Amets berriak ereiteko asmoa erakutsi du aurten ere Errigorak
10 urte bete berritan, martxan da Errigoraren udaberriko kanpaina. Martxoaren 13ra arteko epea dago, eskariak egiteko. Hainbat ardo mota jaso ahalko dira aurten, berrikuntza legez.
2023an bere ibilbideko hamargarren urteurrena bete ondoren, Errigorak indarrez gainezka eta euskararen alde bultzada emateko adoretsu lan egiteko borondatea du oraindik. Ilusioak lehen egunean bezalaxe eta herrigintza nahiz euskalgintza jomuga, aurtengo udaberriko kanpaina abiatu dute. Nafarroa hegoalde eta erdialdean euskara zein euskaltzaletasuna sustatu asmoz, aurten udaberriko kanpaina otsailaren 25etik martxoaren 13ra bitartekoa izango da. Egun horretara arteko tartea dute euskal herritarrek, horrenbestez, beraien eskariak egiteko.
Eutsi gureari! lelopean aurkeztu dute udazkeneko kanpaina Lakarko (Nafarroa Garaia) Lezain upategian. Joandakoari eta lortutako guztiari aitortza egin zioten, baina “oinak gaurko lurrean sentituz”. Aurrerapausoak egiteko deialdia luzatu diete Errigorako kideek euskal herritar guztiei, zailtasunak “falta ez diren garaiotan”. Hain zuzen ere, Errigorako boluntarioek, besteren artean, olioaren prezioaren “eromena” dute ahotan, produktu jakin batzuek jasan behar duten merkantilizazioa argitze aldera.
Asko eta asko dira trabak. Asko eta asko dira gabeziak. Ager eremuan esplotazioen %36 desagertu dira azkenengo 12 urteetan, eta Nafarroan nekazarien %7k besterik ez ditu 40 urte baino gutxiago. Ez hori bakarrik: urteko 4.000 garbantzu tona kontsumituagatik ere, berton 100 eskas bakarrik ekoizten dira.
“Nekazarientzako lan baldintza duinagoak ditugu jomuga, baita merkatu logikatik atera ahal izateko estrategiak lantzea ere”
Zailtasunon aurrean, bideak emandako emaria nabarmendu dute: 10.000 kontsumitzailetik gora proiektuaren konplize izatea; tokiko ekonomiaren sustapena; ekoizpen agroekologikoari emandako bultzada; euskalgintza eta ekoizpen mundua ezkontzea. Aurtengo udazkeneko kanpainari begira, esperantzarako eta eusteko deia egin diete herritarrei, ereiten ari diren “amets guztiak” gogoan edukita: “Nekazarientzako lan baldintza duinagoak ditugu jomuga, baita merkatu logikatik atera ahal izateko estrategiak lantzea ere; horien artean daude ekoizle eta kontsumitzaileen arteko akordioak sortzea, kontzumo elkarte zein eragileekin aliantzak egitea edota ekoizpen nahiz elaborazio bitartekaritzak eratzea. Modu horretan, lurrak erosi ahalko lirateke, lur komunaletan hitzarmenak adostu, ontziratze azpiegiturak geureganatu, olio errota komunitarioak sortu, eta abar luze bat”.
Udaberrirako eskaintzaz.
Orain arteko molde berberagaz behar egingo du aurtengo udaberrian Errigorak. Beren helmuga urte osorako eskaerak sustatzea denez, oliba olio birjina estra bidoi handietan eskainiko dute, eta gainontzeko produktuak, ostera, hamabi unitateko loteetan. Salbuespen bakarra arroza izango dela argitu dute: sei unitateko loteetan salduko dute hori.
Ardo bereziak eta Ardo gorenak izeneko eskaintzak dira aurtengo berritasunik azpimarragarrienak
Berrikuntzak dira kanpainaren bereizgarri esanguratsuenetakoa. Izan ere, ardo ekoizleak proiektuaren are partaideago izango dira aurrerantzean. Hori horrela, Ardo bereziak eta Ardo gorenak izeneko eskaintza bi egongo dira. Lehenengoa Errigoran parte hartzen duten upategietako ardo bitxien hautaketa da, “ekonomikoa izan arren berezia den sorta”. Bigarrenagaz, aldiz, ardoen lan ildorik “klasikoenak” jorratu gura izan dituzte. Izan ere, ardo onduak izango dira protagonista, “dedikazioa handiagoa behar duten elaborazio luzeko ardoak”. Bestalde, babarrun gorriak ere eskuragarri egongo direla nabarmendu dute.
Funtzionamenduari buruz.
Eskaerak egin gura dituztenek Errigorako web orrialdea izango dute horretarako bide nagusi: www.errigora.eus da euren webgunea. Horrez gain, telefono bidez ere egin daitezkeela aurreratu dute: Hego Euskal Herritik deituz gero, +35 848 87 12 23 telefono zenbakira deitu beharko da; Ipar Euskal Herritik eginda, ordea, +33 532 09 35 45 telefono zenbakira deituta.
Ordainketa guztia batera edota zati bitan egiteko aukera dago
Eskatzaileek beraien eskariak jasotzeko tartea apirilaren amaiera eta maiatzaren hasiera bitartekoa izango dela iragarri dute. Gainera, eskatzaile bakoitza hobestutako egutegi eta ordutegi bat hautatu ahalko du, eta produktu sorta aukeratutako gunean jasoko dute. Ordainketa egiteko, modu bitara egiteko aukera edukiko dute: batetik, kopuru guztia batera ordain daiteke, eskudirutan, behin produktuak jasota; bestetik, online eginez gero, zati bitan ere ordain daiteke.