"Epaiketa eguna jartzea eskatzen dugu, eta hori prozesu garbia izatea"
2022ko otsailaren 28an espetxeratu zuten Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarra, Errusiarentzat espioitza lanak egitea leporatuta. Ordutik preso dago Polonian, bere kontrako probak ezagutu barik. Etzi Gonzalez askatzeko eskatuko dute Gernikan.
Etzi bi urte beteko ditu Pablo Gonzalez kazetariak Polonian preso. Errusiarentzat espioitza lanetan aritzea leporatzen diote, baina oraindik ez dute epaitu eta ez dituzte haren kontrako probak ezagutarazi. Inkomunikatuta eta “preso arriskutsu legez” kartzelaratuta zuten, eta bi urtetan egoera ez dela aldatu salatu du haren bikote Oihana Goirienak.
Zortzigarrenez luzatu diote espetxeratzea, eta bi urte beteko ditu Pablo Gonzalezek kartzelan. Zelan bizi duzue egoera? Badaukazue azken albisterik?
Berriak apurka-apurka ailegatzen zaizkigu. Ze, beragaz komunikazio zuzenik ez daukagunez, dakizkigun azken berriak abokatuen bitartez jasotzen ditugu: jakin badakigu balorazio akta izan zuela joan den astean eta han berriro espetxealdia beste hiru hilabetez luzatzea erabaki dutela, eta maiatzera arte egongo dela kartzelan. Oraindik ofizialki ez dugu idatzizko ebazpena jaso, baina seguru asko orain arte erabili dituzten argumentu berdinak erabiliko dituzte espetxeratzea luzatzeko. Argumentu nagusia da ikerketa martxan dagoela eta bitartean kartzelan egon behar duela, ikerketa hori oztopatu egin ahalko lukeelako kalean. Hori izan da orain arte pisu gehien izan duen arrazoia, eta uste dugu berdin jarraituko dutela, baina bestela ere, badaude argumentu gehiago: ihes egiteko arriskua, delitu edo lege hauste bat egin duenaren zantzua, eta zigorra jasoz gero, hori oso luzea izango litzatekeela.
Eta berari buruz zer dakizue?
Pablori buruz dakiguna ere abokatuek kontatzen digute. Joan den astelehenean eta martitzenean abokatuek bisitatu zuten kartzelan, bai Gonzalo Boyek, bai Poloniako abokatu taldeak, eta osasunez ondo eta animoz ere ondo ikusi zuten, baina egun horretan pozik eta indartsu egotea normala da, normalean ez duelako jende askorik ikusten. Osterantzean, guk ditugun albiste bakarrak gutun bidez heltzen zaizkigu, baina uste dut azken gutuna abenduaren amaieran jaso nuela, eta azaroaren hasieratakoa zela. Eusten ari da, ahal duen moduan.
Espioitza leporatzen diote, baina oraindik ez dituzte karguak zeintzuk diren esan. Bi urtetan horren berririk ez duzue jaso?
Espioitza leporatzen diote, baina bi urte igaroko ditu preso, eta, ofizialki, oraindik ez dituzte kargu zehatzak ez frogak aurkeztu. Ez dute epaiketarako egunik jarri, eta badirudi ez dutela horretarako presarik. Ikertzen dabiltzala argudiatzen dute, baina ez dute presarik horretarako. Gainera, abokatuak ikusi berri du –fiskaltzagaz elkartu ostean–, orain dabiltzala duela bi urte eginda egon beharko liratekeen ikerketa diligentziak egiten; hau da, berak hasiera hasieratik salatu duen moduan, lehenengo atxilotu egin dute, eta gero hasi dira ikertzen.
Preso arriskutsu modura dute gainera, horrek dakartzan mugekin.
Bere egoerak berdina izaten jarraitzen du, eta preso arriskutsu modura sailkatuta dute, beraz, isolamenduan egon behar du. Ez da bakarkako isolamendua, beragaz beste preso bat dagoelako ziegan, baina segurtasun goreneko modulu batean sartuta dute, kartzela barruan hesiz inguratuta dagoen eraikin txiki batean, eta ezin dira hortik atera. Isolamenduan egoteak, kasu honetan, esan gura du ezin duela partekatu espazio komunik: patio handiak, jantokia, liburutegia, ekonomatua… ezin du horietara joan. Hau da, euren moduluan eta ziega barruan egon behar dute, ziegan, gainera, 23 orduz. Hortik patio txiki batera atera daitezke, bakarrik edo gelakideagaz.
Horrez gain, inkomunikatuta ere jarraitzen du.
Bai, inkomunikazio gogorra du. Ez da %100eko inkomunikazioa, ze gutunak idatzi ahal ditu, baina zuzeneko komunikazioaren gabezia dauka: ez diote uzten gurekin telefonoz berba egiten, ez eta bideokonferentziaz ere. Komunikatzeko modu bakarra gutunak dira, eta horiek zentsura pasatu behar dute. Ondorioz, bi hilabetetara ailegatzen zaizkigu. Izan ere, gutunak itzuli, irakurri, lupagaz aztertu, gorde, eta gero bidaltzen dituzte.
Hala, bi urtetan bi aldiz bakarrik bisitatu ahal izan duzue familiakoek.
Urteko bi orduko bisita bat izan dugu, bai. 2022ko azaroan lehenengoa, eta iazko ekainean, bigarrena. Eta bisitak ere intimitate barikoak dira. Lehenengoan ni bakarrik egon nintzen, eta gurekin egon zen zerbitzu sekretuetako agente bat, eta bigarren bisitara, berriz, Pavelen ama eta gure seme zaharrena ere etorri ziren. Orduko horretan, itzultzaileak, zerbitzu sekretuetako agente bat eta hiru funtzionario egon ziren.
Poloniak, gainera, ez dauka behin behineko kartzelaldiak ezartzeko legezko mugarik, ezta?
Europar Batasuneko estatu gehienek ezarrita dute behin behineko espetxealdia zenbatera artekoa izan behar den. Badute muga bat, eta, gehienetan, hori bi urtekoa izaten da. Hala ere, estatu batzuetan, bi urteko prebentziozko espetxealdia luzatu daiteke, salbuespenez; Espainian, esaterako, beste lau urtera arte. Baina Polonian behin behineko espetxealdiak ez dauka legezko mugarik.
Eskaerak, beraz, argiak: Espainiako Gobernuari indar eta presio gehiago egitea.
Pavelek hasieratik dauka asistentzia kontsularra, kontsularen laguntza, baina hori ez da nahikoa. Hemen presioa egin behar da, diplomatikoki eta politikoki. Eta hori da Espainiako Gobernuari eskatzen dioguna. Ze, azken batean, asistentzia diplomatikoa asistentzia administratiboa da, ez da askoz gehiago, eta indar gehiago egin behar da. Epaiketa eguna hainbat eta arinen jartzea eskatzen dugu, eta hori prozesu garbia izatea, ze berandu datorren justizia ez da justizia. Hori horrela dago onartuta nazioarteko itunetan. Bien bitartean, eskatzen dugu baldintzapeko askatasunean uztea epaiketaren zain, eta hori posiblea ez balitz, uste dutelako ikerketa oztopatu dezakeela, eskatzen dugu behin behineko kartzelaldia Espainiako kartzelaren batean betetzea, familiarengandik hurbil. Eta hori ere posible izango ez balitz, bere animoa altxatuko lukeelako edo, ba kartzela barruko baldintzak gizatiarrak eta duinak izatea eskatzen dugu. Hau da, bisita erregularrak jasotzeko baimena izatea, batez ere, telefono bidezko komunikazio erregularra ezartzea, gutxienez semeekin berba egin ahal izan dezan. Hori bizitza familiarra izateko eskubidea da, eta ez bakarrik berea, bere hiru adin txikikoena ere bai. Ze horiek ere ezin dute euren aitarekin berbarik egin. Seme zaharrenak bi urtetan bi orduz ikusi du, eta beste biek hori ere ez. Ezin dezaket esan ez altuago, ez sarriago: gutxienekoa eskatzen dugu, legezkoa. Ez dugu pribilegiorik eskatzen.
Gutxieneko eskubide horiek Poloniako agintariei eskatzeko eskaera egin diozue Espainiako Gobernuari, ezta?
Bai. Ez dugu uste Espainiako Gobernuak presioa egitea legea hausten denik. Poloniako agintariei gutxieneko eskubide horiek betetzeko eskaera egiteko eskatu diogu Espainiako Gobernuari, modu publiko zein pribatuan, berdin dio, baina eskaera egitea nahi dugu. Eta eskatzen dugu publikoki ez esateko Pabloren eskubide guztiak, denak, komunikazio zuzenerako eskubidea barne, bermatuta daudenik, ze ez da egia. Hori esanez, jendeak pentsa dezake dena dagoela ondo, ez dagoela zertaz kexatu, ez duela ezeren beharrik, baina ez da horrela.
Abokatuek ze aurreikusten dute? Badakite epaiketa noiz izan daitekeen?
Ez dakite, idearik ere ez daukate. Euren beldurra da hau luzerako izatea. Ze Polonian behin behineko espetxeratzeko legezko mugarik ez dagoenez, euren beldurra da hau gehiago luzatzea, nahi duten beste. Zigorra epaiketa barik betetzea, alegia.
Instituzioen aldetik falta den babesa herritarren aldetik jasotzen ari zarete?
Bai, hainbat ekitaldi publiko egin dira Pabloren egoera salatzeko, eta herritarrek bat egin dute horietan. Nabarnizen, esaterako elkartasun argazki bat atera genuen Gabonetan. Lehenengo Olentzero etorri zenean batu ginen frontoian, eta biharamunean, plazan atera genuen argazkia. Gero, Pablori bidali genion, erakusteko ze babes daukan herrian, eta berak ikusteko ez dagoela ez ahaztuta ez bakarrik. Badakit hainbatek gutunak ere bidali dizkiotela, eta horiek jasotzen dituela, ez denak, baina batzuk bai. Madrileko babes taldeak, esaterako, Pablori Gabonak zoriontzeko kanpaina bat jarri zuen martxan azaroan, eta badakit, duela bi aste jaso zituela herritarrek egindako elkartasun postal horiek.
Kalera ateratzea garrantzitsua da, jendea aktibatzeko, ahotsa altxatzeko, presioa egiteko.
Babes instituzionala falta den honetan, babes zibila, herritarrana jaso dezala nahi dugu, bai berak, bai isilik dauden instituzioek zein isilik dauden komunikabideek. Ze hori ere sarritan salatu dugu. Euskal Herritik kanpo, bere gremioa ez dabil jarrera korporatiboa erakusten. Hemen jarraipen nahikoa izan du Pabloren espetxeratzeak, baina hemeendik kanpora, zuhurtzia handiz edo lotsa handiz ari dira gaia lantzen. Orduan, ba, eureri ere erakutsi behar zaie arazo bat dagoela, eta zarata egin behar da horretarako. Kalera atera behar da ahotsa altxatzera. Euskal Herrian Garako kolaboratzailea zen, eta Publikon ere lan egiten zuen. Horiengandik ezin dut ezer esan, ze oso zorrotz jarraitu dute kasua, ausartu dira gertatzen ari dena ozen esaten. Eta hori, lekuz kontrako jarrera hartu barik egin dute, ze ez dugu hori eskatzen, ez dugu uste komunikabideek hori egin behar dutenik, baina egoera salatu egin behar dute: zelan dagoen, ze eskubide urratu zaizkion, zein den bizitzen ari den egoera… Horretan, Publico oso zorrotza izan da, baina besteak? EFE, La Sexta…? Bi urte daramatza ia hasierako puntuan, egoerak blokeatuta jarraitzen du.
Pablo Gonzalez kazetariaren kaleratzea exijitzeko eta Euskal Herriratzeko manifestazioa antolatu du Gernika Memoriaren Lekukok etzirako; Prentsa askatasuna. Pablo Gonzalez askatu lelopean, 19:00etan Gernika-Lumoko Merkurion batzeko hitzordua jarri dute, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Madrileko babes taldeak ere elkarretaratzea egingo du etzi, ordu berean, Espainiako kanpo harremanetarako ministaritzaren aurrean. Horrez gain, Oihana Goirienak esan du elkartasun jaialdia egin zutela barikuan Madrilen, Gonzalezen defentsarako diru bilketarako. EITBko kazetariek ere elkarretaratzea egingo dutela dio, Miramonen eta Bilbon.
Hala, gogoratu du Gonzalezen epaiketa eta defentsarako gastuei aurre egiteko sostengu ekonomikoa lortzeko crowfundinak zabalik jarraitzen duela, ohiko bideetatik.