ETSren plataforma logistikoa herrigunetik kentzeko eskatu dute herritarrek
Herritarrek Gernika-Lumoko Udalari eskatu diote zarataren neurketa berriak egiteko, eta horiek egin ostean, ETSri neurri zuzentzaileak hartzeko eskatzeko.
Euskal Trenbide Sareak Gernika-Lumoko geltoki inguruan jarritako plataforma logistikoak gauetan sortzen duen zarataz kexu dira inguru horretako bizilagunak. ETSk 2012az geroztik du Gernika-Lumoko tren geltoki ondoan bere plataforma logistikoa, makinaria astuna eta obretarako materialak edukitzeko erabili duena. Hamalau urtetan, makina astunak, harriak, zementua edo bestelako materialak gune horretan prestatu eta Zornotza eta Bermeo arteko trenbidean edozein gunetan mantentze lanak egiteko erabili dituzela azaldu dute bizilagunek, eta salatu dute hori guztia gauez egiten dutela: “Plataforma logistiko hori hirigune batean dago, eta Gernikako bizilagunen loa kaltetu du azken urteetan“. Hala, hirigunetik plataforma logistikoa kentzeko eskatu dute, beste behin.
Auzokideek salatu dute “ezer gutxi” aldatu dela salaketak jartzen hasi zirenetik, duela 11 urtetik. Diotenez, 23:00etan makinak martxan jartzen zituzten lehen, eta “ordubetez motorrak piztuta eta zarata ateratzen edukitzen zituzten”, Bermeo eta Zornotzako beste gune batera abiatzeko obrak egitera: “Aipatzekoa da goizaldeko ordu horietan makinek aparkatu egiten dutela zarata ateraz, zeinek motorrek sortutako zarata areagotzen baitu”. Gero, 04:00etan bultatu eta beste ordubetez “motorrak martxan” egoten zirela salatu dute. “Sarri, 23:00etan kamioi batek harriak ekartzen zituen, eta zementua egiten hasten ziren”, azaldu dute auzokideek.
Hori gutxi balitz, auzokideek salatu dute urtarrilaren 8tik gaur arte “okerrera” egin dutela gaueko zaratek: “Orain arte, urteko 90 gautan sufritzen genituen zaratak gauero sufritzen ditugu orain. Izugarrizko jarduera industriala dago gauero”. Izugarrizko jarduera industriala dago gauero. Jakinarazi dutenez, 22:30ean hasten dira lanean, eta 06:00ak arte egoten dira. Makinak, garabiak, hondeamakinak, orgak, rotaflexak… denetariko makina astunak martxan egoten direla esan dute.
Gehitu dute gune logistiko horretan egunez ere mantenu eta konponketa lanak egiten dituztela, eta beraz, leihoak zabalik edukita izatea edo etxeak aireztatzea “ezinezkoa” dela euren osasunerako.
Borroka luzea.
2012az geroztik bizi dute egoera hori trenbide ondoan bizi diren bizilagunek, eta hainbat salaketa jarri izan dituzte bai udalean, bai ETSn. 2016 eta 2019 artean ETSri eta udalari gutunak bidali zizkieten, 2020an abokatuen bidez salaketa jarri zuten, eta iazko abenduan ere ETSri urte luzeetako borroka jasotzen duen gutuna bidali zioten; oraindik ez dute erantzunik jaso.
Egoera egoera, gogoratu dute 2016an Gernika-Lumoko Udalak zaraten neurketa bat egin zuela, kalitaterako legeak jasotzen dituen mugak gainditu egiten ziren edo ez jakiteko. Eta, aitortu dute, erregistroak “oso altuak” zirela, kasu askotan 65 dezibelioak gainditzen zituztela, baita 70 dezibelioak ere. Hori dela eta, une horretako ingurumen arloko zinegotziak, Maria Uribek, ETSri gutun bat bidali ziola adierazi dute, “makina astunak hirigunetik kanpoko gune batera eroateko eta hori gauzatu arte neurri zuzentzaileak ezartzeko” eskatuz, sortarazitako hots kutsadura murrizteko helburuz. ETSren erantzunean, 213/2012 Dekretuaren 30. artikulua aipatu zuten, eta horretan, azpiegituraren titularrak aipatutako helburuak betetzera zuzendutako neurri zuzentzaileak definitu beharko dituela jaso zuen. Hala ere, ETSk ez duela “ezer aldatu” diote auzokideek, ez delako gune logistikoa lekuz aldatu eta eurek ere ez dituztelako neurri zuzentzaileak nabaritu: “Ez omen da kontuan hartu herritarren eskubidea osasunerako eta pribatutasunerako”.
Onartu dute zaratengatik aurkezten dituztela beti euren kexak, baina aire kutsadura ere “arazo larria” dela. “Auzokideok ezin dugu datozen urte bietan lo egin barik bizi: lo gabe, estresatuta, botikak hartuz… Abandonatuta sentitzen gara kalitate akustikoa bermatu eta gure osasuna eta ongizatea babestu ebhar dituzten enpresen eta instituzio publikoen partetik”, adierazi dute.
Eskaerak.
Bizilagunen egoera “jasanezina” da, eta eskatu dute Gernika-Lumoko tren geltokiko ETSren gune logistikoa hirugunetik kanpora eramatea. Hori gauzatu bitartean, aldarrikatu dute tren geltoki inguruan bizi diren herritarren kalitate akustikoa eta airekoa bermatzeko neurri zuzentzaileak hartzea, baita neurri horiei buruz ETSk hartuko dituen neurrien berri ematea ere.
Halaber, eskatu dute 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluko bi punturen arabera, sei hilabete gainditzen dituzten lanek beharrezkoa duten ikerketa akustikoaren emaitzaren berri ematea. Izan ere, ETSk ez duela egungo araudia bete esan dute auzokoek: “ETSk ez du abisurik eman, ez du komunikatu zenbat denbora eta gauez ariko diren, ez eta zein unetan ariko diren edo zelako zaratak aterako dituzten”.
Ze, gogoratu dute 213/2012 dekretuaren 44. artikuluaren arabera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hots kutsadurari buruzkoa den araudiak jasotzen duela, baimena ematen duen administrazioak neurriak aurreikusi beharko dituela herritarrei eragin diezazkieten kalteak ahal bezain beste murrizteko. Eta, era berean, gehitu dute ez ohiko egoera horren sorburuaren zein iraupenaren berri eman beharko dietela auzokideei. Eta, gainera, legearen arabera, sei hilabete baino gehiagoko iraupena izango dutela aurreikusten duten lanetan, eragin akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko dela jasotzen da, “egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko”. Eragin akustikoari buruzko ikerketa horretan aztertu beharrekoak ere aipatzen ditu legeak: “Aztertu beharko dira neurri zuzentzaile horietatik itxaroten diren onura akustikoak, zarata jasaten duten eremu akustiko edota etxebizitzetan zarata maila murrizteari dagozkionak”. Eta, gehitzen du, ikerketaren berri eman beharko zaiola “erasandako udalerriari”.
Legea kontutan izanda, bizilagunek salatu dute ez dela inolako zaraten neurketarik egin, Uribek 2016an egindakoaz geroztik, eta Gernika-Lumoko udalari eskatu diote zarataren neurketa berriak egiteko, eta horiek egin ostean, ETSri eskatzeko neurri zuzentzaileak hartzeko eta gune logistikoa hirigunetik kentzeko. “Oso nazkatuta gaude bizilagunak. Lo egiteko eskubidea aldarrikatzen dugu, eta plataforma logistikoa herrigunetik ateratzea. ETSk ez du baimenik behar gune logistiko hau izateko, baina bere jarduera egiteko bete egin beharko ditu kutsadurari dagozkion herriko araudiak zein EAEko 213/2012 kutsadura akustikoaren araudia. Eta hau ez du betetzen, ez orain, ez 2012an”.