Foruko EH Bilduk udal aurrekontuetarako negoziaketetan adostasunik lortu ez izanagatik kezka agertu du
EAJren udal gobernuagaz ez dutela adostasunik lortu adierazi dute EH Bilduko zinegotziek: “Foruko EH Bilduk bere atsekabea adierazi nahi du 2024ko Foruko aurrekontuak EAJko alkatetzarekin adosteko egon diren elkarrizketen ondoren akordiorik lortu ez izanagatik. EAJrekin adostasunera heltzeko aukerak egon diren arren, jeltzaleek ez dute aurrera urratsik eman gura izan EH Bildurekin elkarlanean Forurentzat hobeak izango liratekeen aurrekontuak onartzeko”.
Euskara eta euskal kultura indarberritzeko politikei dagokienez, udalean eta herrian euskara “indarberritu eta lehenesteko” politikak sustatzeko, Forua Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (Uema) sartzea proposatu du koalizio abertzaleak.
Era berean, heldu zein gazteentzako urteko kultur programazio jarraituaren ezarpena ere beharrezkoa dela helarazi diote udal gobernu taldeari.
Ingurumen jasangarritasuna sustatzeko politikei ere ekarpena egin diete. Energia arloan hurrengo urteetan energia kontsumoa murrizteko plana diseinatzea proposatu dute, baita udalerrian energia komunitate bat sortzea ere. Hondakinen bilketari dagokionez, organikoa birziklatzeko berariazko kanpaina egitea eskatu dute.
Basogintza politiketan lurjabeei aholkularitza eman eta baso kudeaketa eredu desberdinak sustatzeko proposamena luzatu dute, eta horrekin batera, udalak baso lurrak erostea edota lur-jabeekin lagapen akordioak sinatzea.
Zaintza politikak ere oso garrantzitsuak dira EH Bilduko zinegotzientzat, eta udalak zaintzari buruzko diagnostikoa osatzea proposatu dute: zenbat pertsona bizi diren bakarrik, zenbatek duten mendekotasuna, zenbat zaintzaile dauden eta horien lan baldintzak zeintzuk diren, Calabriaren egoera…
2024ko udal aurrekontuetarako koalizio abertzalekoen ekarpena hiru arlo nagusitan kokatu dela azaldu dute. “Proposatutako hobekuntzek aurrekontu osoaren %4 suposatu dute”. Hala, negoziaketek fruiturik eman ez badute ere, aurrera begira ere ekarpenak egin eta elkarlanerako prest agertu dira: “Foruko EH Bilduk aurrerantzean ere, adostasunean, herriarentzako onuragarriak izango diren proposamenak egiten jarraitzeko konpromisoari eusten dio”.