Ibarrangeluko udaletxea eraberritzeko lanetan ari dira
Ibarrangeluko Udala aerotermia lanak egiten ari da udaletxean. Leihateak aldatzen ari dira, eta teilatu osoa konponduko dute. Erreteila egin eta aurrespen energetikorako materiala ipiniko dute, baita erlaitza aldatu ere.
Horiekin batera, eraikinaren barrualdeko hezetasun arazoari aurre egiteko zenbait neurri ere hartuko dituzte. Lan horiek egitearen garrantzia azpimarratu du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak; izan ere, besteak beste, udaletxearen goiko solairuan udal-artxiboa daukate, eta hori babesteko hezetasun arazoak konpontzea funtsezkoa dela gogoratu du: “Pentsatzen dugu neurri horiekin kondentsazioa saihestuko dugula”.
Obra espero bezala eginez gero, hiru hilabeteko epean amaitzea aurreikusi dute: “Nahikoa arin doaz. Leihoekin hasi dira, eta teilatura materiala igotzen ere badabiltza. Ez da erraza egoera honetan udaletxe barruan lanean aritzea, baina konpontzen ari gara. Hiru hilabeteko iraupena aurreikusi dugu, maiatzean justifikatu egin beharko dugu-eta”.
Ibarrangeluko Udalak 132.000 euroko aurrekontua dauka lanotarako, eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailetik 60.000 euroko diru laguntza jaso du.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasun eta Inguru Naturaleko Sailak aurrespen energetikorako diru laguntza lerro bat atera du, eta deialdi horretara ere aurkeztu da.
Alkateak azaldu duenez, udaletxearen eraberritze lanen bigarren fasea da honakoa; lehenengo fasean aerotermia sistema ezarri zuten, eta, horretarako, 25.000 bat euroko inbertsioa egin zuten–%95 diru laguntza bidez finantzatu zuten–.
Beste lan batzuk. Bestalde, eraikinaren barruan bestelako lan batzuk ere egingo dituzte. Arrakala eta itogin batzuk konpondu eta gune batzuk margotuko eta dotoretuko dituzte.