Eraso matxista "irmoki gaitzetsi" dute Ean
Bedarona, Natxitua eta Eako Andrak taldeak deituta, emakume batek eguazten gauean udalerrian jasandako erasoa salatu, eta emakumeari zein haren hurbilekoei babesa adierazi diete.
Bedarona, Natxitua eta Eako Andrak taldeak eguenean jakinarazi zuen aste honetan eraso matxista gertatu dela Ean, eta taldearen deialdiari erantzunez, elkarretaratzean batu ziren atzo arratsaldean [otsailak 23], Donibane Plazan.
Erasoa jasan zuen emakumeari eta haren hurbilekoei elkartasuna eta babesa helarazteagaz batera, indarkeria matxistaren kontrako mezu argia zabaldu zuten: “Berriro ere, eta zoritxarrez, atsegina ez den egoera baten aurrean gaude. Gaurkoan, hain zuzen ere, aste honetan gertatutako erasoa irmoki gaitzesteko batu gara. Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxista Giza Eskubideen urraketa larria dela, eta lehen mailako gizarte arazoa”.
Erasotzaileek udalerrian lekurik ez daukatela esan zuten. “Argi eta garbi adierazi nahi dugu gure herrian ez dugula onartzen emakumeen kontrako indarkeriarik, eta ozen diogu ez dela egongo erasorik erantzunik barik geldituko denik. Erasotzaileek ez dute lekurik gure kaleetan, ezta gure bizitzetan ere, eta gaur eta beti aurrean izango gaituzte”.