'Bueltatuko zara' kanpaina aurkeztu dute Winter Seriesaren finalean
Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian atzo [otsailak 18] jokatu zuten Eusko Label Winter Series txapelketako finala izan da kanpaina berriaren erakusleiho. Urdaibai Basque Reserve marka ekoturismoaren filosofiarekin erabat lerrokatutako esperientzia turistiko gisa “indartzeko” kanpaina da: “Hau ez da ikusteko leku bat, sentitzeko eta bizitzeko lekua da: Urdaibai Basque Reserve; paisaia, esperientzia eta sentipenen segida zirraragarri baten haria da, eskualdea bisitatzeko gonbidapen ukaezina bihurtzen dena”.
Urdaibaiko askotariko esperientzia-eskaintza balioesteko eta sustatzeko asmoz, Urdaibaiko turismo-kudeaketaz arduratzen den Urremendi Landa Garapen Elkarteak orain dela hiru aste aurkeztu zuen Madrilgo Fitur azokan. Aurkezpen hark “posizionamendu berria zabaldu eta bultzada indartsu bat emateko” balio izan zuela azpimarratu dute: “Posizionamendu berri honek eskualdeak berezkoak dituen jasangarritasun irizpideetan aurrera egin, eta turismo arduratsu eta kontzientea bilatzen du, tokiko biztanleriaren garapenaren eta bertako herrietako espazio naturalen eta bizimoduen kontserbazioaren alde egiten du”.
Aitziber Ansotegi Urremendi LGEko gerenteak nabarmendu bezala, lurraldeko natur eta kultur ingurunea “aintzat hartzeko eta errespetatzeko” kontzientzia daukaten pertsonei zuzenduta dago Urdaibai.”Hau ez da posizionamendu-aldaketa bakarrik, etorkizun jasangarriago batekin dugun konpromisoaren ospakizuna da, Urdaibairen arimarekin berarekin konektatzeko gonbidapena. Ekoturista dinamikoa eta adeitsua da, eta esperientzia pertsonalizatua eta kalitatezkoa baloratzen du. Jomuga ez ezik, etxea deitzen dioten pertsonak ere estimatzen dituzte. Euren arimaren zati bat eskualdean uzten duten pertsonak dira, itzultzeko itxaropenarekin, bisita huts batetik baino haratago doaz, Urdaibaiko aberastasun kultural eta naturalari beraien ekarpena eginez”. Ildo horretan, Busturialdeko erakundeeek, herritarrek eta enpresek eskualdea “zaintzeko daukaten konpromisoa eta inplikazioa” goraipatu ditu.
Urdaibaiko Esentziak. Bestalde, Urdaibaiko ekoizle eta produktuak sustatzeko helburua duen Urdaibaiko Esentziak dastaketa eskaini zuten atzo, Jai Alai frontoiko goiko solairuan. Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deitura daukaten eskualdeko bederatzi txakolin eta eskualdeko ekoizleen gazta, gilda, barazki, ezti, atun, haragi eta ogia eskaini zituzten.
Horrekin batera, The Jai Alai VIP Experience ekimenaren barruan, Diego Beaskoetxeak zuzendutako bisita gidatua egin zuten.