Guggenheim Urdaibai proiektuaren ondorioak aztertuko dituzte Astran
'Guggenheim ez' dinamikak jardunaldi bat antolatu du zapatuan, Gernika-Lumoko Astran, Guggenheim proiektuak izan ditzakeen ondorio ekologiko zein sozioekonomikoak aztertzeko. Bazkarirako tiketak bihar arte eskura daitezke.
Azken hilabeteetan bolo-bolo dabilen gaia da Urdaibaiko Guggenheim proiektuarena, eta horri buruz hausnartzeko espazio irekia sortu gura du Guggenheim Ez dinamikak. Hori dela eta, proiektuaren ondorio ekologiko zein sozioekonomikoak aztertzeko hitzordua jarri dute zapaturako; 11:00etan hasita, Astran bilduko dira herritarrak.
Urdaibaiko Biosfera Erreserban egin gura duten “enegarren proiektu suntsitzailea” dela diote: “Badirudi ekosistemen zaintza bigarren plano batera pasatzen dela elite ekonomikoei etekin handiak lortzeko aukera sortzen zaienean”. Hori dela eta, langileak proiektuaren aurka antolatzeko beharra ikusi zuten, eta Guggenheim Ez dinamika irekia abiatu zuten, “Guggenheim proiektuaren aurka antolatzeko asmoz”, eta asanbladak edo bestelako jarduerak antolatzeko.
“Irailean abiatu genuen dinamika, ze ikusi genuen Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren kontrako iritzi bat badagoela eskualdean, baina horri aurre egiteko espazioak irmo eta aktiboak falta zirela”, adierazi dute dinamikako antolatzaileek. Gehitu dute “beharrizana” dagoela proiektu horrek eskualdera ekar ditzakeen ondorioak aztertzeko. “Horren harira hasi ginen antolatzen, asanblada irekien bitartez. Hau da, edonork parte hartzeko asanbladak antolatzen aritu gara, eta aurkezpenak ere egin ditugu herri desberdinetan”.
Helburu horri jarraiki antolatu dituzte jardunaldiak: “Makroproiektuaren berri eman zenetik informazio oso gutxi izan dugu eskuragarri, eta ailegatu zaigun gehiena propaganda hutsa izan da; eskualdera aberastasuna eta jasangarritasuna ekarriko digula esanez. Baina, errealitatea da, Urdaibairen turistifikazio prozesu sakon baten barruan kokatu behar den proiektua dela, ondorio kaltegarriak izango dituena bai naturan, bai langile klasearen lan eta bizi baldintzetan”.
Hain zuzen ere, proiektuak eragin dezakeen inpaktu ekologikoa “oso handia” izan daitekeela erakutsiko dute, baina aspektu sozioekonomikoetan sakontzeko aukera ere bilatu gura izan dute: etxebizitzen prezioekin zer gertatuko den aztertzeko, sortuko diren lanak zelakoak diren kantzeko, edota garraioen gorakadari buruz hausnartzeko tartea hartuko dute. Arlo horiek lantzea ere “oso garrantzitsua” dela uste dute, eta horretarako bideratu dituzte jardunaldiak; hau da, hausnarketa kolektiboa bultzatzeko eta proiektuaren aurrean antolatzen segitzeko.
“Uste dugu talde ezberdinak badabiltzala arlo judizialean eztabaida lantzen, edo alderdi politikoek euren iritziak kaleratu dituztela, baina garrantzitsua da kalean herritarrengandik eurengandik sortutako espazio ireki eta aktiboak bermatzea”, adierazi dute antolatzaileek. Edonork parte hartzeko espazioak direla azpimarratu dute.
JARDUNALDIAK
— Guggenheim EZ! (@Guggenheim_EZ) January 31, 2024
Otsailak 17
Gernika-Lumo
Astra
Guggenheim ez! Urdaibairen suntsipenaren negozioa gelditu dezagun! pic.twitter.com/goRJYZs9jG
Jardunaldiari begira, goizean, “makroproiektuei” buruzko adibide ezberdinak landuko dituzte: “Ekosistemaren suntsiketa ez dela bakarrik gure eskualdean gertatzen den zerbait ikusarazi gura dugu, izan ere, enpresa zein alderdi politikoek bultzatzen dituzten proiektu handiek ondorio nabarmenak eragin ditzaketela erakutsi gura dugu”. Hori dela eta, ikuspegi orokor hori lantzeko, Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoek, Sañu Bizirikekoek (Azpeitiko Eolikoen aurkako taldea) eta Arabako Mendiak Aske taldekoek parte hartuko dute mahainguruan. “Ekosistemaren suntsiketari zelan aurre egin ahal diogun aztertuko dugu, baita zein norabide hartu behar dugun landu ere”, aitortu dute.
Arratsaldeko hitzaldian, berriz, beste herri batzuetako adibideak oinarri hartuta, horien aspektu ekologikoetan bai, baina sozioekonomikoetan sakonduko dute: “Guggenheim badator zer aurreikusi dezakegun aztertu gura dugu. Bilbon Guggenheim egoteak ze aldaketa eragin dituen ikusiko dugu, edo ekoturismoak beste gune batzuetan eragin dituen ondorioak zeintzuk izan diren”.
Bi saio horien artean, bazkarian elkartuko dira parte hartzaileak Astran, eta bazkaltzeko tiketak bihar arte lor daitezke Katun, Iparren, Aterpen edota sare sozialetan idatzita (@guggenheim_ez eta @guggenheim_Ez). Iluntzean, gainera, aisialdirako aukera bat eskaintzeko asmoz, bertsopoteoa egingo dute herriko tabernetatik.
Herritarrei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.
Egitaraua.
11:30. Proiektu txikitzaileen aurkako esperientziei buruzko mahaingurua. Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoek, Sañu Bizirikekoek (Azpeitiko Eolikoen aurkako taldea) eta Arabako Mendiak Aske taldekoek parte hartuko dute.
14:00. Bazkaria.
17:00. Hitzaldia: Guggenheim, ez hemen ez inon!.
19:00. Bertso poteoa tabernetatik, Andoni Egaña, Maialen Akizu eta Gorka Pagonabarragagaz.