Ibarrangeluko udal artxiboa informatizatzen ari dira
Ibarrangeluko udal artxiboa informatizatzeko lanak martxoan amaitzea aurreikusi dute. Hain zuzen ere, hiru fasetan banatu dute prozesua, eta orain, hirugarren eta azkenengo fasean murgilduta daude. Lan nekeza bada ere, “martxa onean” ari dira.
Hiruna hilabeteko faseak dira, eta iaz egin zituzten aurreko biak. Ana Lekanda eta Veracruz Bidarte teknikariek azaldu bezala, dokumentuak sailkatu, ordenatu eta informatizatu egiten dituzte: “Hau da, artxiboaren antolaketa integrala egingo da. Bederatzi-hamar hilabeteko lana da. Honen ostean, Eusko Jaurlaritzaren araudian zehaztu modura, kontserbazio-iraunkor izaera daukan dokumentazioa digitalizatu egin beharko dute. Erabiltzen ari garen programak digitalizatzeko ere balio du. Behin hori eginda, artxibo elektronikoagaz lotzen da, hori eduki beharko lukete, artxibo elektronikoagaz komunikatuta”.
Ibarrangeluko Udalak daukan dokumentazioa “antzinakoa da eta oso ondo kontserbatuta” dago: “Ukitu ez dutenez, tramitatu zirenean bezala daude”. 2.000 kaxa inguruko dokumentazioa informatizatuko dute, 7.000 bat fitxa. Dagoeneko 4.000 fitxatik gora egin dituzte: “Udal bulegoetako egungo dokumentazioa geratuko da, eta urteroko mantenua egingo zaie dokumentuei”.
Artxiboaren parte handiena hirugarren solairuan dago, eta lanokin hasi arte sailka antolatuta bazegoen ere, “nahikoa nahaspilatuta” egon zen. Askotariko espediente, txosten eta fitxez gain, besteak beste, XVIII. mendeko argitaltapenak ere badaude: “1790eko liburuak ere topatu ditugu; izugarria da. Horiek kontserbatu egin behar dituzte”.
Artxibo eta biblioteka lanetan espezializatutako enpresako gerentea da Bidarte, eta, besteak beste, Ispasterko, Elantxobeko eta Mundakako artxiboak informatizatzen aritu izan da: “Hemen dokumentazio asko dago. Adibidez, Ispasterko eta Elantxobeko antzeko biztanleak ditu, eta askoz ere dokumentazio gehiago dauka; uste dut kanpinagatik eta hondartzengatik dela”.
1992an aldundiak eta zenbait udalek adostutako hitzarmena gogora ekarri du. “Udal txikiek ezin zutenez zeukaten dokumentazioa antolatzeko kargua hartu, eurek historikotzat hartu zituztenak eroan zituzten; izendapen hori emateko 1940.urtea hartu zuten mugarri. Hala ere, urte horren aurreko akta-liburuak eurek gordetzea erabaki zuten udal batzuek. Akta-liburuak dira udalerri denetan existitzen diren lehenengo dokumentazioak. Hala, dokumentazioak hiru multzotan bereizten dira: erabateko-ezabapenekoak, ezabapen iraunkorrekoak (urte batzuetan kontserbatu beharrekoak, 5, 10 edo 15 urtez adibidez) eta kontserbazio-iraunkorrekoak”.