Oka ibaiaren osasun egoera nabarmen hobetu da
Oka ibaiaren itsasadarrak mantenugaien -amonioa eta fosfatoak- beherakada nabarmenak izan ditu 2021az geroztik. Hain zuzen ere, Gernikako HUAren isurketen etenetik. Hobekuntzak, batez ere, itsasadarraren barrualdean eman dira, eta URAren ikerketen ondorioz, bi inflexio-puntu egon dira: 2019an, Sukarrietako eta Busturiko isuriak Lamiarango HUAra konektatzea lortu izana eta 2021an Gernikakoak berberera konektatzea lortu izana.
Gernikako hondakin uren araztegia Oka ibaiaren estuarioaren barrualdean zegoen, eta funtzionamendu desegokia zuen. Ondorioz, urak amonio eta fosfato kontzentrazio oso handiak izatez gain, gardentasun eta oxigeno disolbatu gutxiko balioak zituen.
Sarritan, eremu horretan, fitoplanktonaren eta makroornogabe bentonikoen adierazle biologikoek egoera txarra islatzen zuten. Fitoplanktona, uretan sakabanatuta bizi diren organismo fotosintetikoak dira, eta makroornogabeak, ekosistema urtarren hondoan bizi diren organismoak. Balio baxu horien ondorioz, 2013 eta 2020 urteen bitartean ez ziren ingurumen helburuak betetzen.
2021-2022ko emaitzek, Gernikako HUAren isurketa etetearen ostekoek, aldiz, egoera fisiko-kimiko oso ona islatzen dute. Amonio, ortofosfato, nitrato eta oxigeno saturazioaren batez besteko balioak behar-bezalakoak dira eta ingurumen helburuak betetzea eragiten dute. Aldaketarik nabarmenenak estuarioaren barnealdean eman dira: amonio mailaren murrizketa % 84koa izan baita eta fosfatoena % 76koa.
Uraren kalitate fisiko-kimikoa hobetzearen ondorioz, Oka ibaiaren estuarioko komunitate biologikoak (fitoplanktona eta makroornogabe bentonikoak) suspertze zantzuak islatzen hasi dira. Etorkizunean uren egoera fisiko-kimiko ona egonkortzea espero dutenez, komunitate biologiko horiek bilakaera ona izango dutela aurreikus daiteke. Horrek, Oka ibaiaren estuarioaren egoera ekologiko ona lortzea ahalbidetuko du.
Gainera, ingurumen helburuak lortzeko aurrerapauso horiei esker, estuarioko hondartzen osasun egoera hobetu egingo da. Moluskuak ekoizteko eremuen kalifikazioak eta Kontserbazio Bereziko Eremuen kontserbazio egoera ere onerantz joango da. Hortaz, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak lortu nahi dituen helburuak ere hobetuko dira.
Milioiak inbertituta.
Urdaibaiko eskualdean saneamenduan eta hondakin uren arazketan egindako hobekuntzek Oka ibaiaren estuarioko uren egoera ekologiko ona lortzea dute helburu. Guztira, 125 milioi eurotik gorako inbertsio globala egin da, eta horietatik 70 milioi euro inbertitu dituzte Uraren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzak.
Inbertsio horien artean egon dira, besteak beste, Sukarrietako hondakin urak ponpatzeko lurpeko estazioa, Mundaka-Lamiarango araztegia tartea, Sukarrieta-Lamiarango araztegia tunel bidez edota Gernika-Lumotik Busturiarako tartea eraikitzea.
Gaur egun ere hainbat proiektu daude martxan. Momentu honetan, Ajangiz-Gernika kolektorearen zati gehigarri bat ari dira eraikitzen, eta Muxika-Ajangiz arteko kolektore zatiari ekiteko proiektua idazten ari dira.