Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako enegarren aldarria
Guggenheim Ez dinamikak Guggenheimen proiektuaren aurkako mahaingurua, bazkaria, hitzaldia eta bertso poteoa antolatu zituen zapatuan. 100 lagun baino gehiago batu ziren.
Urdaibain Guggenheimik ez dutela nahi lau haizetara zabaldu zuten 100 lagunek baino gehiagok zapatuan, Gernika-Lumon. Guggenheim Ez dinamikak egun osorako jarduerak antolatu zituen eta antolakuntzatik “oso pozik” agertu dira ekitaldiek izandako erantzunagaz.
Mahainguru batekin ekin zieten ekintzei, 11:30etan. Bertan, Guggenheim Ez dinamikako kideekin batera, Azpeitian eraiki nahi duten parke eolikoaren aurka dagoen Sañu Bizirik mugimenduko kideek eta Arabako Mendiak Aske taldeko lagunek parte hartu zuten.
“Tankera honetako proiektuen aurrean legedia aldatzeko dagoen erraztasunaz, ekosisteman duten eraginaz edota erakunde politikoen jarreraz hausnartu genuen, besteak beste”, azaldu dute antolakuntzakoek. Gainera, beste dinamika batzuetako lan egiteko erak ezagutzea “aberasgarria” egin zitzaiela aitortu dute.
Arratsaldeko ekitaldiei ekin aurretik, bazkarian hartu zituzten indarrak bertaratutako 100 lagunek baino gehiagok. “Espero ez genuen jendea hurbildu zen eta horrek ikaragarri pozten gaitu”, aitortu dute jardunaldien antolatzaileek.
17:00etan, hitzaldi baten bidez, Guggenheim Ez dinamikakoek “makropoiektuaren” aurrean egindako hautuaren arrazoiak plazaratu zituzten. Bertan, “ekoturismotzat saltzen dituzten proiektu suntsitzaileek ekosisteman eragin dituzten ondorio latzak” aztertu zituzten.
Horrez gain, eskualde mailan eragingo dituen “arazoak” zabaldu zituzten: emantzipatzeko zailtasunak, bizi kostuaren igoera edota alokairuen igoera. Gainera, proiektu horrek eskualdera aberastauna ekarriko duela dioen “mitoa apurtzen” saiatu ziren: “Aberastuko diren bakarrak dirudunak dira. Langile klasearen kontura lortuko dute dirua, gainera. Arteak edo kulturak ez die bat ere arduratzen. Diruan baino ez dute pentsatzen” salatu dute.
Iluntzeko eta eguneko azken jarduera bertso poteoa izan zen. “Kaleak hartzea” izan zen poteoaren helburua eta Andoni Egañak, Maialen Akizuk eta Gorka Pagonabarragak umorez kritikatu zuten proiektua. Hurrengo erronkei nola aurre egin erabakitze aldera, martxoaren 3rako asanblada ireki bat antolatu dute.