan geratu da inguru honetako ekonomia ta industria sare bereziak eraldatzeko, enpresa proiektu berriak aurrera ateratzeko eta lapostu berriak sortzeko gaitasuna”, esan dute.
Hori dela eta, eskualdeak garapen sozioekonomikorako estrategia propioa behar duela uste dute, “betiere bertako errealitatea biztanleen beharretara, ingurune naturalera eta inguru horri eremu babestu gisa katalogatzearen ondorioz sor daitezkeen baldintza eta aukera berrietara egokituta”. Ondorioz, plan estrategikoa eskualdeko eragile sozial eta ekonomiko nagusiekin partekatutako “gogoeta eta diagnostiko batetik” abiatu behar dela esan zuten atzoko Gobernu Kontseiluan.
Horrela, plan estrategikoak diagnostiko horretan atzematen diren beharrei erantzungo liekela diote: “Ekonomiaren eta industriaren dinamizazioa eta dibertsifikazioa, nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako baliabideen aprobetxamendu jasangarrirako kultura berria, inguruko turismoaren kontrola eta turismoaren ondorioak, ur-saneamendua eta ur-hornidura, mugikortasuna eta azpiegituren sustapena, gizarte kohesioa, kultur sektorearen dibertsifikazioa, hirien eta ingurumenaren berroneratzea eta gisa horretako alderdiak jaso beharko lituzke”.
Lehentasunezko jarduerak.
Plan estrategikoa garatzeko bidean, lehentasunezko jarduera eremuetarako garatutako ereduen ildotik, plana bost jarduera eremutan egituratu dute: jarduera ekonomikoa, prestakuntza eta enplegua; hiri eraldaketa eta berroneratzea; kultura eta turismo jasangarria; mugikortasuna eta ingurumena; eta oinarrizko azpiegiturak: hornidura, saneamendua edo lurzoruen leheneratzea.
Plana egiteko ikuspegi metodologikoak, berriz, zenbait ezaugarri kontutan hartu beharko dituela ere zehaztu dute: eskualdearen erronka estrategiko nagusiei lotutako ikuspegia; euren baitan ekimen espezifikoak izango dituzten bost edo sei proiektu traktore identifikatzea, deskribatzea eta kuantifikatzea; emaitza adierazleen panel bat egitea, planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko; eta plana ezartzzeko eta bere jarraipena egiteko gobernantza eredua.
Behin hori eginda, erakunde arteko plan estrategikoa Eusko Legebiltzarrera bidaliko dela esan dute, Busturialdea-Urdaibai eskualderako proposatutako eta aurrera eroateko ekimenen jarraipena egin ahal izateko.