Gurseko kontzentrazio esparruaren errealitatea ezagutzeko erakusketa inauguratu dute
Gernikako Bakearen Museoak 'Gurs: Gernika Berriren amets zapuztua' erakusketa inauguratu du. Maiatzaren 12ra bitartean egongo da ikusgai.
36ko gerraren amaieran, Gurseko “Harrera Esparruan” gertatutakoa ezagutarazteko GURS: Gernika Berriren amets zapuztua izeneko erakusketa inauguratu dute gaur [otsailak 15] Gernika-Lumoko Bakearen Museoan. Erakusketa maiatzaren 12ra bitartean egongo da ikusgai.
Bisitariek gertuko historiaren orrialde ezezagun bat ezagutu ahalko dute Bakearen Museora bertaratuta, izan ere, euskaldunak hartzeko gunea izan zen hasieran, baina “bilakaera tamalgarria” izan zuela adierazi du Josu Txueka historialari, ikertzaile eta erakusketaren komisarioak. Ze, harrera leku izatetik kontzentrazio esparru izatera igaro zen gunea.
Gurs erbeste lekua izan zela azpimarratu du Jose Mari Gorroño alkateak inaugurazio ekitaldian, “iluntasun eta hilketa askoko” lekua, eta esan du gertatutakoa gogoratu egin behar dela, “memoria historikoa” delako herrien ondasun handiena. “Euskaldun askok, frankismotik ihesean, harrera leku bat aurkitu zuten Gursen, gero kontzentrazio eremu bihurtuko zenean. Gurs frankismoaren aurkako porrotetik ihes egin zuen gudariaren ahotsa da. Han euskaldunen begiradak, objektuak… gurutzatzen ziren. Oinazeen, agonien eta torturen leku izan zen”, esan du Gorroñok. Azaldu du batzuek “bizirik irautea lortu zutela”, baina adierazi du gerrak eta erbesteak horiengan eragindako sufrimendua eurekin geratu zela betiko. “Gurs erbestean dauden euskal borrokalarien zauri irekien dolua da, frankismoaren errepresioaren aurkako borrokalari ausartak hartu zituena. Gure eginbeharra da haiek gogoratzea”.
Inaugurazioan l´Amicale du Camp de Gurseko hainbat kide ere egon dira, eta kontzentrazio esparru horretan egondako Jose de Sola eta Luis Ortiz Alfau euskaldunak gogoratu dituzte. Hain zuzen ere, gune horretan egon ziren 6.000 euskaldunetako bi pertsona horien testigantzak jasotzen ditu erakusketak, beste batzuen artean. “Gurs ez dago Gernikari lotuta soilik Luis Ortiz Alfau Gernikan egon zelako, baizik eta Gernikako bonbardaketa jasan zuten pertsona asko –eta batez ere 36ko gerra bizi izan zuten asko– Frantziara igaro zirelako erretiroaren testuinguruan”, azaldu du Txuekak. Dioenez, Gironako mugatik igaro ziren 450.000 pertsona horietako 5.000 pertsona Argeleseko hondartzan egon ziren, eta bertan sortu zen lehenengo kontzentrazio esparrua, “hondartza esparrua”.
Hain zuzen ere, Argelesen, milaka euskaldun batu eta antolatu ziren, eta Gernika Berri izena jarri zioten euren eremuari. “Testuinguru horretan, bat egin zuten 1937az geroztik exilioan zegoen Eusko Jaurlaritzaren eta Frantziako militarren laguntzeko borondateak; hala, Frantziako hainbat eremutan harrera esparruak sortu zituzten”, azaldu du historialariak. Hain zuzen ere, Argelesen sortutako Gernika Berri izan zen Gursera joan zena. Txuekak azaldu modura, Gernika Berrikoak ez ziren Ipar Euskal Herrirako harrera gune batera joan, bertan tokiko eskuindarren “oposizio oso gogorra” zegoelako, “gorrien aurkakoa”.
Hori horrela, departamentu horretako hirugarren kontzentrazio esparru handiena bilakatu zen, Po eta Baionakoen ostean. “Behin behinekoa izateko sortu zen eremu hori, 36ko gerratik ihesean zihoazenak hartzeko sortu zen leku hori, egonkortu egin zen, eta harrera esparru izatetik kontzentrazio esparru izatera igaro zen hilabete gutxitan, 36ko gerratik ailegatutakoak ateratzen joan ziren arren”, gogoratu du historialariak. Batzuk Euskal Herrira edo Espainiara bueltatu zirela esan du Txuekak, beste batzuk Frantzian geratu zirela, edota beste herrialde batzuetara joandakoak ere egon zirela azpimarratu du.
1940an “ia hutsik” zegoen Gurseko eremua, baina Bigarren Mundu Gerra hasi zenean Frantziako beste “kontzentrazio esparru batzuen izaera hartu” zuela dio komisarioak: “Politika arrazista, antisemita eta antikomunista batean ezarritako kategoria guztietako pertsonak hartu zituen. Eta esparru horretara ez ziren gizonezkoak bakarrik sartu, soldaduak edo miliziano ohiak, baita emakumeak, haurrak eta zaharrak ere”.
Hori dela eta, Frantzian denbora gehien iraun zuen kontzentrazio esparrua izan zen Gursekoa, 1939ko apiriletik 1945eko abenduaren 31ra arteko denboran zabalik egon baitzen, eta historialariek kalkulatu dute 60.000 pertsona izan zirela bertatik igarotakoak. Horietatik 1.180 bertan hil ziren. “Horregatik diot ezin zaiola harrera esparru deitu horrenbeste jende hil zen gune bati. Estatistikek erakusten dute 200 pertsona hiltzen zirela urtero. Urte txarrenak 40 eta 41ekoak izan ziren, baina, gerokoetan ere hiltzen zen jendea”. 1942 eta 1943 urteetan jende gutxiago hil zen Gursen, baina hori Auschwitzera konboiak bidaltzen zirelako zela adierazi du historialariak: “Ez da ahaztu behar eremu hori beti egon zela Frantziako administrazioaren menpe. Ez zegoen nazien menpe, baina horiek 1942an ezarritako politikan lagundu zuten frantziarrek. Gursetik guztira 8 edo 9 konboi atera ziren Auschwitzera, 3.907 pertsonagaz, erregistroen arabera”.
Txuekak dio arrazoi horiengandik guztiengatik “ezin dela harrera esparru” modura definitu Gurseko eremua. Hasieran, eraiki zutenean, beste eremu batzuekiko hobea zela dio, barrakoiak eta elikadura ziurtatuta zeudelako, baina urteekin horrek okerrera egin zuela azpimarratu du, “bertan zeudenei mugitzeko askatasuna kendu” zietelako, batez ere 1940az geroztik.
Erakusketek duten balio hezitzaileaz gain, erakusketa honegaz hausnarketa sustatu gura izan du komisarioak, ze uste du garai hartako kontzentrazio esparruen “antzekoak” existitzen direla gaur egun ere: “Teorian, beste herrialde batzuetatik, beste kontinente batzuetatik etorritako jendea gordetzeko sortu ziren, baina ermeu horien egoera ez da abegikorra. Eremu horietan jendearen erbesteratzea lehenesten da, eta tratuak ez dira egokiak. 1939ko kontzentrazio eremuen Europa gaur egun Greziako irletan eremu horiek dituen Europa da. Hori da salatu beharrekoa. Erakusketa hau ez da bakarrik garai historiko bat gogoratzeko baliagarria, gaur egungo historiaren ispilu tamalgarria ere bada”.