Herritarren parte hartze prozesua azaldu du Elixabete Etxanobek
Guggenheim Urdaibai museo proiektuaren inguruan herritarrek edukiko duten esku hartzea argitara eman du Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, eta egitasmoaren bideragarritasuna bermatzeko hartutako neurriak azaldu ditu.
Gaur [otsailak 20] Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Guggenheim Museoaren proiektuak Urdaibaira zabaltzeko duen egoera bertatik bertara eta zehaztasunez azaldu du. Bizkaiko Foru Aldundiak egitasmoagaz aurrera jarraitzeko daukan asmo argi eta garbia nabarmendu du Etxanobek; horrez gain, Busturialdea biziberritzea helburu nagusi duen erakunde arteko plana abiatuko dutela aurreratu du.
Tokiko herritarren parte hartze prozesuari ekiteko, Ahaldun Nagusiak azpimarratu du aldundiak honezkero eskuratu dituela Gernika-Murueta Lurralde Plan Partziala (LPP) aldatzeko beharrezkoak diren hasiera txostenak. Plan horrek jorratzen dituen langaien artean, besteak beste, mugikortasuna, gizakiaren ingurumen inpaktua edota Gernika-Lumotik Muruetaraino dagoen bidegorria eraikitzea daude. Era berean, Euskadiko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean oinarrituta aldaketak egitea proposatu du Etxanobek: “Gure kalkuluen arabera hiru hilabeteko epean dokumentu hobetu dezakegu”. Agiri hori litzateke, hain zuzen ere, herritarrei informazioa emateko lehen mugarria. Bestela esanda: “Agiri horregaz, herritarrei zuzenean informazioa helaraziko diegu, eta beraien iradokizunak edota ekarpenak jaso ahalko ditugu; horiek guztiak kontuan hartuko ditugu“.
Elixabete Etxanobe: “Museo proiektua eskualdeari dagozkion beharrak eta baliabideak aintzat hartuz diseinatuko dugu”
Herritarren parte hartze prozedura hori oinarri hartuta, hirigintza planen aldaketa prozesua abiatzea ere planteatu du Etxanobek. Aldaketok ingurumen jarduketen, beharrizan arkitektonikoen kalkuluaren eta mugikortasun azterketen araberakoak lirateke. Proiektuaren garapena eta ikuspuntu kontzeptuala zehazteko, Urdaibaiko Guggenheimak Bilbokoak edukitako eraldaketa ereduaren ildoak lituzke zutabe. Museo proiektuaren jomuga Busturialdeko “bizi kalitate eta bizitzeko aukerak hobetzea” dela adierazita, eskualdeari dagozkion “beharrak eta baliabideak aintzat hartuz” diseinatuko lukete. “Hori izan da eta izango da geure estrategia”, azaldu du Etxanobek.
Gernika-Lumoko Dalia fabrikan 17.000 metro karratu baino gehiago okupatu, eta bisitariei arreta emateko gunea, bulegoak, auditorioa eta profesionalentzako egoitza programa edukiko duen ikerketa jardueretarako eremua egin gura dute
Ildo horretatik, Gernika-Lumoko Dalia fabrika zaharrean 17.000 metro karratu baino gehiagoko azalera okupatzeko proposamena dutela adierazi du; bertan, bisitariei arreta emateko gunea, bulegoak, auditorioa eta profesionalentzako egoitza programa edukiko duen ikerketa jardueretarako eremua egin gura dute. “Artistek, zientzialariek edota sukaldariek artearen, ekologiaren, ikerketaren, zientziaren edo gastronomiaren arteko hartu-emana aztertzeko programaren bidez dinamizatuko da gune hori. Programa horrek, gehienez ere, sei pertsona hartuko ditu aldi berean, ideiak partekatzeko eskazio komunekin”, argitu du. Ikerketara emandako programa horren barruan, gainera, nazioarteko berbaldiak egitea ere aurreikusten dute: “Gernika-Lumon, urtero-urtero, ikerketa gaiei buruzko hitzaldiak egitea da asmoa, tokiko garapenari eta gure garaiko kezkei buruzko mundu mailako elkarrizketa sustatuz”.
Muruetan, bisitariek arteak eta naturak duten lotura esperimentatzeko museoa sortu gura dute
Muruetan, egungo ontziola dagoen orubean, bisitariek arteak eta naturak duten lotura esperimentatzeko museoa sortzea dute buruan; beraz, paisaian integratutako eta biosferaren erreserbagaz zuzenean lotutako kultur ekipamendua proposatzen dute eremu horretarako. Erakusketa guneak eta hezkuntza programaziorako eremuak izango ditu eta, aldi berean, tokiko gastronomian oinarritutako jantoki guneak ere bai.
Pilaketen aurkako neurriak.
Proiektuaren egokitasuna zehazte aldera egindako proiektuak ere azaldu ditu Etxanobek. 2022ko abendutik 2023ko uztailera artean, mugikortasun induzituaren azterketa egin dute. Urtean, “gehienez 150.000 bisitari inguru” hartzea aurreikusita, adierazi du Guggenheim Bilbao Museoak ere aintzat hartu duela bisitak estazionalizatzearen garrantzia. Beste berba batez: “Masifikazioa galaraztea”.
“Bisitarien %23 besterik ez litzateke autoz joango Gernika-Lumora”
Azterlan horrek agerian utzi du autobusa eta trena liratekeela bisitariek gehien erabiliko lituzketen garraiobideak: “Bisitarien %23 besterik ez litzateke autoz joango Gernika-Lumora”. Gernika-Lumo eta Murueta bitartean mugitzeko, gehienek “oinekoentzako bidea, autobus anezka, trena zein bizikleta” baliatuko lituzketeela azaldu du Etxanobek.
Erantzuna.
Batzar Nagusietako taldeak bat etorri dira eskualdea birgaitzeko plan estrategikoa behar den iritzian, baina ez dira ados jarri plan horretan egon behar diren proiektuak zeintzuk diren erabakitzerakoan. EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia proiektuaren aurka agertu dira berriro, “ez direlako Busturialdeko herritarren beharrak” kontutan hartu, “Guggenheim Museoarenak berarenak baino”. Hain zuzen ere, Iker Casanova EH Bilduko bozeramaileak esan du Busturialdearen etorkizuna Busturialdean “erabaki” behar dela, eta ez Sabin Etxean. Eskualdean gizarte elkarrizketa artikulatu behar dela azpimarratu du.
PPko Raquel Gonzalezek “inposatutako moteltzearen” aurrean daudela esan du, inork ez duela “ezer argi” esanez, eta “denak airean” jarraitzen duela adieraziz.
EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia proiektuaren aurka agertu dira berriro, “ez direlako Busturialdeko herritarren beharrak” kontutan hartu
Begoña Gil PSE-EEko ordezkariak esan du lehentasuna Busturialderako plan estrategikoa egitea eta garatzea izan behar dela, “proiektatutako museotik harago joateko”. Hala ere, esan du plan hori “argitu” egin ebhar dela, “oraindik ez dagoelako horri buruzko azken argazkirik”.
Julen Karrion Euzko Abertzaleak taldeko batzordekideak, bere aldetik, aldundiak museoaren proiektua aurrera eroateko eman dituen pausoak defendatu ditu: “Urdaibaiko Erreserba zaharberritzen lagunduko du”.