Gaizka Astorkizaga espetxeratu dute, Auzitegi Nazionalak ezarritako bi urteko zigorra betetzeko
Auzitegi Nazionalak Gaizka Astorkizaga epaitu zuen iaz, Valentina Morisolirekin batera, hainbat ekintza leporatuta. Bi urteko espetxe zigorra ezarri zion, eta, Sua eta Harria atariak jakinarazi duenez, Zaballako espetxera eroan dute gaur.
Gaizka Astorkizaga Fito ibarrangelutarra Zaballan espetxeratu dute gaur [otsailak 16], Sua eta Harria atariak jakinarazi duenaren arabera. Iazko ekainean epaitu zuten Astorkizaga Espainiako Auzitegi Nazionalean, “desordenak” leporatuta, eta bi urteko zigorra ezarri zioten; ondorioz, gaur kartzelaratu dute. Iragarri dutenez, eguenean, 19:30ean mobilizazioa egingo dute Gernika-Lumon, Merkuriotik hasita.
Iñaki Bilbao eta Patxi Ruiz presoek gose greba egin zutenean izandako hainbat ekintzagatik atxilotu zituzten Astorkizaga eta Valentina Morisoli 2020an, eta bederatzi hilabetez behin-behineko espetxealdian egon ostean, aske geratu ziren 2021ean. Iazko ekainean, baina, “desordenak” leporatuta, bi urteko kartzela zigorra ezarri zieten.
Sua eta Harriak jakinarazi duenez, Ean izandako beste ekintza batengatik ere epaitu gura du Auzitegi Nazionalak Astorkizaga. Hain zuzen ere, 18 urteko espetxe zigor eskaria egin du Fiskaltzak.
Gogoratu dute aurretik ere espetxean egondakoa dela ibarrangelutarra, lau urtez egon baitzen kartzelan, 2012tik 2016ra bitartean. Jakinarazi dutenez, Eleak mugimenduak deitutako mobilizazio baten ostean Bilboko Auzitegietan kateatu zen, eta bertan atxilotu zuen Ertzaintzak. Lau urte beranduago geratu zen aske, zigorra osorik beteta.