Bizitza baten soinu banda
Asier Renteria ikus-entzunezko, musika eta, batez ere, soinuaren uretako arraina da. Bermeotarra ‘Nara’ Sara Zozaiaren azken lanaren atzean dago. Gaur [otsailak 16], Astran aurkeztuko dute album berria.
Siento que va muy lento, pero que queda la mitad, dio Sara Zozaiaren Nara azken laneko Misty kantak. Asier Renteria bermeotarrak ere astiro-astiro, su txikian ondu du bere bide profesionala, eta egun donostiarragaz bertatik bertara lanean ari da; bere musika proiektuko bateria jotzailea da.
Soinudun bizitza da berea: umetan bere anaiekin batera musika eskolara zihoanetik, lagun izan ditu soinuaren uhinak. Musikarekiko kezkak, ilusioak eta zaletasuna mintzagai izan dituzte Renteriak eta bere lagun taldeak: “Gaztetatik, musika kontsumitzaile sutsuak izan gara, eta taldeak sortzeko gogoa sentitu dugu”. Unibertsitate garaian, epifania balitz legez, deskubritu zuen hobbya ofizio bihurtu zezakeela: “Soinua eta musika beste ikuspuntu bategaz landu nitzakeela ikusi nuen”.
Hamar urte inguruan Urgatz taldean jotzen ibili da Renteria, anaiagaz eta hurbileko lagunez inguratuta. Zerbait izatekotan, Urgatz tranpolina izan zen. Kideetako bat, Jabi Ojinaga, ikus-entzunezkoetan aditua izanik, taldean zebilen aldian sartu zen bere ibilbidearen ekuazioan ikus-entzunezkoen formatua. Zinemarekiko eta bideogintzarekiko interesaren hazia ernaldu zitzaion. Bermeotarra bideojokoen programazioa ikasitakoa ere bada, hain zuzen ere.
Formatu horiek dira bere “ama hizkuntza”. Soinuaren uhinen artean lortzen du naturaltasuna: “Inoiz ez naiz trebea izan, adibidez, margotzen edota arte plastikoetan; beraz, soinua beti naturalki atera zaidan zerbait da. Hori bai, bi alorrak gustuko izan arren, soinuak beti deitu dit bideogintzak baino arreta gehiago”. Madrilen soinu eta musika ekoizpenagaz lotutako goi mailako ikasketak egindakoa da; ibilbidea eta eskarmentua, beraz, alde dauzka. Arriguri ekoiztetxetik pasatu ostean, egun, bere estudio propioaren gidari da. Edozelan ere, bere lankide ohiekin “egundoko hartu-emana” dauka, baita Bermeoko denetariko artistekin ere. Bere sinadura du, adibidez, Jon Ander Urrestiren Eucalyptus antzezlaneko soinuak.
“Sormenaren radarra etengabe piztuta eduki beharrak sarritan higadura eta nekea sortzen ditu”
Denetariko itxura eta formatudun lanak soinuz janzteak sormenaren radarra “etengabe piztuta” eduki beharra inplikatzen du. Ez dago beste biderik. Horrek, sarritan, “higadura eta nekea” sortzen dizkiola azaldu du Renteriak. Ez da ogibide monotonoa; ez dago erlaxaziorako tarterik. “Guztiari adi-adi egon beharrak antsietate puntu bat sortzen du. Zeure burua etengabe elikatzen duzu; asko du aberasgarritik, baina baita nekagarritik ere”. Soinua etengabeko ardatz izanda ere, ekoizpenak “era guztietako bideak eta moduak” dituela ere nabarmendu du.
Sara Zozaiagaz lankidetza.
Urgatzek Gazteako B Aldean egindako bideoklip batean izan zuen Zozaiak bermeotarraren berri; segituan ipini zen beragaz harremanetan. Donostiarra, gainera, Arrigurik Gernika-Lumon egiten zituen Arraten Sesioetan grabatutakoa da, Nerabe taldean zebilenean.
Bere bakarkako bidea hasi zuenean, Lukiek taldeko Antton Goikoetxea mungiarra batu zitzaion lehenik Zozaiari, gitarraren ardurapean; Renteria izan zen bigarren fitxaketa. Orain, Arima taldeko Paule Bilbaok laguntzen die; baxuaren soken agintea du muskiztarrak.
Lehen entsegutik ageriko egin zen musikarien hibridazio haren eraginkortasuna: “Gustura egiten dugu lan”. Bateriaz eta perkusioaz gain, zuzenekoetan soinuaren pentsuan egoten da Renteria. “Saihestu ezin dudan zerbait da. Urtzi Iza teknikari lanetan ibiltzen da gugaz, eta sarri beragaz partekatzen ditut buruko minak”, dio irribarre batez.
Nara album berria Bilboko El Tigre estudioan grabatu dute, Jon Zabalaren begiradapean. Grabaketa prozesuan, gogoei eutsiz, Renteriak ez du ia inon eskurik sartu. Bai, ostera, gaur bertan [otsailak 16] argitaratu duten abestian. “Bilduma batean sartu da Low taldearen Over The Ocean kantuari egin diogun moldaketa. Bermeoko estudioan grabatu dugu, eta abestia grabatzeko eta ekoizteko aukera eduki dut”. Abesti hori diskoaren aurkezpen kontzertuetara ere eroan dute dagoeneko: “Berezia da Zozaiarentzat, eta gustuko dugu zuzenean jotzea; soinu aldetik ere polita geratu dela iruditzen zaigu”.
“Abesti bakoitzak bere bidea du, aniztasuna da lanaren gidalerroa”
Taldeak Sunbillan egindako erretiro batean munduratu zen Nara-ren zati bat. Kantei forma eman zieten, lehen zirriborroak sortu zituzten eta donostiarrak, azkenik, bere iruditegi eta xarma partikularrak gehitu zizkien. Estudioa azken geltokia izan zen. Aniztasuna da albumaren ardatza; donostiarraren “ezinegonen eta hausnarketen” erradiografia sonoroa da. Alderdi musikalaren esparrutik, Zabalak estudioan proposatutako “elektronikagaz lotutako ekarpenez” mintzo da Renteria. “Abesti bakoitzak bere bidea du, aniztasuna da lanaren gidalerroa: badaude Zozaia bere horretan ageri den kanta biluziak; badaude ohiko talde kutsua dutenak; horiez gain, badaude elektronikara jauzia egiten duten piezak ere”.
Lan berria zuzenekoetan islatzea “buruko min ugari” ematen dien “eginbehar nekeza” dela aitortu du bermeotarrak. Horixe izan da, beharbada, bira honetarako apusturik potoloena beraientzat. “Abestien arkitektura aldatu behar izan dugu; esate baterako, baliabide berriak erabili behar izaten ditugu zati teknologikoenak moldatzeko baina, era berean, zuzeneko talde dinamikak mantentzeko. Abesti batzuetan klaketa baliatzen dugu; beste batzuk modu organikoagoan taularatzen ditugu”.
“Album berria zuzenekoetara eroatea eginbehar oso nekeza izan da”
Kolaborazioak dira Nara-ren gailurretako bat. Bengo, Liam, Valdivia eta Iban Urizar Amorante izan dira lanean parte hartu duten artistak. Bakoitzak “bere esentzia” duenez, esentzia hori kutsatu diote albumari. “Abesti bakoitzari eskatzen zuena eman dio parte hartze horietako bakoitzak; oro har, modu egokian pentsatuak izan dira eta, ostean, beren maila handiak erabakiok sendotu egin ditu”.
Astra: “Etxe baten parekoa”.
Nara-k bide polita egin du, 2023 amaieratik egun arte. Zapaldu ditu oholtzak. Egin ditu kilometroak. Orain arteko harrera “oso positiboa” izan da. Harrera horri jarraipena ematea espero du Renteriak, urte honi begira: “Jendearen erantzuna zeharo ona da, gaur-gaurkoz; hartzaileak hobetzen laguntzen digu. 2024ari kontzertu politak ematea eta laguntza hori jasotzen jarraitzea eskatzen dizkiot”.
“Maite dut Astra, hango lagunengatik eta sortzen den atmosferagatik: etxe baten parekotzat dut”
Gaur [otsailak 16], geltoki berezia izango du birak. Zozaia eta Renteria Arrate izeneko ardo upategi zaharreko sesioan ezagutu baziren, handik metro oso gutxitara dagoen Astrako oholtzan elkarregaz joko dute. Agertoki “bakarra” da: “Etxekoen aurrean jotzeak urduritasuna eta ilusioa pizten dizkit. Maite dut Astra, hango lagunengatik eta sortzen den atmosferagatik: etxe baten parekotzat dut”. Habi bikote gipuzkoarrak lagunduko die, “adiskideak horiek ere”. Ohartu izeneko beraien lan berria aurkeztuko dute azken horiek.
Udara betean iraila sentitzen naiz, dio abestiak. Baina proiektua, Nara eta Asier Renteria urtarorik argitsuenean daude. Eta bermeotarrak badaki argi hori soinu uhindun soineko ederrez janzteko sekretua zein den.