Herriaren aniztasunaren ispilua
Allende Salazar Herri Ikastetxeak 50. urteurrena beteko du aurten. Hori ospatzeko, eskola komunitateko eta udalerriko eragileen artean egitarau oparoa prestatu dute.
Bidea oinez egiten da: apurka-apurka, gauzak maitasunez eta su txikian onduz, xehetasun guztiei merezi duten garrantzia eta denbora emanez. Hori ondo baino hobeto dakite Gernika-Lumoko Allende Salazar Herri Ikastetxean. Izan ere, hezkuntza zentroak bosgarren hamarkada beteko du aurten. 1974. urtean ekin zioten izaera herrikoia, publikoa eta irekia duen hezkuntza proiektuari, eta 50 urtez eutsi diote hain garrantzitsuak eta bereziak diren balore horiei.
50. urtemugarako, ospakizunean oinarritzea erabaki dute: ikastetxeko parte direnei eta izandakoei omenaldia egitea edo, beste berba batez, ikastetxeko komunitatea eta hura babestu duten guztiak babestea. Horretarako, hainbat ekimenez osatutako egitarau oparoa josi dute bertako lantaldeko denetariko eragileek. Elkarlana da beren bandera. Taldean egiten den beharrak inportantzia handiagoa eta esangura bereziagoa dituelako.
Martxoaren 2an bertso bermuta eta bertso bazkaria egingo dituzte
Ospakizun egitarau horrek hainbat geltoki berezi eta hunkigarri edukiko dituela aurreratu dute. Horietako lehendabizikoa hurrengo asteburuan izango da: martxoaren 2an, goizez, bertso bermuta egingo dute; ikastetxeko bertsolaritza eskoletako irakasleak, Lilibertsoko kide Ander Elortegi Garateak, gidatuko du saio hori. Elortegigaz batera arituko da, gainera, Allende Salazarreko ikasle ohi Koldo Gezuraga Seijido bertsolaria. Ez hori bakarrik: bertso bermutaren ondoren, bertso bazkaritan elkartuko dira bertaratzen diren guztiak. Goi mailako partaidetza edukiko du bertso bazkari horrek, bertan egongo baitira lehen lerroko bertsolari bi: batetik, Maialen Lujanbio Zugasti hernaniarra eta, bestetik, Jon Maia Soria urretxuarra.
Martxotik maiatzera bitartean, ospakizunerako grinak ez du behera egingo. Laster emango dituzte aditzera 50. urteurrena goi-goitik ospatzeko prestatu dituzten egitasmo guztiak. Edozelan ere, herritarrek edukiko dute zer egin eta zertaz gozatu, ikastetxetik azaldu dutenaren arabera: “Era guztietako ekimenak prestatu ditugu, eta denak parte hartzera gonbidatuta egongo dira. Besteak beste, mendi irteerak, kale erakusketak edota hitzaldiak egongo dira. Antolatuko ditugun jarduera guztiak ikastetxeko komunitateko eragile guztiek elkarrekin prestatu dituzte, eta zentroaren 50 urteko ibilbidea gogoratzea eta bide hori omentzea izango dute ardatz nagusi”.
Maiatzak 18: «egun handia».
Maiatzaren 10ean, ikasle eta irakasle ohiak afaritarako elkartuko dira. Egun bi beranduago, maiatzaren 12an, umeei “bereziki” zuzendutako ikuskizun «oso eder bat» egingo dute iragarri dute. Maiatzaren 18a izango da, dena dela, ospakizunak gailurra joko duen “egun handia”: “Egun osoko jaialdia prestatzen ari gara, eta momentuz aurreratu dezakegun bakarra da egitarau oso borobila eta oso potoloa izango dela. Zuzeneko musika ere egun osoan zehar protagonista izango da. Horrez gain, udalerriko denetariko elkarteekin nahiz eragileekin batera tailerrak eta jarduerak egingo ditugu”.
“Ikastetxea hobetzeko eta seme-alaben heziketa prozesua eta ongizatea bermatzeko bidean, Guraso Elkartea ezinbesteko piezetako bat da”
Ekimen horietarako eta laster aurkeztuko dituzten gainontzekoetarako aurreikuspenak oso itxaropentsuak direla iragarri dute. Bai eskola komunitatea, bai herritarrak eurak mende erdiko bidearen ospakizunaren parte hartzaile izatea da helburu nagusia. Izan ere, hainbat eta hainbat belaunaldi “parekidetasunean, berritasunerako grinean eta euskaran” hazi eta hezi dira eskolan, eta balore horiek guztiok goraipatuko dituzte aurten. Gogoan izango dute “egungo egoeretara moldatzeko” egunero-egunero erakusten duten gaitasuna. Horrez gain, Guraso Elkartearen ekarpenak eta eskolaren funtzionamendua duen presentzia ere gogoan edukiko dute dituzte: “Ikastetxea hobetzeko eta seme-alaben heziketa prozesua eta ongizatea bermatzeko bidean, ezinbesteko piezetako bat da”.
“Ikasleak justiziaren, berdintasunaren eta euskaltzaletasunaren baloreak oinarri hartuta hazi dira”
Urteak joan, urteak etorri, Allende Salazar Herri Ikastetxea Gernika-Lumon eta inguruan dauden denetariko errealitateen biltoki izan da: “Eskola herriko aniztasunaren ispilu gardena izan da, belaunaldiz belaunaldi. Ikasleak justiziaren, berdintasunaren eta euskaltzaletasunaren baloreak oinarri hartuta hazi dira; zutabe horiekiko konpromisoak eta ardurak bere horretan diraute oraindik ere. Gure kulturan, inklusioan eta kohesioan sustraitutako gizarte bat eraikitzea da eskola komunitateak duen helburu nagusia”.