Anbulatorioko mediku faltagatik arduratuta agertu da Bermeoko alkatea
Martxoaren 18an bilduko da Osakidetzako arduradunekin, "konponbide azkar eta eraginkorrak" bilatzen saiatzeko.
Bermeoko anbulatorioak bizi duen mediku faltagatik kezka agertu du Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak. Alkatearen ardura nagusien artean anbulatorioa urgentziazko medikurik gabe egoteak bizilagunengan sortzen duen “egonezina“, pedriatren eskasia eta lehen mailako arreta bermatu beharra daude.
Bermeon, batez beste 1,75 pediatra daude, herritarren beharrak asetzeko 3 espezialista beharko zirenean. Horrez gain, pediatrarik egon ez den egunak ere egon direla gogoratu du Nemehk. Mediku eta pediatra gabezia herritarrei “arreta egokia eskaintzeko zailtasunak” sortzen ari dela, eta bermeotarrak “kezkatuta” daudela nabarmendu gura izan du: “Bai herritarrak, eta baita ere, anbulatorioko arduradunak, haserre eta kezkatuta daude egoerarekin, denboran luzatzen ari baita”. Kezkak entzuteko anbulatorioko arduradunekin bildu da Nemeh.
Bermeoko Udala osatzen duten hiru talde politikoek aho batez onartu zuten Osakidetzari “lehen mailako arreta egokia bermatzeko, eta herriko premiekin bat datozen pediatra eta larrialdietako zerbitzuak ziurtatzea” eskatzeko mozioa. Nemehk azpimarratu duenez, ez dago “batere pozik” egoerarekin, eta Osakidetzari arazoa “lehenbailehen” konpontzeko eskatu dio: “Bermeoko anbulatorioko medikuen falta erronka handia da tokiko komunitatearentzat, beharrezkoa den arreta medikua bermatzeko”. Mozio horretan Osakidetzako arduradunekin bilera bat egitea eskatu zuten, eta bilera hori martxoaren 18rako deitua dago.
Bilera horretan “konponbide azkar eta eraginkorrak” bilatzen saiatuko direla adierazi du Bermeoko alkateak. Gainera, batzarrean Gernikako Ospitaleko hirugarren solairuan oheak eta oinarrizko beste zerbitzu batzuk ezartzeko eskatuko diela jakinarazi du, “osasun arreta desentralizatzeko eta Busturialdean kalitatezko zerbitzuak bermatzeko”. “Hiriburuetan oinarritutako ikuspegitik haratago” joatearen eta “kalitatezko eta hurbileko” osasun zerbitzuak eskura izatearen garrantzia ere nabarmendu du. Osakidetzak aurkeztutako kezka guztiei “lehentasuna” ematea espero du, “Bermeoko eta inguruko biztanleek osasun-arreta ona izan dezaten”.