Segurtasuna bermatu asmoz, hobekuntza lanak egin dituzte Bermeoko Fielato enparantzan
Bermeoko Udalak herrian dauden puntu beltzak identifikatzeko lanekin segitzen du, herritarren segurtasuna bermatzea baita udalaren “helburu nagusietako bat”. Fielato enparantza zen puntu horietako bat, eta bertan azken urteetan izan diren istripuak saihestu asmoz, irtenbide bat bilatzen saiatu dira. Modu horretara, azken aldian zenbait hobekuntza lan egiten ibili dira, eta horiek amaitu dituztela jakinarazi dute. “Herritar asko guregana hurbildu dira Fielatoko aldatseko arazoari konponbidea bilatzeko eskatuz. Lanean jarri ginen, herritarren segurtasuna bermatzea delako Bermeoko Udalaren helburu nagusietako bat. Uste dugu barandekin eta pasa den asteko lanekin Fielato ingurua seguruagoa izatea lortu dugula”, esan du Xabier Ortuzar Butron zerbitzuetako zinegotziak.
Hain zuzen ere, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Prestakuntza, Enplegu, Orientazio eta Laguntza proiektuaren barruan dauden zazpi langileak eta udal langileak lurzoruan higadura eta markatze lanak egiten aritu ziren aurreko astean. “Lehenago, iazko abenduan, barandak luzatu zituzten alde batean, eta, bestean, berriz, baranda berritu zuten”. Lan horietarako 1.879,13 euroko inbertsioa egin zuten. Bermeoko Behargintzatik jakitera eman dutenez, gaur gaurkoz hamalau pertsonak osatzen dute taldea.