Lehenengo Errepublikaren 151. urteurrena gogoratu dute 40 lagun inguruk
Pipergorri eta Euskal Herriko talde errepublikazaleak Gernika-Lumon elkartu ziren domekan, 1873ko otsailaren 11ko Lehenengo Errepublika gogoratzeko oroitzapen ibilbide errepublikarrean.
Gernika-Lumoko Pipergorri eta Euskal Herriko talde errepublikazaleak Gernika-Lumon elkartu ziren domekan [otsailak 11], 1873ko otsailaren 11ko Lehenengo Errepublikaren 151. urteurreneko oroitzapen ibilbide errepublikarrean. 40 lagunek parte hartu zuten, eta Pipergorrikoek emandako azalpen guztiak adi-adi jarraitu zituzten: “Oso positiboa izan da jardunaldia, eta eguraldia lagun, primeran bete da aurretiaz prestatutako ibilbidea”.
Aitatutako ibilbidean, Gernikan Bigarren Errepublikagaz zerikusia duten leku berezietara gerturatu ziren, eta, horietan, konpromiso errepublikazalea zuten pertsonak gogoratu zituzten, “gernikarren gizartean euren eragina bizirik mantendu zutelako”. Ismael Lopez Frances alkatea, Sebero Altube alkatea, Jose Labauria alkatea edo udal korporazioko kide izandako Domingo Alegria, Francisco Alegria, Romualdo Elgezabak, Juan Carlos Iturri, Clemente Briñas, Rafael Vargas… eta beste hainbeste gogoratu zituzten, lehenengo errepresio frankistan kartzelan egon zirenak edota fusilatuak –Iturri eta Briñas– izan zirenak. “Garrantzi handikoa da ondo ezagutzea zer pasatu zen II. Errepublikan, ze udal erakundeetako, alderdi politikoetako edo sindikatuetako kargu publikoak ozan ziren gerra osteko errepresioaren lehen jazarpena sufritu zutenak”, azaldu dute Pipergorrikoek.
Horren harira, Jose Labauria plazan, Domingo Alegrian eta egungo Adolfo Urioste kaleetan egon ziren. Izan ere, azken kale horretan kokatu zen orduan Zentro Errepublikarra, Cafe Modernoan –gaur egun Lejarraga Bitxitegia eta De Carlosen Estankoaren lekuan–, eta leku berean egon zen, baita ere, Casa del Pueblo sozialisten txokoa.
Tren geltokiaren ondoan, Ander Delgado historialari gernikarren teoriei heldu eta Gernikaren bilakaera azaldu zuten; hau da, udalerria nekazarien eta dendari artisauen gizartea izatetik zerbitzu eta industria gizarte izatera zelan pasatu zen aztertu zuten. Merkuriotik eta Pasealekutik ere pasatu ziren, Batzarretxerako bidean. Horrez gain, odol ospitaleak gogoratzeko Josefinen erresidentzia ere igaro zuten, Zallora bidean.
Ibilbidearen hasiera gaur egungo Gernika BHI Institutua izan zen, antzina Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarra (1938-1940) egon zen lekua, eta 269 preso errepublikar hil ziren gunea; gaixotasun infekzioso larriak jota hil ziren gehienak ospitalean, %80 inguru tuberkulosiak, tifusak edo antzeko gaixotasunek eraginda. Hain zuzen ere, horiek gogoratzeko Zalloko hilerrian jarritako 269 Memoriala izan zen ibilbidera bertaratu zirenek bisitatu zuten azken lekua. “Leku biak erreferentziako elementuak dira Gernikan”.