"Haurrenganako indarkeria ulertzeko ezinbestekoa da atzemate prozesua ulertzea"
Umeenganako indakeriari buruzko hitzaldia eskaini dute Godoyk eta Urizarrek Gernika-Lumon. Biktimek bizi duten errealitatea azaldu, horiei denboran eskaini beharreko laguntza nabarmendu, eta gaia landu beharra azpimarratu dute.
«Gero eta ohikoagoa da gure kaleetan, herrietan edo hirietan sexu erasoen kontrako manifestazioak egitea edota komunikabideetan salaketa horiek agertzea. Posizionamendu instituzionala ere ez da falta. Baina, egoera ondo aztertuz gero, mobilizazio horietako gehienak emakume helduen kontrako sexu erasoak salatzeko dira. Eta hori deigarria da, kontutan hartzen badugu sexu erasoen erdiak haur eta gazteen kontrakoak direla». Maitane Urizar haurren kontrako indarkerian espezialistak Gernika-Lumon emandako hitzaldian esandako berbak dira horiek. Urizarrek adierazi du horiek salatzeko aurrerapausoak eman diren arren, haurrenganako indarkeriak tabu izaten segitzen duela.
Baina zertan datza haurren kontrako indarkeriak? Edozelako kontaktu edo elkarrekintza sexuala da; hau da, indarkeria horretan kontaktu fisikoa egon daiteke, edo ez. Urizarrek dio ez dagoela hori azaltzeko definizio bateraturik, baina Osasunaren Mundu Erakundearena gustatzen zaio berari, nerabeetan bereziki garrantzitsua den aldagai bat jorratzen duelako: aldagai kognitiboa. «Biktimek ez daukate gaitasun kognitiborik gertatzen ari denaz eta gertatzen ari den horrek izan ditzakeen ondorio traumatikoez kontzientzia hartzeko», azaldu du espezialistak.
Eta dio hori dela gaiak tabu izaten jarraitzearen adibide garbia: «Ez dago erregistro bateraturik, ikerketa oso gutxi daude, baina jakin badakigu maila ekonomiko, kultural eta gizarte guztietan modu parekatuan ematen den biolentzia dela». Izan ere, ikerketek erakusten dute bost umetik batek sufritzen duela. «Hala ere, kontutan hartu behar dugu datu hori euren burua biktima gisa identifikatu dutenen datua dela, baina abusua jaso dutenen %40k ez duela abusu hori gogoratzen». Horrek ez du esan nahi ondorioak ez dituztela sufrituko, «sufritu, sufrituko dituztelako», Urizarren berbetan. Orokorrean, 13 urte bete baino lehenago ematen dira sexu abusuok.
“Gizarte guztietan modu parekatuan ematen den biolentzia da”
Ikerketek erakusten dute zaurgarritasun maila zenbat eta «altuagoa» izan, orduan eta aukera gehiago daudela sexu abusua sufritzeko: desgaitasuna duten bi neskatotatik eta hiru mutikotatik banak sufritzen du. «Kasu horietan, ez gara haurtzaroan sufritutako sexu abusu batzuez ari; askotan, bizitza osoko sexu abusuez gabiltza, zaurgarritasun maila mantentzen delako», azaldu du Urizarrek. Babes egoitzetan egoten diren neskatoen kasuak aztertuz gero, bost neskatotatik bik baino gehiagok pairatzen dituzte.
Eta nortzuk dira abusatzaileak? «Ez dago profilik. Ez dago profilik, genero biolentziarekin ez dagoen bezala. Bi berbatan: edozein izan daiteke erasotzaile. Izan daiteke itxura txarra duena, baina baita pertsona fidagarri bat ere». Urizarrek dioenaren arabera, familia bateko sexu abusuetan, «aitaren figura da abusatzaile nagusia», eta desgaitasuna dutenen kolektiboetan, berriz, zaintzaileak. «Beste kolektiboetan, orokorrean, familia edo umearen konfiantzazko pertsona bat izaten da erasotzailea. Izan ere, 13 urte baino gutxiagoko biktimak badira, nork uzten ditu bere seme-alabak ezezagun batekin? Ezinbestean, ezaguna, laguna, kidea edota senidea izan behar da abusatzailea. Nahiz eta profilik ez egon, badakigu gizartean erabat integratuta daudela, profesionalki gailurtuak izan daitezkeela, orokorrean ezkonduta egon ohi direla, bikote harreman arrakastatsuak dituztela, eta aurrekari penal eta judizialak ez dituztela. Bestela esanda: ez daukagu gaitasunik pertsona bat pederasta den edo ez jakiteko. Hori onartu eta barneratu egin behar dugu, bestela ezingo diogu biolentzia horri aurre egin». Ikerketek erakusten dute erasotzaileen erdiak onartu duela euren lehen erasoa 16 urte baino gutxiagogaz egin izana.
“Indarkeriaz berba egin ezean, ezinezkoa izango da detekzioa”
Babes figura, berriz, ama izaten da. «Ama da denbora luzeenez eta gehien biktima laguntzen duena. Eta hori oso garrantzitsua da; izan ere, amaren laguntza iragarle hobea da, biktimak izan ditzakeen ondorioak arintzeko. Gure atxikimendu figura nagusia da eta, figura horien babesa jasoz gero, dena hobeto joango da. Laguntzak testigantza osatua dakar, baita atzera buelta gutxiago ere. Eta hori garrantzitsua da, lau biktimatatik batek atzera egiten duelako».
Atzemate prozesua
Haurrenganako sexu abusuen problematika ulertzeko, «ezinbestekoa» da atzemate prozesua ulertzea, Urizarren berbetan. «Hori ulertzen ez badugu, ez dugu sexu abusua ulertzen, ez dugu problematika ulertzen, eta seguruenik oso zaila egingo zaigu biktima bera ulertzea ere». Bere ustez, prozesu horrek antzekotasun gehiago ditu genero biolentziaren prozesu batekin, sexu eraso puntualekin baino. «Ulertu behar duguna da, abusatzailearen helburuetan, azkena umea dela. Lehenengo, umearen babes espazioan barneratu behar dira. Erasotzaileak oso trebeak dira besteen sentimenduak maneiatzen, eta konfiantza erabiliko dute horretarako. Egoera nahasiez aprobetxatuko dira, esanahi bikoitzeko portaerez. Biktimek, askotan, sexu abusu egoerak kontatzen dituztenean, bereziki txikiak direnean, oraindik konnotazio sexuala ulertzen ez dutenean, jolas batzuez, higiene ezagutza momentu batez… berba egiten dute. Izan ere, tratu maitakor eta laguntzailea saltzen dute erasotzaileek, biktimek eurekin egon nahi izatea lortuz. Eta, horrela, helduko da momentu bat biktima abusuaren erantzule sentituko dena; bien erantzukizuna izan dela sentituko du», argitu du ikertzaileak.
“Ezinbestean, ezaguna, laguna, kidea edo senidea izan behar da erasotzailea”
Biktima askori abusu egoera noiz hasi zen identifikatzea asko kostatzen zaie. «Biziraule helduen erdiak gaur arteko dependentzia emozionala du. Horrekin esan gura dut ez dagoela ondorioei buruzko zerrendarik. Baina badago ezabatu nahiko nukeen uste faltsu bat, biktimei sekulako miña egiten diena: biktimak ez dira abusatzaileak izango. Biktima batek biktima baten posizioa mantentzeko joera izango du, ez abusatzailearena».
Umeenganako sexu abusuak indentifikatzeko, beraz, Urizarrek azpimarratu du beharrezkoa dela «behaketa eta entzuketa aktiboa» lantzea. «Umeak erasoak kontatzen saiatzen dira. Eta nik helduei beti gomendatzen diet ziurtatzeko haurrek kontatu gura duten hori ez dela abusua», dio.
Izan ere, haurrenganako indarkeria abusu kronikoa da, denboran irauten duena. Atzemate prozesu baten bitartez hasten da, normalean biktimek 13 urte baino lehenago dituztenean, «sexu hezkuntza afektiboaren falta» dutenean: «Umeei ez diegu sexualitateari buruz ezer erakusten. Eta horrek zer dakar? Erasotzailearen hezkuntza dela biktimak daukan bakarra. Erasotzaileak esandakoa sinetsiko du. Eta horrek guztiak zer ekar dezake? Bizitza osoan irauten duten ondorio larriak».
“Laguntza jasotzeak testigantza osatua dakar, baita atzera buelta gutxiago ere”
Azpimarratu du abusu bat ez dela ahazten. «Biktimak soinean eroango du, eta, erreparazio prozesu bat egin ezean, usain, kolore edo hitz jakin batzuek hori gogorarazi diezaiokete». Hori dela eta, gaia tratatu behar dela dio: gaiaz naturaltasunez hitz egin. «Hori egin ezean, ezinezkoa da detekzioa. Gai hau ez da profesionalen karreretan edo masterretan lantzen; ez da formakuntza jarraituetan jorratzen».
Hala ere, detektatzen diren hamar kasutatik bat baino gutxiago salatzen dira. «Kataluniako irakasleekin egindako ikerketa baten arabera, euren artean, %73k sumatu zituen haurrenganako indarkeria kasuak euren ibilbide profesionalean, baina horietatik %28k ez zuen jakinarazpenik egin. %59k dio ez zekiela beraien espazio profesionalean protokolorik zuten edo ez. Eta bataz besteko hori Euskal Herrian ere betetzen dela esan dezaket», dio.
Eta susmoez gain, errebelazioak ere badaude. Zer gertatzen da horiekin? %3tik %9ra artean, profesional bati kontatu diote, eta %4tik %7ra artekoek salatu edo jakinarazten dute. «Helduak direla kontatzen du gehiengoak, edo inoiz ez». Haurrak zirela kontatu zuten bizirauleen artean, %70k dio ez zuela laguntzarik jaso edo apenas jaso zuela. «Sei biktimatik bakarra sentitzen da sinistua eta lagundua. Errebelazioak badauka bere garrantzia, izan ere, errebelazio hori egitean, trauman eragina duen eragile zuzena da sinetsia sentitzea». Horrenbestez, bizirauleek adierazi dute arrangura gehiago dietela babestu ez zietenei, abusatzaileari baino. «Izan ere, biktimak babesten ez ditugunean, adierazten diegu ez dutela babestua sentitzerik merezi. Eta, babesteko erabakia hartzen dugunean, berriz, biktimari dioena sinisten diogula aditzera ematen diogu».
Pepe Godoyk umetan futbol entrenatzailearengandik sexu jazarpena jasan zuela publikoki salatu zuen 2018an. 8 urte zituenetik 11 urteetara bitartean modu jarraituan abusatu zuen berataz bere entrenatzaileak, eta Youtuben eskegitako bideo batean salatu zuen hori. «Nire konfiantza irabazi zuen. Nahi nituen gauza guztiak erosi zizkidan: zinera eramaten ninduen, kamisetak erosi, musika eta pelikulak eskaini…», azaldu du Godoyk.
Abusuak publiko egin ostean, Basaurin sekulako erantzuna egon zela adierazi, eta biktimak babestaren garrantzia azaleratu du: «2.000 laguneko elkarretaratzea egon zen, eta gero, 6.000 pertsonako manifestazioa. Udalak ez zuen gaitzespen oharrik kaleratu, baina elkarretaratzera batu zen. Denek zekiten Basaurin biktima gehiago zeudela, eta klubari berdin izan zion. Ez zuten aztertu». Denboragaz, gainera, jakinarazi zuen zazpi biktimak salatu zutela erasotzailea.
«Klubaren aurkako borroka bat genuela zirudien, baina ez. Guk klubeko zuzendariek erantzukizuna hartzea gura genuen, taldea zuzentzen zuten bi pertsona horiek kluba gidatzeari uztea, alegia. Besterik ez. Herriko jendea ondo portatu zen, baina futbol eskolaren asmoa gaia ahaztea zen. Hala ere, ez da ahaztu. Esan behar da udalak diru laguntza eskeintzen diela oraindik, Athletic-ek eurekin lan egiten duela… eta horrek, biktima modura, amorrua ematen du. Baztertuak izan behar zuten, abusatzaileak hamabi urte igaro zituelako haurrekin harremanetan».
“Gizarte mugimenduak dira gertaera bat gizarte arazo bihurtzen dutenak”
Kontatu du berak kalera irteteari utzi ez arren, «antsietate eta izu-eraso asko» bizi izan zituela: «Eta hori familian bizi izan genuen. Jendeak laguntza eskaintzen zidan, baina denbora aurrera doa, eta biktimak bakarrik geratzen dira. Horregatik uste dut biktimari laguntza ematen jarraitzea oso garrantzitsua dela. Biktimak salaketa jartzeko urratsa ematen du, publiko egin du abusua, eta denboran lagundu egin behar zaio».
Zergatik ez lehenago?
Biktimek zergatik ez duten lehenago publiko egiten itauntzen dute askok. Eta galdera horrek «min» egiten die biktimei. «Egin behar ez denaren adibidea da. Ze hori galdetzerakoan, ez kontatzeko erantzukizuna biktimari ezartzen zaio. Eta, norena da erantzukizuna? Guztiena. Ulertu behar da hau ez dela arazo pribatua. Arazo politiko eta soziala da. Erasoak ez hautematearen ardura handiagoa izan daiteke, ez kontatzearena baino. Biktimek ez dute lehenago kontatu ezin izan dutelako, ez dutelako kontatzeko ingurune segurua izan. Beraz, sor dezagun guztion artean testuinguru seguru hori, non biktimek abusua konta dezaketen».
Godoyk onartu du kontatu aurretik labana batekin egiten zuela lo, «beldurra» zuelako. «Emazteak ulertuko ninduela ikusi ezean, ez nuke inoiz kontatuko. Hitz egitea oso askatzailea izan zen niretzat. Terapiarekin bizitza aldatu zait. Eta ez banuen lehenago hori kontatu, ezin nuelako da». Onartu du ‘zer behar duzu?’ dela jaso gurako lukeen galdera: «Norbait eskolara etorri izan balitzait honetaz hitz egitera, ziur nago hitz egiteko pausoa lehenago emango nukeela».
Hala, nabarmendu du «garrantzitsua» dela gaia maila sozialean lantzea. «Sexu indarkeria arazo politiko eta soziala da. Ez dut uste benetako konponketa egon daitekeenik, gizarte erreparaziorik baldin ez badago. Gainera, gizarte lan batek detekzio handiagoa dakar, orain ez dauden protokoloak hobetuko lituzkeelako. Ezin da bestela egin», dio Urizarrek, eta Godoyk gaiari ikusgarritasuna eman beharra azpimarratu du. «Gizarte arazoek ez dute gizarte mugimendurik sortzen; gizarte mugimenduak dira gertaera bat gizarte arazo bihurtzen dutenak. Guk arazo sozial eta politikoa izatea lortu behar dugu, benetako lan sareak sortzeko».
Urizarrek herriz herri sortutako tokiko sareen alde egiten du: «Apustu handia egiten dut lekuko sareen indarraz, berba egiteko mahaien garrantziaz. Detekziorako, adinekoen lana garatu beharra azpimarratuko nuke, eta udalari, gizarte zerbitzuei… eskatuko nieke horietan parte hartzeko. Lana, biktimei ez ezik, erasotzaileak izan daitezkeenei ere zuzendu behar zaie. Haurrei ere tresnak eman behar zaizkie euren lagunek abusu kasu bat kontatzen dietenerako. Kasu batean esku hartzen duten pertsona guztiekin landu behar dira protokoloak. Garrantzitsuak dira, baina jokabide kodeak ere bai».