Herritarrek jasandako lapurretak gaitzetsi ditu Mundakako Udalak
"Normaltasuna berreskuratzeko Ertzaintzarekin lankidetza estuan" ari dira udala osatzen duten hiru talde politikoak. Sukarrietako Udalak bat egin du deialdiarekin.
Mundakako Udala osatzen duten hiru talde politikoek mundakarrak jasaten ari diren lapurreta guztiengatik “gaitzespen sendoena” adierazi zuten atzo arratsaldean [otsailak 21]. 19:30ean izan zuten hitzordua, Lehendakari Agirre enparantzan, eta deialdiak erantzun zabala izan zuen. Kaltetuei “laguntza eta elkartasuna” eskaini zizkieten. Hain zuzen ere, elkarretaratzearen amaieran, aipatutako hiru alderdi politikoek sinatutako adierazpen bateratua irakurri zuten.
Lapurreten berri izan zutenetik, Ertzaintzarekin “egunero lankidetza estuan” lanean ari direla adierazi, eta Mundaka normaltasunera itzultzea Ertzaintzaren “lehentasun handiena” dela azpimarratu zuten.
Era berean, hiru talde politikoek “elkarbizitzaren ordenari, lasaitasunari eta segurtasunari” eusteko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten. Orain arte bezala, “bakean eta lasai” bizi nahi dutela aldarrikatu zuten, lapurretak bukatzea eskatuz.
Sukarrietako Udalak bat egin zuen deialdiarekin. Herrian bizi dituzten lapurretak amaitzea eskatzeko asmoz, udal ordezkariak Mundakara bertaratu ziren.