Zuzendaritza-batzordearen "kudeaketa txar" baten ondorioak ez dituztela ordainduko aldarrikatu dute Salicako langileek
Salicako langileei babesa erakutsi die Bermeoko Udalak. Zuzendaritza-batzordeak ABEEE bat ezarriko die langileei, bigarrenez, eta egoerarekin "kezkatuta" agertu dira udal ordezkariak. Langileek egoera onartuko ez dutela aldarrikatu dute, eta udalari erakutsitako babesa eskertu die.
Salica kontserba enpresak, bigarren urtez, langileei Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEEE) ezarriko ziela jakinarazi zien azaroan. Egoera horren aurrean, langileek kalera ateratzea erabaki zuten, eta egoera ez zutela onartuko argi utzi zuten. Egoerak sortutako kezkaren erdian, Bermeoko Udalak “babes osoa” erakutsi die Salicako langileei, eta euren borrokarekin bat egin du. Langileei babesa era zuzenean adierazteko helburuz, prentsaurreko bateratua egin dute Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk, Xabier Ortuzar Butron alkateordeak eta Salicako enpresa-batzordea osatzen duten LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek.
Bermeoko Udalak Salicako langileen eta enpresako zuzendaritzaren arteko “zubi lanak” egin ditu. Bi aldeekin egin dituzte bilerak, eta bien aldetik erakutsitako “jarrera eta errespetua” azpimarratu ditu alkateak: “Bi aldeen jarrerak ulertzen ditugu, eta garrantzitsua da guztien mesederako izango diren konponbideak bilatzea”, adierazi du. Egoera aurrera ateratzeko Salicako zuzendaritza-batzordeak duen plana ezagutzeko aukera izan du alkateak eta lehenbailehen fruituak ematea espero duela aitortu du; hala ere, egoerarekin “oso kezkatuta” daudela onartu du.
Nadia Nemeh Shomaly: “Kezkatzekoa da, ez dakigulako prozesua denboran zenbat luzatuko den, gaur egun judizializatuta baitago”
Salica enpresak izugarrizko garrantzia dauka herriko egoera sozio-ekonomikoan: bermeotar askok egiten dute lan bertan. “Egoerak familietan duen eragina ulertzen dugu, bereziki, familia bereko kide anitzek enpresa berean lan egiten dutenean. Gainera, kezkatzekoa da, ez dakigulako prozesua denboran zenbat luzatuko den, gaur egun judizializatuta baitago”, adierazi du Nemehk. Bere bulegoko ateak zabalik dituztela gogorazi die, eta konponbideak aurkitzeko helburuarekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu du.
Langileen aldarria.
“Salicako langileak dira berriz ere enpresarako plan estrategikorik ez izatearen ondorioak ordaintzen dituztenak”. Horrela hasi dute egoeraren salaketa langileek. Iaz ezarri zitzaien lehen aldiz ABEEE eta enpresak adierazi zienez, “arazo koiuntural” bati irtenbidea emateko neurria baino ez zen. Errealitatea, ordea, bestelakoa izan da: langileen ustez, ABEEE langileen jardunaldiak enpresaren beharrizanen esanetara egoteko tresna bat izan da. Salatu dutenez, enpresaren antolakuntza eta aurreikuspen faltak “kudeatzeko” tresna bat ezarri diete. Argi utzi dute iazkoa ez zela egoera koiuntural bat. “Historikoki, gure sektoreko enpresek baino kontratazio eta baldintza egonkorragoak izan ditugu. Salican, beste enpresa batzuetan ez bezala, ez da aldizkako finkoak kontratatzeko modua erabiltzen, lantaldeko 170 pertsonetatik gehienak lanaldi osoko behargin finkoak dira”, onartu dute langileek. Baldintza horiek enpresako langileek eta enpresa-batzordeak langileen eskubideak defendatzeko eta hobetzeko beti erakutsi duten prestutasunari esker izan dela aldarrikatu dute. Barne antolaketa sindikala “funtsezko faktoretzat” jo dute, eta, orain, ziurgabetasun egoera horren aurrean “ez da desberdina izango”.
ABEEEk iraun dituen ia 14 hilabeteetan langileengan sortzen ari den eragin ekonomikoa eta soziala “oso kezkagarria” dela salatu dute. Langileen esanetan, beraiek ez ezik, kontserbetako sektoreko langile guztiek ikusi dituzte haien lan eta bizi baldintzak “lausotuak”.
Langile emakumeak borrokan.
Salicako langileen ehuneko handi bat emakumezkoak dira. Egoera horrek eragiten dien “ziurgabetasunaz” gain, emakume langileak jasaten ari diren diru sarreren murrizketak zein gizarte-segurantzaren prestazioren jaitsiera onartezinak direla gogoratu dute. “Ezin dugu ahaztu sektorean emakumeak garela nagusi. Horrek esan nahi du, berriz ere, kolektibo horren eskubideak prekarizatu egin nahi direla, urte asko baitaramatzagu borrokan, genero arrakalarekin amaitzeko. Beraz, ez dugu amore emango gure enpresaren aurrean, bere pribilegioak galtzeko prest ez dagoela erakusten ari baita”, gaitzetsi dute.
Salicarena “gizarte osoaren borroka” dela aldarrikatu dute beharginek
Enpresa kudeaketa “txarraren” ondorioz, beraien eskubideetan atzerapausorik onartuko ez dutela nabarmendu dute langileek. Lanpostu finko eta ordenatua babesten jarraituko dutela aldarrikatzeaz gain, laguntzeko prest dauden instituzioei borrokan laguntzeko deia luzatu diete: “Gizarte osoaren borroka da”. Prentsaurrekoa bukatu aurretik, gai honen aurrean erakutsitako jarrerarengatik eskerrak helarazi dizkiete udal ordezkariei .
Prentsaurrekoaren ostean, bertaratutako guztiek Taraskarako bidea hartu dute. Herriko kaleetatik zehar, behin eta berriz oihukatu dute “Ez, ez, ez, ABEEErik ez” esaldia, baita “Albacora, arduraduna” ere. Taraskara heltzean, “SOS Salica. ABEEErik ez” zioen kamiseta morea jantzi diote estatuari, eta txalo zaparrada batekin bukatu dituzte aldarrikapenak.