Eutsi Gogor Danok Batera elkarterako 1.200 euro lortu dituzte Vade Retro jaialdian
Beste urte batez sarrera guztiak agortu dira, eta "balorazio oso ona" egin dute antolatzaileek.
Vade Retro Party jaialdia ospatu zuten zapatuan [otsailak 17] Bermeoko Kafe Antzokian, eta antolatzaileek “balorazio oso ona” egin dute. Aurten ere sarrera guztiak agortu dira: “Txartel-lehiatilan erosteko 20 bat sarrera gelditu ziren, beste guztiak aurretik salduta zeuden”. Hain zuzen ere, saldutako sarrera bakoitzeko 2 euro Eutsi Gogor Danok Batera gaixotasun arraroak dituzten umeei laguntzeko sortutako elkarteak jaso ditu: salgai egon diren 600 sarrera saldu zirenez, 1.200 euro lortu dituzte elkartearentzat.
Bermeoko Kafe Antzokian giro “oso ona” egon zen, eta jaialdia “intzidentzia gabe” joan zela adierazi dute Spookypheria Productions elkarteko kideek: “Ez dugu inolako arazorik izan, beraz, oso pozik gaude”.
Antolatzaileek adierazi dutenez, jendeak “gogotsu” itxaroten duen jaialdia da Vade Retro: “Lehenago, agian, inauteri martitzenean gehiago irteten zen jendea, baina, orain, batzuk zapatura arte itxaron, eta Vade Retro Partyn egiten dute parranda”.
Aurreko urtean bezala, jaialdia Unholy Covers musika taldearen kontzertuagaz hasi zen. Ostean DC Datak jarri zuen musika.
Spookypheria Productions. Elkartea hurrengo ekitaldiak antolatzen ari da, Gorefest jaialdia esaterako: “Elkartean beti gara ipurtaireak, beldurrezko filmen zinemaldia prestatzen gabiltza”. Horrez gain, Halloween Metal Festa ere “pentsatuta” dute dagoeneko, eta bertan arituko diren taldeekin ere hitz egin dute. Jaialdia noiz izango den “laster” iragarriko dutela adierazi dute antolatzaileek.