Gaizka Astorkizaga askatzeko eskatu dute Gernika-Lumon
Gaizka Astorkizaga Fito ibarrangelutarrak astebete darama preso Zaballako espetxean, eta babesa erakutsi eta aske behar lukeela adierazteko elkarretaratzean batu ziren atzo arratsaldean [otsailak 22], Merkurio inguruan.
Iñaki Bilbao eta Patxi Ruiz presoek gose greba egin zutenean izandako hainbat ekintzagatik atxilotu zituzten Astorkizaga eta Valentina Morisoli 2020an, eta bederatzi hilabetez behin-behineko espetxealdian egon ostean, aske geratu ziren 2021ean. Iazko ekainean, baina, “desordenak” leporatuta, bi urteko kartzela zigorra ezarri zieten. Azo gogoratu zuten hirugarren aldiz espetxeratu dutela, eta, beraz, egungo zigorra bukatzen duenean, guztira sei urte izango dituela beteta giltzapean, eta Espainiako Audientzia Nazionaleko Fiskaltza beste hamazortzi urte ezartzea eskatzen ari dela.
Beste behin, estatuen “errepresioa eta terrorismo sistematikoa” salatu zituzten: “Adierazgarria da kartzelatu duten guztietan errepresioaren aurkako ekintzetan parte hartzea leporatu diotela. Errepresioa salatu eta errepresio gehiago jaso bueltan. Eta hori ere Gaizkaren konpromisoaren erakusgarri argia da, ‘Denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuek dena eman behar ez dezaten’ esaldia hitzak baino zeozer gehiago dela frogatzen duelako. Kartzelak husten joan daitezke errepresioaren aurrean erresistentziarik ez dagoen bitartean, baina horrek ez du ezabatzen zapalkuntza. Estatuek egoeraren eta euren interesen arabera moldatuko dute errepresio maila, baina terrorismo sistemikoaren indarkeria presente egongo da beti izuaren bidez langileria apal eta sumiso mantentzeko helburuz”. Preso politiko, deportatu eta errefuxiatuen askatasuna zein askatasun politiko, sozial eta nazionala bermatuko duen prozesua oinarri dituen amnistia osoa aldarrikatzen jarraitzen dutela azpimarratu zuten.