Jardun koordinadorak martxoaren 31n Gernika-Lumon egingo du Aberri Eguna
Aberri Eguna ez dela ospakizun eguna esan dute Jardun koordinadorakoek, Aberri Eguna Euskal Herriak dituen mugei aurre egin eta horiek "apurtzeko" mailua dela adieraziz. Euskal Herriko langileei egunean parte hartzeko deia egin diete.

Aurten ere, Jardun koordinadorak Gernika-Lumon egingo du Aberri Eguna martxoaren 31n. Euskal Herriko langileei bertan parte hartzeko gonbidapena egiteko agerraldia egin dute gaur (otsailak 17) goizean, Gernika-Lumoko Seber Altube Auditorioan.
Aberri Eguna ez dela ospakizun eguna esan dute, Aberri Eguna Euskal Herriak dituen mugei aurre egin eta horiek “apurtzeko” mailua dela adieraziz: “Aberri Eguna Euskal Herri langileari inposatu nahi dioten isiltasunari eta ukazioari aurre egiten laguntzeko eguna da, bere izatea eta izana ozen aldarrikatzeko bozgorailua da. Aberri Eguna izan behar da Euskal Herriak bere etorkizunaren lema bere eskuetan hartu, eta bere askatasunaren bidea ireki behar dion prozesu iraultzailearen beste harri bat”. Hori esan eta “independentziaren eta sozialismoaren alde” lerrokatutako langileak “batzeko, mobilizatzeko, kontzientzia hartzeko eta antolatzeko” eguna dela azaldu dute.
Izan ere, instituzionalismoaren aurka agertu dira: “Espainiar eta frantziar estatuek eurek inposatutako mugen baitan, Euskal Herriaren etorkizuna eraiki daitekeela saltzen digute. Instituzionalismoa aurkezten digute alternatiba bakar modura, horri men eginda dena posible dela sinestaraziz”.
Era horretan, Jardun koordinadorakoek uste dute “mugez josita” bizi dela Euskal Herria. “Euskal Herriko langileon batasuna ekidin, eta Euskal Herria bi estatu ezberdinen baitan kokatutako bost administrazio ezberdinetan banatzen dute muga administratiboek”, esan dute, eta muga horiek euskara baztertzen dutela azaldu dute.
Horrez gain, muga juridikoek estatuen nagusitasuna eta inpunitatea bermatu eta “izaera disidentea” duten ahotsak “isilarazten, zanpatzen eta kriminalizatzen” dituztela salatu dute: “Eta, nola ez, Euskal Herriaren beraren existentzia zein izatea ukatu, eta frantziar zein espainiar estatuetako proiektu nazionalen menpean Euskal Herria asimilatzea xede dute muga politikoek. Ze, frantziar eta espainiar estatuek sortutako muga horiek, jabetza babestea eta kapitala ahalbidetzea dute helburu”.
Hori dela eta, Euskal Herriko langileen “nazio auzia” estatuen proiektu politikoen garapenerako eta kapitalen agendarako “oztopoa” dela adierazi dute gaur Gernikan. “Iraganaren kontura murriztu gura duten sentimendua ahazturaren iluntasunaren atzaparretan harrapatuta egotera kondenatzea dute xede. Ukazioa baliatuta, Euskal Herriaren nazio izaera eta bere existentzia bera deuseztatu gura dute”, adierazi dute.
Dena dela, koordinadorako kideek ozen esan dute, ezingo dutela Euskal Herriko langileen izatea eta euren nazio izaera ezabatu. “Zapalkuntzak dirauen bitartean, borrokarako borondatea izango du Euskal Herri langileak. Eta borondate honek dirauen bitartean, Euskal Herria existituko da. Gu kontziente gara nazioa izan bagarela, eta zergatik garen nazioa. Suntsitu gura gaituztenen aurrean, eta borondatea eta borrokarako griña dugun bitartean, herri honek bere esku izango du bere etorkizunaren giltza”.
Gauzak horrela, Jardun koordinadorak Aberri Egunean parte hartzera deitu die Euskal Herriko langileei: “Beste alde batera begiratzea, etxean edota isilik eta otzan geratzea ez da aukera bat. Euskal Herriaren etorkizuna hori osatzen dugun langileon eskutik eraikia izango da. Euskal Herri independente eta sozialista da bidea”.
Egitaraua
13:00. Manifestazioa Merkuriotik.
13:45. Ekitaldi politikoa.
14:30. Bazkari herrikoia Astran; tiketak bertan salgai, 4 eurotan.
16:30. La Jodedera eta Fito Skins.
20:00. Pasealekuan, kontzertuak: Hofex4:40, Belako, Rat-Zinger, Blakkat Mentxu eta Neallta Fola.