Biztanleria atzerritarraren kopurua "apur bat" handitu da azken urtean
Mankomunitatea osatzen duten hemeretzi udalerriak kontuan hartuta, 32 atzerritar gehiago daude aurreko urtearekin alderatuta. Guztira, beste herrialde batzuetako 2.830 pertsona daude erroldatuta.
Busturialdeko Mankomunitatea osatzen duten hemeretzi udalerriak –eskualdeko denak Bermeo salbu– kontutan hartuta, atzerritik heldutako biztanleen kopurua “apur bat” handitu da azken urtean, izan ere, 32 atzerritar gehiago zenbatu dituzte Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Zehaztu dutenez, beste herrialde batzuetako 2.830 pertsona daude erroldatuta gaur gaurkoz, eta 2.798 ziren iaz.
Datu horiek kontutan hartuta, eskualdeko biztanleriaren %9,4 da atzerritarra: 84 herrialdeetako 2.830 pertsona bizi dira Busturialdean. Nabarmendu dute, Espainiako nazionalitatea jaso duten atzerritarrak kontutan hartuz gero, ehuneko hori handiagoa dela: %11. Aipatu ehunekoa Bizkai, Araba eta Gipuzkoako eta Espainiar estatukoa baino baxuagoa da, horietan, hurrenez hurren, %12,4 eta %17,5 baitira atzerritarrak.
Mankomunitateak biltzen dituen hemeretzi udalerrietan bizi diren atzerritarren artean, %55 dira Europako Batasunetik kanpoko herrialdeetatik etorritakoak (1.559 lagun), eta Europar Batasunetik etorritako 1.271 biztanletatik %85 dira errumaniarrak; 1.082 dira aurten, eta 1.111 ziren iaz. Errumaniarrez gai, nazionalitatetik ugarienak dira marokoarra (156), nikaraguatarra (130), brasildarra (124), ukrainarra (117) eta argentinarra (114). Nabarmentzekoa da iaz Ukrainatik, Brasildik eta Senegaletik etorritako pertsonen hazkundea: 11na bertaratu ziren.
Jatorrizko kontinenteen arabera, eskualdeko populazio atzerritarraren %51 Europakoa da, %30 Amerikakoa, %13 Afrikakoa, %5 Asiakoa eta %1 Ozeaniakoa. Emakumeak, berriz, eskualdeko etorkinen %50 dira.
Gehienak Gernikan.
Mankomunitateko udalerrietan bizi diren atzerritarren gehiengoa %76,2 Gernika-Lumon bizi da: hain zuzen ere, 2.157 lagun bizi dira udalerrian, duela urtebete baino hamazazpi gehiago. Horiek udalerriko biztanleriaren %12,6 osatzen dute, eta espainiar nazionalitatea jaso duten atzerritarren kopurua kontutan hartuz gero, hazi egiten da portzentaia, %14,6ra.
Nabarmentzekoak dira, baita erre, Eako, Muxikako, Busturiako eta Sukarrietako datuak, izan ere, herri horietan nabarmen igo da kanpotik etorritako herritarren kopurua. Hain zuzen ere, iaz baino hamabost atzerritar gehiago zenbatu dituzte Busturian, 11 Ean, hamar Muxikan eta zazpi, berriz, Sukarrietan.
Aldiz, Arratzun, Ereñon eta Mundakan alderantzizko joera izan da, iaz baino hamazazpi atzerritar gutxiago bizi dira Arratzun, hamalau Mundakan eta hamar Ereñon.