Palestinarrei elkartasuna bidaltzeko aste aktiboagaz bat egin dute gernikarrek eta eatarrek
Gernika Palestina deialdi herritarrak martxan jarritako Elkartasun Aktiboaren Asteagaz bat egin eta elkarretaratzea antolatu du Gernika Memoriaren Lekukok zapaturako (martxoak 2), 12:30ean, Merkurion. Eatarrak ere mobilizatuko dira zapatuan, 12:15etik aurrera.
“Herrien arteko elkartasuna” ezinbestekotzat jo eta, Elkartasun Aktiboaren Astea jarri du martxan Gernika Palestina deialdi herritarrak. Gernika Memoriaren Lekukok eta eatarrek bat egin dute deialdiagaz, eta zapaturako (martxoak 2) hitzordua jarri dituzte. 12:30ean, Merkurion, elkarretaratzea egingo du Gernika Memoriaren Lekukok, eta 12:15ean Natxituan hasita mobilizazio ibiltarian elkartuko dira eatarrak; 12:55ean Bedaronan egongo dira eta 13:30ean, berriz, Ean. Natxituan autoak apainduko dituzte, eta toki batetik bestera auto karabana zaratatsuan mugituko dira; Eako ekitaldia txalaparta doinuz abiatuko dute eta, artean, megafoniatik Palestinan hildakoen izenak esango dituzte. Horrez gain, aurreratu dute herritarrek zapatilak utziko dituztela lurrean, biktimekiko elkartasun keinu gisa.
Elkartasun aktiboko kanpainak helburu hirukoitza dauka: Netanyahu nazioarteko epaileen aurrera eroatea, Gazan elkartasun proiektuak bultzatzea eta Palestina leku guztietan ikusaraztea. “Hala, ekarpenen helburua PCHR, Al Hacq eta Al Meza erakundeek hasitako bide judiziala bultzatzea izango da, genozidioagatiko salaketa Nazioarteko Zigor Auzitegira eroateko”.
Gazatarrei laguntza psikosoziala ematea eta nekazairitzako eta abeltzaintzako azpiegiturak berreraikitzen laguntzeko funtsak lortzea ere bilatuko dute kanpainagaz: “Bildutako diruarekin, nekazaritzako ekoizpena berreskuratzeko zenbait proiektu abiatzea aurreikusten da, fruta eta barazkiena hain zuzen ere, eta tomateak, piperrak eta beste elikagai batzuk landu ahal izateko negutegiak birgaitzea”. Bestalde, funtsaren beste zati bat arrantza azpiegiturak berreraikitzen laguntzeko erabiliko dute.
Palestina leku guztietan ikusarazteko, berriz, Palestinako bandera etxeko balkoietan jartzeko eskaria ere egin dute, eta, horrez gain, kanpainaren irudiaren kartela inprimatzeko eta komertzioetan, etxeetan, lantokietan edota ibilgailuetan jartzeko proposatu dute. Kanpainaren ikurra sare sozialetako profiletan jartzeko eskaria ere kaleratu dute.
Laguntzeko moduak ere askotarikoak direla esan dute; batetik, dohaitza ekonomikoa (Laborak Kutxako ES0530350083240830140015 kontu zenbakian) egitea, bestetik, Mundubat GKEren dohaitza atalean ekarpenak egitea (Bizum bidez 08736 kodearekin), eta, hirugarrenik, Palestinarekiko elkartasun taldeetan parte hartzea, bakarrik edo taldeka.
Gernika Memoriaren Lekukok ez ezik, LAB, ELA, CCOO, UGT, Steilas, CGT eta Etxalde sindikatuek zein gazte eta ikasle mugimenduek bat egin dute kanpainagaz. Hala, herrietan antolatzen diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin diete eragileek herritarrei.